Liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzeko proposamena baztertu egin du gaur goizean Donostia Kulturako administrazio kontseiluak. Udal gobernuak eraman du proposamena, eta oposizioko alderdiek atzera bota dute. PSE, PP eta EAJ daude ordezkatuta erakunde horretan, eta hirurek bozkatu dute kontra.
Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak ulertezintzat jo du oposizioko alderdien jarrera, "hiriko liburutegi inportanteenari euskara eta euskal kulturaren erreferente izan zenaren izena ukatzeagatik". Hala azaldu du Txapartegik: "Txillardegik gure hiriari, euskarari eta euskal kulturari egin zion ekarpena betiko aitortzeko unea zen, eta ez dugu ulertzen nola oposizioko alderdiek ez duten proposamen hori babestu, are gehiago, herritarrengandik eratorritako eskaera denean, herrigintzan, kulturgintzan, euskalgintzan ari diren bi eragile ezberdinetatik".
Plazara Goaz Euskara Batzordeak iazko urrian erregistratu zuen eskaera, eta berriki idazle talde batek publikoki plazaratu du aldarrikapen bera.
Jose Luis Alvarez Enparanza Txillardegi joan den urteko urtarrilean hil zenean, Donostiako Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen idazleak euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmenduz. Aurtengo urtarrilean, berriz, Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion.