IRAKURZALETASUNARI BURUZKO AZTERKETA

EAEko herritarren %32,6k euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura dute

12 eta 15 urte arteko gazteak dira euskaraz idatzitako testuen irakurlerik leialenak; 10etik ia 8k leitzen dute gure hizkuntzan

Irune Berro Urrizelki.
BILBO
2004ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakurleen herenak (%32,6) euskaraz irakurri ohi dute egunerokoan, Euskadiko Editoreen Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin eginiko herritarren irakurzaletasunari buruzko azterketaren emaitzek diotenez. Gure hizkuntzan idatziriko liburuak leitzen dituzten herritarren %20,4k gaztelaniazko testuak ere irakurtzeko ohitura dute; haietatik %0,6k euskara hutsean irakurtzen dute beti, eta %11,6k gaztelaniaz irakurri ohi dute, eta, lantzean behin, euskaraz. 12-15 urte arteko neska-mutilek kontsumitzen dute euskara hutsean argitaraturiko libururik gehien; 10 gaztetatik ia 8k irakurtzen dute euskaraz (%78,3k). Nagusiki maila ertaineko eta goi mailako ikasketak dituzten gazteek irakurtzen dituzte euskarazko testuak; ikasleek eta langabeek, batik bat.

Gurasoek edota beste senide batzuek irakurtzen dizkiete liburuak sei urtetik beherako umeei: %28,6k euskarazko ipuinak kontatzen dizkiete etxeko gaztetxoenei; %29,2k euskarazkoak zein gaztelaniazkoak, eta %42,2k gaztelaniazkoak baino ez.Gurutz Larrañaga Kultura sailburuordeak eman zuen, atzo, 2003an burututako azterketaren datuen berri. «Euskal herritarrek irakurketarako duten zaletasunaren irudia ematen du Euskadiko Editoreen Elkarteak buruturiko txostenak», Larrañagaren hitzetan. «Gizarte berri, anitz eta modernoaren erakusgarria den irudi koloretsua da», haren ustetan. Izan ere, Europako Batasuna (EB) osatzen duten herrien biztanleriaren irakurketarako joeraren gainetik dago EAE, atzo aurkeztutako datuen arabera: «Eurobarometroaren zenbakiek diote EBko herritarren %42k ez dutela sekula irakurtzen; EAEn, aldiz, %41ek aitortu dute irakurketarako astirik edo gogorik eza», azaldu zuen Larrañagak. Gutxi batzuek ikusmen arazoak eta bestelako osasun arazoak aipatu dituzte beren astialdian irakurketari tarterik ez egiteko. Alabaina, euskal herritarren %42,6k maiz irakurtzeko ohitura dute astean behin, gutxienez, eta %15,8k, hilean noiz edo behin.EAEko irakurleen %21,8k hamabi liburutik gora irakurtzen dute urtean; %43,9k bost eta hamabi liburu artean, eta %34,4k bost liburutik behera leitzen dute urtean.

Emakumeek gizonek baino gehiago irakurtzen dute

Liburu gehien irakurtzen dituzten herritarren artean emakumeak dira nagusi (irakurleen %60,2). Gehienek goi mailako ikasketak eginak dituzte, eta 50.000 biztanletik gorako herri edota hirietan bizi dira. Hala, irakurzaletasunari buruzko txostenaren arabera, ondoko hau da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakurlearen profila: «Emakumezkoa, 16-24 urte artekoa, kultur maila handikoa, hiritarra eta etxetik kanpo lan egiten duena».

Irakurlezaletasun handia dutenek erosten dute libururik gehien; 2003an, irakurleen %75,8k erosi zituzten liburuak, 2002an baino %10,3 gehiagok. Betikoari eutsi, eta ohiko liburudendetara jotzen dute euskal irakurleek (%90,7k) liburuak erosteko asmoz. Hala eta guztiz ere, hipermerkatuetan (%18,7k), posta bidez (%16,3k) eta biltegi handietan (%10,9k) erosten duenik ere bada. Haatik, pixkanaka-pixkanaka, liburutegietara batzeko ohitura zabaltzen ari da herritarren artean; irakurleen %32k liburuak mailegatzea gurago dute erostea baino. Literatur generoen atalean nobela da jaun eta jabe irakurleen %83,4k aukeratu zuten iaz. Saiakera da nobelaren ondoren euskal irakurleen generorik gogokoena (%10,2). Gizarte gaiak jorratzen dituzten liburuak (%6,1) eta poesiara (%5,5) eta antzerkira emanak (%4,1) dira geurean makalen dabiltzanak.Irakurleen zaletasunei erreparatuz gero, abenturazko liburuak, intrigazkoak, poliziakoak eta zientzia fikziozkoak atsegin dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko irakurleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.