Sorpresaz hartu zuten aurkikuntza Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek. Emozio handiz ere bai. Suntsitutzat jotzen zen Askondoko kobako aztarnategia eta, beraz, ez zuten askorik espero bertan. Baina handia izan zen ezustea. Euskal Herriko paleolito garaiko horma irudi aztarnategi garrantzitsuenetariko bat topatu dute.
2011n sartu ziren lehenegoz, eta sarreran bertan aurkitu zuten lehen ezustea: zaldi buru batzuk. "Harridura ikaragarria izan zen, ia ezinezkoa zen Askondokoaren moduko koba batean halako kalitateko eta aintzinatasuneko margolanik mantentzea".
Bi urteko ikerketa lanaren ostean, azterketa osoaren ondorioak aurkeztu dituzte orain. Eta lehen mailakoa dira bildu dituzten aztarnak. Horma irudiak nabarmendu dituzte. 35 figura orotara: hainbat lerro eta irudi geometriko, neurri handiko 9 zaldi, zehaztu gabeko animalia bat, eta baita gizaki baten esku baten irudia ere. Arkeologoek egindako datazioaren arabera, 23.000 bat urte badituzte irudi horiek, eta gravettiar arokoak dira. Euskal Herrian orain arte aurkitutako zaharrenetariko batzuk.
Gutxi dira gurean halako piezak dituzten aztarnategiak, Garate eta Riosen hitzetan, eta handia da horregatik Askonodoko kobaren garrantzia. Ez soilik margolanengatik, baina margolanengatik, batez ere. Irudien datazioa ezin izan dute zuzenean egin, baina horman sarturik aurkitutako animalia hezur batek lagundu ditu datazio erlatiboa egiten. C-14 frogak egin dizkiote hezurrari, eta orain 23.8000 urtekoa dela zehaztu ahal izan dute. Eta irudien ikerketa estilistikoarekin bat egiten du datazio horrek. Horregatik ondorioztatu ahal izan dute margolanak ere garaitsukoak direla. Haien estiloagatik, eta haiekin batera aurkitutako hezur horri esker. Zaldien neurria ere nabarmendu dute ikerlariek, bi metro luze badirelako haietariko batzuk.
Neandertalak eta hartzak
Ez dituzte margolanak soilik aurkitu, ordea. Koba barruan egindako indusketetan, orain 60.000 urte, Neanderhalak leize barruan izan zirela ere ondorioztatu dute, bertan aurkitu dituzten harriz egindako erremintei esker. Geruzaz geruza ikertu dute lurra zenbait gunetan, garaiz garaiz, eta kobak azken 60.000 urteetan izandako okupazioaren errejistro bat ere egin ahal izan dute horri esker. Silexez egindako erremintak aurkitu dituzte, hezurrez sortutako tresnak, eta baita orain 3.300 urte inguruko hildakoen arrastoak ere. Brontze Aroan leizea hilobi gisa erabili baitzuten inguru harteko biztanleek. Garaiz garai izan diren klima aldaketak ere aztertu ahalko dira, gainera, geruzaz geruza aurkitutako intsektu eta animalien arrastoei esker.
Hartz hezur batzuk ere aurkitu dituzte koban, eta aztarna horien garrantzia azpimarratu du Rios arkeologoak. Oso ohikoa zen haitzuloko hartza Euskal Herrian, eta Europa osoan, baina desagertu egin zen orain 25.000 bat urte. Eta hain zuzen ere garai horretakoak dira Mañarian aurkitu dituzten hezurrak. Eta datazio horrek bilakatzen ditu garrantzitsu. "Europako kobazulo hartzen aztarnarik berrienak dira hauek", azaldu du arkeologoak. "Horrek ezinbesteko erreferentzia bilakatuko du Askondo, hartz horien inguruan lan egin nahi duten ikerlarientzat".