D'Riberak irekiko du bihar 365 Jazz Bilbao egitaraua

Jazz afrikarra, latinoa, abangoardiakoa zein folk ukitukoa dakartza, besteak beste, jazz denboraldi berriak

Jon Fernandez.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Nazioarteko hainbat jazz izarrek osatzen dute aurtengo 365 Jazz Bilbaoegitaraua. Bestek beste, Stacey Kent abeslari britainiarrak, Brad Mehldau pianista estatubatuarrak eta Paquito D'Rivera klarinetista kubatarrak eskainiko dituzte kontzertuak Bilboko jazz denboraldian.

Bilbao 700 Fundazioak antolatutako 32 kontzertuen artean zazpi nabarmendu dituzte antolatzaileek. Lehena bihar emango du Vana Gierig pianistak, Paquito D'Rivera klarinetistarekin batera, Campos antzokian. Martxoaren 25ean, Brad Mehldauren txanda izango da, Bilboko Filarmonika Elkartearen aretoan. Jazz garaikideko pianoaren ahots liriko eta intimoenetako bat da Mehldau, eta gaur egungo jazz musikari estimatuenetariko bat. Fusioa lantzen duen Omar Sosa Afreecanos Quartet laukoteak apirilaren 23an emango du kontzertua Campos antzokian. Eta maiatzaren 19an, Madeleine Peyroux abeslariak Bare Bones (Esentzia)bere azken diskoa aurkeztuko du Bilboko Filarmonika Elkartearen aretoan.

Udazkenean, urriaren 6an, Belmondo anaiek sortutako Belmondo Quintet boskoteak emango du kontzertua Guggenheim museoan. Jazz erromantikoa entzuteko aukera Stacey Kent abeslariak ekarriko du azaroaren 11an Bilboko Filarmonika Elkartearen aretora. Azkenik, Michael Mossman tronpeta eta tronboi jotzaile estatubatuarrak bi kontzertu egingo ditu Euskalduna jauregian, abenduaren 1ean eta 2an, Bilboko Orkestra Sinfonikoa lagun duela.

Kontzertuak hoteletan

Ez dira kontzertuetarako ohiko kokalekuak izaten, baina 365 Jazz Bilbao egitaraueko gainontzeko 24 kontzertuak hoteletan egingo dira, Bilboko Domine, Hesperia eta Indautxu hoteletan izango dira, hain zuzen ere. Besteak beste, Daniel Amat Quartet, Chris Kase Quartet, Vistel Brothers eta Pepe Rivero hirukotea igoko dira oholtzara.

Bestalde, nazioarteko jazzlariak ez ezik, Euskal Herriko musikariak ere egongo dira tartean: Jon Urrutia hirukotea, Gorka Benitez laukotea, Iñaki Arakistain hirukotea, Itxaso laukotea, Iñaki Salvador laukotea, Mikel Bikandi laukotea eta Miguel Salvador Project taldea, beste zenbaiten artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.