Dustin Hoffmani 60. urteurreneko Donostia sari berezia ematearekin bat amaituko da aurtengo Zinemaldia, gaur iluntzean. Quartet aurkeztu du Hoffmanek, zuzendari moduan egin duen lehendabiziko lana. Operako kantari ohiak dira filmeko protagonistak, erretiratu ostean zahar etxe batean elkarrekin bizi direnak. Verdiren urtebetetzea ospatzeko kontzertu bat antolatzen dute urtero, baina Reggieren emazte ohia heltzen denean tentsioak sortuko dira, diva batek gisara jokatuko baitu, kontzertuan abesteari muzin eginez. Azken batean, "alaitasunaren aldeko kantu bat" da, Hoffmanen irudiko.
Zuzendariak azaldu du oso gustura dagoela Donostian, baina ez dela ahantzi behar Zinemaldian "dena oso polita" den bitartean, kilometro gutxira jendea langabezian dagoela. "Garai ikaragarriak bizitzen ari gara, eta zaila da irribarre egitea. Hala ere, filmak horren aldarrikapena izan nahi du".
Hala, aktore profesionalekin aritu beharrean, benetako opera kantari erretiratuekin egin du lan. Orain emaitzak izango duen harreraz "kezkatuta" badago ere, prozesuan gozatu egin duela nabarmendu du Hoffmanek.