Ederra izatear den jaialdi bat

Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak hogei talde bilduko ditu gaur BEC erakustazokan, eta ia 10.000 pertsona espero dituzte antolatzaileek. BERRIA da festibalaren babesleetako bat

Pello Reparaz Zetak taldeko buru eta Zeinen Ederra Izango Den jaialdiaren sortzaileetako bat. SANTI OTERO / EFE.
Inigo Astiz
Barakaldo
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ezinbestean, mailu kolpe, bihurkin elektriko, furgoneten joan-etorri eta tartekako korrikaldi hotsek jartzen dituzte zuzeneko musikaren zimenduak. Zeinen Ederra Izango Den jaialdiak 10.000 ikusle inguru bilduko ditu gaur Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), eta muntatze lanetan murgilduta eman zuten atzoko eguna hamaika langilek. Hogei musika talde arituko dira agertokian, guztira, eta duela astebete amaitu ziren sarrera guztiak. Zetak taldeak eta Panda enpresak antolatu dute festibala, eta eguerditik hasi eta gaueko ordu bata arterainoko egun pasa prestatzea izan da erronka. «Ospakizun handi bat izatea nahi dugu», azaldu du Iratxe Reparaz antolatzaileak, «betiko oroituko dugun data bat. Gurea asmoa da denona eta denontzat izango den jaialdi bat egitea». Besteak beste, Gatibu, Anne Lukin, Maria Arnal & Marcel Bages, Zoo, Sua, Dupla, Luna Ki, Tanxugueiras, ETS, Ene kantak, eta Zetak izango dira oholtzan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 300.000 euroko partida bat bideratu du jaialdia bultzatzeko. BERRIAk ere babestu du jaialdia. Zeinen ederra izango den aldarrikatzeari utzi eta benetan ederra bihurtzeko unean dago oraintxe festibala.

Abesti bat izan zen jaialdiaren lehen hazia. Zetak taldearen Zeinen ederra izango den izenekoa, zehazki. Pello Reparaz musikariak sortu zuen, eta koronabirusak eragindako krisiaren amaiera hartu zuen hizpide, artean Euskal Herria oraindik itxialdi betean zegoenean. «Zeinen ederra izango den/ eguzki izpiak zure itzala belarretan marrazten,/ muxu bat Larhunen,/ garagardo bat zerura eroritakoen omenez». Sentsazio baikor horri tiraka egin zuten publiko sare sozialetan jaialdi bat antolatzeko lehen asmoa; oraindik datarik, talderik edo lekurik iragarri gabe, baina erantzuna berehalakoa izan zen, eta kolpean saldu ziren hasiera hartan salgai jarritako 1.000 sarrerak. Eta lehen bultzada horrek eraman du jaialdia egungo neurrietaraino.

«Sortu zenean ideia txiki bat zen, eta orain ia hamar aldiz handiagoa izango da», azaldu du Iratxe Reparazek. «Bi urte joan dira ordutik, eta hainbat forma izan ditu jaialdiak, gaur egungora iritsi arte. Hasieratik izan dugu argi jendearen jaialdi bat egitea zela asmoa, eta, horregatik, beti saiatu gara jendeak zer nahi zuen entzuten, eta euskaldunei nahi zutena eskaintzen, eta nik uste dut horrek egiten duela berezi. Jendeak jaialdia bere sentitzen duelako».

Antolatzaileek azaldu dutenez, abestiak transmititzen duen baikortasun eta zoriontasun egarri hori bera sortu nahi du jaialdiak, eta, horregatik, jaialdiaren bezperan ere, kantuaren hainbat esaldi daramatzaten afixak ikus daitezke erakustazokako pabiloian.

Agertokiak eta beste

Langileen joan-etorri etengabea gorabehera, oraindik hutsunea zen nagusi atzo BEC-eko 4. pabiloian, eta Jon Arratibel jaialdiko zuzendariak ordenagailuko pantaila baten laguntzaz deskribatu zituen gaur izango duen itxura. «Hor taldeen azoka egongo da». «Hemen terraza moduko batzuk egongo dira, lasai jateko». Hatza pantailako kolore multzotik pabiloiko hutsuneetara mugituz. «Hor photocall bat jarriko dugu».

Bi agertoki nagusi izango ditu jaialdiak: Naiz agertokia eta La Salve agertokia. Artisau azoka bat ere egongo da hemezortzi posturekin, taldeek izango dute beren diskoak saldu ahal izateko espazio bat, eta jateko eta edateko guneak ere egongo dira. Hasiera batean pabiloi kanpoan ere gune bat jartzea zuten buruan, baina eguraldiak behartu ditu dena barrura eramatera. Arratibel: «Kaleko giro pixka bat sortu nahi genuen, baina B plana aktibatu behar izan dugu. Bueno, edo D plana, edo J plana, ez dakit».

Aldundiaren babesa

Musikaz aparte, «zerbait gehiago» da jaialdia Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan ere. «Topaketa gune bat izango da». Gogorarazi duenez, musikarena izan da koronabirusaren pandemian «gehien kaltetu» den sektoreetako bat, eta, horregatik, defendatu du hura laguntzeko beharra. «Aldundiak bultzada ematen du halako jaialdiak bideragarri izan daitezen».

Lehenago ere babestu ditu antzeko ekitaldi erraldoiak Bizkaiko Foru Aldundiak. Esaterako, 2022ko ekainean Fito Cabrales musikariak San Mamesen eskainiko duen kontzertuaren sustatzaile ere izan da, eta beste hainbat musika jaialdiren babesle ere bada. «Berton musikari on piloa daukagula helarazi behar diogu jendeari, eta bertotik hasi behar gara».

Jaialdira heltzeko autobus zerbitzuak ere jarriko dituzte antolatzaileek Euskal Herriko hamaika herritatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.