Oskar Tejedor. 'Cuidadores' dokumentalaren egilea

«Dramatismotik ihes egitea izan da nire erronka une oro»

Alzheimer gaitza erien zaintzaileen ikuspegitik erakusten du Tejedorren lan berriak. «Nire aitari eta amari eginiko omenaldia da, eta beren bizitzan eta bihotzean sartzen utzi didaten zaintzaileei».

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Gaitz degeneratibo batek jo zuen haren aita, eta urteetan amak nola zaindu zuen ikusi zuen Oskar Tejedorrek (Legazpi, Gipuzkoa, 1968). Bizipen horrek eraman du Cuidadores dokumentala egitera, eta «terapia bat» izan dela dio, «gizatiarragoa» izaten irakatsi diola. «Zabalik zegoen orri askoko liburu bat zen, eta ez nion amaiera topatzen; liburu hori itxi dut». Halako gaitzak dituzten senideak zaintzen dituztenak dira filmaren ardatza. Bere gurasoei ez ezik, haiei eginiko omenaldia ere bada lana, «beren bizitzan eta bihotzean sartzen» utzi baitiote. Lau urte eman ditu haiekin, eta azken urte eta erdia grabaketa lanetan. «Bakoitzaren bilakaera emozionala ikusi nahi nuen, eta denbora behar nuen horretarako».

Donostia, Bilbo, Gasteiz, Madril eta Bartzelonako aretoetan ostiralean estreinatuko dute dokumentala. Gizartea sentsibilizatzeko balio izatea nahiko luke zuzendariak, baita halako gaitzekin lotura duten elkarte, zientzialari eta herritarrentzat tresna baliagarria izatea ere.

Gero eta film gehiagok lantzen dute alzheimerraren gaia, baina gehienetan gaixoa bera da ardatza. Zaintzaileari erreparatu diozu zuk. Zergatik?

Asko hitz egiten ari da alzheimerraren inguruan, baina beti ahazten da zaintzailea, gaitza gehien sufritzen duena; gaixoaren gaitasun psikikoak pixkanaka kaskartuz doaz, eta zaintzaileak jartzen die ahotsa haren erabaki guztiei. Zaintzaileen bilakaera emozionala aztertzea interesatzen zitzaidan, ahotsa ematea pertsona anonimo, heroi horiei, lan handia egiten baitute, itzalean egon arren.

Talde heterogeneoa aurkezten duzu filmean, oso izaera eta egoera ezberdina duten pertsonak. Zein irizpideren arabera osatu zenuen taldea?

Hautaketa bat egitea garrantzitsua zen, gaixoarekin zuten harremanaren arabera, tipologia ezberdineko pertsonak izateko. Halaber, garrantzitsua zen ikustea zein unetan zeuden, ezberdinak baitira gaitzaren hastapena eta hura barneratzea, erabakiak hartzen hastea, edo dolua bera.

Beren bizipen intimoak kontatu dituzte kamera aurrean. Nola lortu duzu haiek modu horretan biluztea?

Hipotesi jakin batzuetatik abiatu naiz, eta horien funtsa da nik egoera hori bizi izan dudala; beraz, dagoeneko hizkera eta kode berean ari ginen hizketan. Ezagutza horrek harira joateko modua eman dit. Denbora asko pasatu nuen haiei entzuten, eta ez nintzen zuzenean haien bizitza pertsonalean sartu; taldeko terapietara joaten eta haiek grabatzen denbora asko pasatu nuen, eta poliki-poliki, haien etxean sartzen joan naiz.

Hain zuzen, taldekako bileretan ez ezik, beren etxeetaan filmatu dituzu. Nolakoa izan da prozesua?

Ez nituen tresna askorekin estutu nahi, eta, horregatik, soilik kamerari batekin eta soinu teknikari batekin aritu naiz. Halaber, familia bakoitzaren egoerara egokitu gara. Haiek eskaintzen zuten guztia jaso nahi nuen, eta kamerak haien egunerokoan ez eragitea.

«Inork ez dit galdetzen zer moduz nagoen», dio zaintzaileetako batek. Bakardadeaz mintzo da beste bat. Gizartean zaintzaileak oraindik ere ez dira ikusten?

Gehienak ez, batez ere nekazaritza guneetan. Ez da gaitzaz hitz egiten; agian orain gehiago agertzen ari da, baina urte askoan ezkutatu egin da, eta gaitza ez bada ikusten, nola jakingo dugu zaintzaileak zer sufritzen duen? Komunikatzeko beharra dute; oso denbora luzeez ari gara, eta sentipen maratoi bat da. Egunero erabakiak hartu behar dituzte, eta horretan bakarrik sentitzen dira, ez soilik lagunek, askotan senideek ere ez baitute ikusten jasaten ari diren prozesu emozionala, eta azkenerako gaixotu egin zaitezke.

Hain zuzen, amaren zaintzan zentratu eta bere buruaz ahanzten denik ere bada filmean. Zaintzailea zaindu beharra nabarmendu nahi zenuen?

Horixe da, uste dut pertsona horrek islatzen duela dokumentalaren tesia. Izugarri kostatzen zaie ardurak beste pertsonengan uztea. Adibidez, batek dio ahal zuen guztia egin duela, baina ez dakiela nahikoa egin ote duen. Egin beharko luketen guztia egin ez izanaren sentipena dute beti, erabaki oro bihotzarekin hartu arren eta eria zaintzeko edozer gauza egiteko prest dauden arren. Lur jota uzten zaitu hori ikusteak.

Erruduntasun sentimendu hori zergatik sortzen zaie, zure ustez?

Badu azalpen bat: haur bat zaintzean interakzio bat dago, eta azkenean ordain bat jasotzen da. Aldiz, halako gaixo bat zaintzean ez dute aitortza hori; alderantziz, une batzuetan oldarkor agertzen zaie eta jasotzen duten erantzun bakarra hori denean, ongi ari ote diren zalantzan jartzen dute. Horregatik da garrantzitsua gizarteak haien lana aitortzea errudun sentimendurik izan ez dezaten.

Komertzialki, halako gai baten inguruan lan bat sortzea, dokumentala gainera, ez al da arriskatuegia?

Erabat! Den-dena nuen kontra!Dokumental korala da, eta jendeak dio horrek ez dizula uzten pertsonaien esentzian sartzen. Bestalde, gaia; jendeak ez du nahi halako konturik ikusi nahi. Beraz, nire erronka dramatismotik ihes egitea izan da une oro, eta istorioari buelta ematea, hau da, zergatik ez hainbeste merezi duten pertsona horiek heroi bihurtu? Eta hori edonork ulertzeko moduko hizkera batean, norbaitek bihotzetik hitz egiten dizunean ezin baituzu hutsik egin.

Gaur egungo gizarteko arazoak lantzen dituzten dokumentalen arloan zabiltza azkenaldian. Halakoek badute indarrik gizartean eragiteko?

Gogoko ditut gai sozialak eta gogoko dut halako hizkera eta estiloa duten dokumentalak egitea. Egungo gizarte deshumanizatu, globalizatu eta indibidualizatuan norbera bere ekarpentxoa egiten saiatzea garrantzitsua iruditzen zait, eta halako dokumentalekin saiatzen naiz gizartea sentsibilizatzen, bestelako errealitate batzuk badaudela ikusarazten. Bizitza anonimoak berreskuratzea eta erdigunea haiengan jartzea gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.