E. ESZENA. Larzabalen bidetik gaurko begiekin

Amikuzen sortutako Kitzikazan/k antzerki talde berriak 'Gaztetasunak erabiltzen nau' obra estreinatuko du gaur eta bihar Domintxinen

Nora Arbelbide Lete.
2006ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Behin batean herri lasai bat, Donapaleu izan daitekeena, Donibane Garazi, Hazparne edota beste gisa bereko bat. Ttipiegia hiri bat izateko, baina aldi berean, ez duena lotura zuzenik baserriarekin. Hor, gazte zenbaitzuek antzerki bat muntatzea erabakitzen dute. Laster, herri guztia inplikatuko da. Erretretadunak apainketaren egiten hasten direla, hautetsiek ere sudurra sartuko dute. Honen guztiaren erdian, gazteen arteko bi maitemintzen dira. Bata herriko mutikoa, bestea kanpotik etorri neska. Dena ongi doa, gertakari larri batek bien arteko harremana zalantzan jarri arte. Zenbait arazo agerian utziko dituenak. Hara bi hitzez laburbildurik hamar amikuztarrek sortu berria duten Kitzikazan/k antzerki taldearen Gaztetasunak erabiltzen nau obrak non kokatua duen mamia.

Mattin Irigoienek idatzia, istorio hau aitzakia gisa ikusi daiteke. Mota horretako herrietan aurkitzen den gizartearen funtzionamendua deskribatzeko aitzakia. Nonbait, Piarres Larzabal antzerki idazleak bere garaian egiten zuena, baina aldiz, kopiatu gabe. Nostalgiarik gabe, gaur egungo begiek dute aztertzen. Euskal Herri topiko baten iruditik ahal bezainbat urruntzea dute xede: «Gaurko jendarteko arketipoak atzematen ahalegindu gara. Publikoak bere burua ezagut dezan. Nahiz eta antzerkia euskaraz izan eta jendartea frantsesez bizi», esplikatu du Mattin Irigoienek. Ez edozein arketipo, haatik. Bistan baita mundua zein ongi itzulikatzen den erraiteak ez duela interesik antzerki talde honentzat. Ez. Zerbait erraitekotan, erraiten ez den hori dute azaleratu nahi. Tabu diren gai horiek: «Hor baita hunkitzen antzerkiaren funtsa. Interesa da horien inguruan sortzea publikoarekin elkarrizketa». Kasu honetan, jendeen arteko harremanez dira arduratu. Herriak azalean oreka atxikitzen badu, paradisu baten itxuran, horren lortzeko nola herritarrak elkarri kontrolatzen duten ohartarazten du emeki-emeki antzerkiak: «Bakoitzaren eginbeharren definizio partekatu bat bada. Nahiz eta ez den zehazki errana, denek badakite zein den. Konformismoa da nagusi. Hortik ateratzen dena etsaia da. Lanjerra da».

Sentitzen denak bakarrik du balio

Obraren bigarren hariak antzerkiari buruzko gogoeta bat proposatzen du. Antzerkiak bere barnean beste antzerki bat baitu. Gaztetasunak erabiltzen nau izena duen Zuberoako kantu zaharreko koplak berriz hartzen dituen antzerkia, preseski. Bi maitaleren bereizketa bat kontatzen duen hori hiru alditan errepikatuko dute antzerkian. Lehenean fartsa moduan jokatuko dute bi mutilek, alde homofobo bat erantsiz. Bigarrenenean nesken aldi izanen da, mutikoei erantzunez. Hor, euskaraz eta frantsesez emanen dute. Eta hirugarren bertsioa, berriz, gertakari larritik landa emanen dute delako bi maitaleek, bereizketa hori bizi izanetik landa. Gauzak sentitzea garrantzitsua baita Irigoienentzat: «Engaiatzen gaituzten gauzak aipatzeko balio baitu antzerkiak».

Preseski, Kitzikazan/kantzerki taldeak badaki zer den engaiatzearen kontu hori. Alabaina, lehen antzerki honen atzean zinezko proiektu bat dago horren atzean. Amikuzen gaindi ibiltzeaz gain, Euskal Herri osoan gaindi aritzea dute amets. Baita, bertara ekartzea kanpokoak. Izan ere, kultur talde gisa egituratu nahian daude antzerki talde egonkor bat sortuz Amikuzen, euskaraz. Euskara franko kinka larrian baita eskualde horretan bereziki. Zentzu horretan, talde hau han sortzea ez da kasualitatea, helburu bat baizik, Irigoienek zehaztu duenez: «Publikoa gomitatua da euskararen egunerokotasuna asumitzera. Amikuzen bada oraino euskara bizi duenik, bai adinetakoetan baita gazteetan ere. Gure parioetariko bat da lo den masa horren aktibatzea eta elkarretaratzea memento goxo baten inguruan. Istorioak aitzina jarrai dezala». Bazen hogei bat urte ez zela euskarazko antzerkirik muntatu bertan. Kitzikazan/k taldeko frangok jadanik antzerkia dastatu ahal izan dute, dela Donibane Garaziko Lizeoko antzerki tailerrean Antton Lukurekin, Kanboko Xalbador kolegioan edo han hemenka loratzen diren tailer zenbaitetan. Horiek horrela, garaia iritsia zela haiek berek pentsatu eta muntatzeko, ekin zioten lanari orain dela zenbait hilabete. Inprobisazioekin hasi eta, jalgi ideietarik die idatzia lana Irigoienek. Eta hortik, taula zuzendaritzan lagundu die, baina argi utziz gazteak zirela proiektuaz jaun eta jabe.

Antzerkia: 'Gaztetasunak erabiltzen nau'

Taldea: Kitzikatzan/k

Idazlea: Mattin Irigoien

Emanaldiak: Gaur eta bihar Domintxinen, 21:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.