AURKIKUNTZA

Duela 14.500 urte inguruko hezurrezko bi haga apaindu agertu dira Azpeitiko Ezkuztan leize-zuloan

Iberiar penintsulan gisakorik ez dela eta Izturitzekoekin ahaidetuta daudela diote adituek.

Duela 14.000 urteko hagaxkak, Ezkuzta kobazuloan topatutakoak. ANDONI CANELLADA, ARP
Juan Luis Zabala
2014ko azaroaren 5a
14:55
Entzun

Grabatu sakonekin apainduako duela 14.500 urte inguruko bi haga aurkitu dituzte Azpeitiko (Gipuzkoa) Ezkuzta leize-zuloko indusketetan, Izturitzeko (Nafarroa Beherea) leize-zulokoekin “ahaidetzeko modukoak”, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoen iritziz. Madeleine aldiko erdikoak dela uste da, eta haien kalitatea aintzat harturik “Iberiako Penintsula osoan" pieza "bakarrak” direla adierazi dute. Duela 14.500 urte inguruko Urolako bizilagunek orduko Ipar Euskal Herrikoekin harremanak bazituztela dioen hipoetsia indartu du aurkikuntzak.

Aurkikuntza Azpeitiko Antxieta taldeak egin du, Mari Jose Iriarte Ikerbasqueko Prehistoria Ikerkuntza Taldeko ikertzaile eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak gidatuta.

Gipuzkoan aurten egindako indusketen emaitzak aurkeztean eman dute Ezkuztako ezusteko aurkikuntzaren berri Aranzadi Zeintzia Elkarteko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. Aurtengo indusketen beste emaitza garrantzitsu bat Praileaitz leize-zuloaren bigarren sarrerarena izan da, duela bi hilabete aurkeztua. Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatuak gogoratu du Jaurlaritzak ez diola oraindik erantzunik eman Gipuzkoako Aldundiak Praileaitzko babes eremua ehun metrora zabaltzeko egindako eskariari.  

Horrez gain, Badiolak iragarri du akordio batera iritsi direla Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlarotza, gaur egun Donostiako Intxaurrondo auzoko lokal batean gordeta dauden pieza arkeologikoak Irungo Gordailua Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentrora eramateko. Orotara 600.000 pieza garraiatuko dituzte, 72.000 kutxatan bilduta.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.