Uholdeka ez, baina jendea erruz gerturatu zen atzo San Telmo museora. Eraikina eraberritu eta osatu dutenetik jendeari ateak zabaldu zizkion aurreneko aldia izateak, sarrera dohain izateak, udaberriko larunbat epel bat izateak izango zuen eraginik goizeko hamarretan hasita eta arratseko zortziak arte ia etengabean jendea sartu-irtenean ibiltzeko. Txindurriak euren babes zuloetara nola, hala barneratu zen ehunka lagun atzo Urgull mendipeko aterpera, Euskal Gizartearen eta Herritarren Museora.
«Polita» eta «garbia» ziren bisitarien ahotik gehien entzuten ziren hitzak. Baziren museo zaharra aurrez ezagutzen ez zutenak, baziren bien arteko alderaketa egiten zutenak, eraikuntza berria irekitzeko irrikan zirenak, eta besterik gabe, Donostiara egun- pasa joanik, errituzko bisita hutsa egin zutenak ere.
San Telmo museo zaharra maite zuen 58 urteko Juani donostiarrak, baina berriarekin «liluraturik» dagoela azaldu du: «Museoaren espiritu zaharra arkitektura berriaren aterpean sentitzea izugarria da. Berria asko gustatu zait, espazio irekiagoak ditu eta aukera handiagoak emango ditu edozertarako». Museo berriak jaso duen behin-behineko lehen erakusketa, 6 mila milioi Beste izenekoa, «oso interesgarria» iruditu zaio: «Denborarekin etortzea komeni da, eseri, ikusi, elkarrizketatu horiek guztiek diotena entzun... eta gozatu. Horrelako erakusketekin museoak etorkizuna ziurtaturik dauka». San Telmo zaharra «zaharkiturik» geratu zen, Juaniren hitzetan. «Polita zen, baina mugatua. Uste dut berri honek espresabide gehiago izango dituela».
Museoaren etorkizunarekin «duda» gehiago ditu Josu Txueka historialariak. Argazki kamera eskuetan, museoaren txoko guztiei irudiak ateratzen zebilen atzo. Museoaren irudi berria gustatu zaio, eta «baikor» da geroan eman dezakeenarekin, baina, gakoa, edukiontziaren barruko edukietan egongo dela dio: «Museoak ondare bat badu, baina jendeak hori behin ikusten du, ez gehiagotan; beraz, erakusketa berriak eta desberdinak antolatu beharko dituzte».
Ikusitako gauzen artean liburutegi berria iruditu zaio ekarpenik erakargarriena: «Ez dirudi oso handia, ez dago liburu mordoa ere, baina material interesgarria iruditu zait, eta kontsultatzeko ez ezik, mailegatzeko aukera ere izango da, gainera».
Museo berriko liburutegian zegoen, hain zuzen ere, Jose Mari 85 urteko donostiarra. «Etnografia liburuak begiratzea gustuko dut, eta orain dezenteko aukera izango dudala uste dut». Museoak hartu duen itxura «modernoa» dela, eta gustukoa duen arren belarrak eraikin berria hartu arte itxaron egin beharko dela dio. Behin-behineko erakusketa «bitxia» iruditu zaio: «Egon zintezke hamar minutu erakusketari begira, edo bi egun oso, hainbeste dira elkarrizketak eta ahotsak». Museo barruko eliza kapera ikusteko gogoa zuen Jose Marik, baina ilara handiak zirela-eta beste baterako utzi du. Ilara handienak, hain zuen ere kapera ikusteko sortu ziren. 50 laguneko txandatan sartzen ziren, gehiegizko samaldarik sor ez zedin.
Museora lehen eguneko bisita egindakoen artean ehuneko handi bat adineko jendeak osatu zuen, urriak ziren salbuespenak. Aritz eta Aintzane Beasaindik joan ziren, biak ziren 30 urtera ailegatu gabeak. Aritzi gustatu zaio museoaren «itxura eta filosofia berriak». «Gaur egun ugaritzen ari den arkitektura mota da, eta, akaso horregatik, begiak ohituak dauzkat jada». Aintzaneri ez zaio horrenbeste gustatu berritasuna: «Porlanezko kolore gris hori ez dut gustuko».
Museoetara aldian behin baino ez dira joaten, baina aisialdirako aukera apropostzat daukate San Telmo bisitatzea. « Gure kultur tradizioa ezagutzea interesgarria iruditzen zait. Belaunaldi berriok ezagutu behar dugu gure aurrekoen iragana, gero aurrera egingo badugu».
Edukiak emango dio tamaina
Zabaldu ditu ateak San Telmo museo eraberrituak. Jendea erruz ibili da lehen egunean, sarrera dohainik izan dela baliatuz. Gaur ere ikusleak ateak zabalik izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu