Eduardo Berti idazle argentinarrak sei hilabete igaro ditu Donostia International Physics Center-en (DIPC), literaturaren eta zientziaren arteko mugak ikertzen. Humanismoaren, artearen eta zientziaren arteko loturak aztertzeko intentzioarekin DIPCk 2010aren amaieran abiarazitako Mestizajeak programako Idazleak egoitzan proiektuan parte hartu du Bertik. Urte erdi horretan ikasitakoari esker, bai zientzia eta baita zientzialariak ere beste modu batean ikusten ditu, «topikoetatik haratago». Halere, bada beste zerbait, «sotilagoa beharbada», Donostian barneratu duena: «Egonaldiak begirada ezberdin bat eskaini dit bai idazterakoan eta baita irakurtzerakoan ere».
Gustavo Ariel Schwartz Mestizajeak programaren arduradunaren esanetan, proiektuaren helburuetako bat zen ikerketa prozesuaren berri emango zuen literatur lan bat kaleratzea. Lan hori ontzen dabil Berti: «Liburu bat idazten ari naiz, eta Donostian kokatuta dago. Zientziaz eta literaturaz mintzo da. Egonaldia egin izan ez banu, sekula ez nukeen halakorik sortuko».
Iazko maiatzean argitaratu zuten egonaldiaren deialdia, eta hamar proposamen jaso zituzten DIPCkoek; «idazleenak, zientzia kazetarienak eta zientzialarienak batez ere». Berti aukeratzerakoan, baloratu zuten idazlearen «ibilbide literario sendoa», proposatutako proiektua, «eta haren begirada, aurretiko jakintza zientifiko batengatik kutsatuta ez egotea». Schwartzek nabarmendu du idazle batek ikerketa zientifikoko egoitza batean egindako aurreneko egonaldia izan dela argentinarrarena.
Idazleak ez zuen uste bera hautatuko zutenik, «zientziaz ideiarik ere ez daukadalako». Halere, erabaki «zuzenena» iruditzen zaio «begirada birjin bat» aukeratzea. Gainera, «bidaia, ikerketa baten moduan» ulertzen du literatura. «Liburu berri bakoitzean zerbait berria ikertzea atsegin dut. Eta ez naiz ari gaiez soilik, baita alderdi formalaz ere».
Bi zatitan banatu du egonaldia. Joan den urteko urria eta abendua bitartean ikerketa lana egin zuen, eta DIPCko, CIC Nanoguneko eta Basque Center on Cognition Brain and Language-ko ikertzaileengana hurbildu zen. Gero, aurtengo martxoa eta maiatza artean, «galderen unea» heldu zen, eta gai zehatzagoei heldu zien: «Kaosaren teoriari eta neurona ispiluei, adibidez». Dena den, bere asmoa ez da «ez dibulgazioa, ez birsortze didaktiko bat egitea». Donostiako Ernest Lluch kultur etxean hitzaldia emango du Bertik, gaur, 19:30ean.
Eduardo Berti: «DIPCko egonaldiak begirada ezberdin bat eskaini dit»
Idazle argentinarrak urte erdia igaro du Donostian, zientzia eta literaturaren arteko mugak ikertzen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu