Durangoko Azoka

Durangoko Azokak 400 nobedade eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago izango ditu aurten

Landako gunea izango da erdigunea, eta azokako zortzi guneetara zabalduko da egitaraua. Argizaiola saria sormen beka bilakatuko du Gerediaga elkarteak aurrerantzean.

Durangoko Azokaren aurkezpena. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko azaroaren 21a
12:56
Entzun

Hirugarren urtez jarraian, bost egun izango ditu Durangoko Azokak. Abenduaren 6tik 10era antolatu du 52. edizioa Gerediaga elkarteak, eta ekitaldiaren datu nagusiak aurkeztu dituzte Durangoko Plateruena kafe antzokian. “Durango sorkuntzaz beteko dugu”, azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. 260 erakusmahai izango dira, 145 parte hartzaile, 400 nobedade eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago, guztira, azoka osatzen duten zortzi guneetan. Azokaren zortzi guneetako ordezkariekin batera egin du aurkezpena Mujikak, eta 30 sortzaile eta kultur eragile inguru ere izan dira aurkezpenean.

Argizaiola saria da urteko nobedade nagusia. Saria eten egingo dute aurten, eta sormen beka bat jarriko dute martxan haren ordez. Durangoko Azokan bertan azalduko dituzte zehaztasun guztiak. Urtebeteko sorkuntza beka bat izango dela aurreratu dute oraingoz. Abenduaren 8an izango da hori, eta ekitaldiaren izenak ematen du antolatzaileen asmoaren berri: Omentzetik ereitera. Orain arte Argizaiola saria jaso duten guztiak omenduko ditu azokak, eta ekitaldi horretan aurkeztuko dituzte bekaren nondik norako guztiak. Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu du aldaketaren zergatia: “Herri honetako sortzaile berriek asko dute guri emateko”.

Aurrekontuak, behera

646.000 eurokoa izango da aurtengo aurrekontua. Iazkoa baino %4 txikiagoa da. Erakunde publikoek eutsi egin diote azken urteetako diru babesari, eta, beraz, Gerediaga elkarteko lehendakariak zehaztu duenez, babesle pribatuen jaitsierak ekarri du beherakada. Azokaren eragin ekonomikoa nabarmendu du, halere, Mujikak. “Aurrekontu horrekin azokak egiten duen ekarpena handia da transmisio eta zabalkundeari dagokionez, eta handia da baita sektoreari eta Durangaldeari egiten dion ekarpena ere. Kalkulatzen dugunez, inbertitzen den euro bakoitzeko hamar etortzen dira bueltan”.

Ahotsenea guneak aurten hamargarren aldia izango du. Pozik azaldu da horregatik Lutxo Egia gunearen koordinatzailea, baina, azaldu duenez, hasierako filosofia berari eusten diote oraindik ere. “Ahotsenea gauza txiki baten moduan hasi zen, aurkezpen batzuk eta akustiko batzuk, eta zabalduz eta zabalduz joan da, baina, filosofiari dagokionez, berdin-berdin segitzen du. Plaza bat da, non sortzaileak urteko lana aurkeztu ahal duen”. Zehaztu duenez, aurten, esaterako, 125 ekitaldi inguru izango dira. Solasaldiak, aurkezpenak, kontzertuak eta performanceak, tartean.

Erakusleiho handiaren parte

Plateruena guneak ere aurkeztu ditu aurten izango dituen kontzertuak. Iban Etxebarria koordinatzaileak eman ditu zehaztasunak: “Durangoko Azoka erakusleiho handi bat da sortzaileentzat, eta Plateruena da erakusleiho horren parte”. Formatu handiko kontzertuak egongo dira. Gauero izango da euskal talde bat, eta guztiek aurkeztuko dituzte lan berriak. Governors izango da abenduaren 6an; Arcada Social 7an; Audience arituko da zuzenean 8an; Glaukoma arituko da 9an, Kalima diskoa aurkezten, eta, azkenik, 10ean emanaldi bikoitza izango da: 13:00etan Zeze taldea izango da, eta Jabier Muguruza izango da gauean. Azken bi emanaldi horiek doakoak izango direla zehaztu du Etxebarriak.

Szenatokia gunean, antzezlanak ikusteko aukera izango da aurten ere. Urtero antolatu ohi duten antzerki maratoia moldatu egingo dute, ordea. Antzerki laginak eskaini beharrean, antzezlan laburrak eskainiko dituzte: lau pieza labur guztira. Goizez eta arratsaldez emanaldi bana izango dute. Eta, horrez gainera, hitzaldiak, antzerki ikuskizunak eta solasaldiak izango dira.

Gogoetaren plaza

Irudienea guneko programa “zabala eta orekatua” izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Kabi@ gunean, tailerrak, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu ditu. Saguganbaran, haur eta gazteei kultura gerturatzeko hitzaldiak, ekitaldiak eta aurkezpenak izango dira; Areto Nagusian ere, laugarren urtez antolatuko dute Gogoetaren plaza. Bertan izango dira, besteak beste, Miren Gaztañaga, Patxi Uharte Zaldieroa, Izaro, Jon Garaño eta Katixa Agirre hizlariak, eta Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugaz mahai ingurua ere antolatu dute.

Azoka TBk ere programa egingo du azokatik bertatik. Euskarazko tokian tokiko telebistetan emitituko dute saioa, eta, horrez gainera, sarean ere jarriko dute ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.