DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA

«Egia onartu eta barneratu beharra dago, hori egin ezean ezin baita aurrera egin»

Paquet-Brennerren 'Elle s'appelait Sarah'-k Frantziako sarekadan harrapatutako juduak izan ditu gogoan

Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bi istorio, oraina eta iragana, nahasten ditu Gilles Paquet-Brenner zuzendariaren Elle s'appelait Sarah filmak. Batetik, Julia kazetariarena: aldizkari baterako egiten du lan, eta Frantzian deportatutako juduei buruzko erreportajea osatzea egokituko zaio. Ezustean, Sarah nor zen jakingo du, eta haritik tiraka hasiko da, ezkutuan dauden egiak argitara ateratzeko asmoz. Bestetik, Sarah neskatila juduarena. Polizia etxean ate joka azalduko zaie, kontzentrazio esparru batera joan behar dutela abisatzera. Sarah-k armairuan gordeko du anaia txikia, eta bera itzuli arte ez irteteko aginduko dio. Armairuko giltza hartuko du, eta anaiaren zamarekin biziko da hortik aurrera.

Zuzendaria Tatiana de Rosnayren eleberrian oinarritu da. «Liburua irakurri eta asaldatu egin nintzen. Nik ere familiaren zati bat galdu nuen kontzentrazio esparruetan. Gainera, eleberriak zuen oihartzun unibertsala gustatu zitzaidan. Sudani edo Irani buruz esan genezake gauza bera: egia onartu eta barneratu gabe ezin da aurrera egin». Rosnayk azaldu du ez dela nobela historiko bat. «Gizaki gisa sentitzen nuena adierazteko idatzi nuen». Hala ere, gaia labainkorra dela jakinik, ez zuten «gehiegizko sentimentalismoan» erori nahi. Idazleak testigantza historikoak jaso ditu, «hanka-sartzerik ez egiteko». Sarahren istorioa guztiz fikziozkoa bada ere, «errealitate kutsu handia du», eta iraun dutenak «identifikatuta» sentitu dira.

Frantzian ijitoak kanporatzen ari dira egunotan, baina «ez dute auzi horretaz hitz egin nahi», zuzendariaren arabera. «Ez nik, ez nire lan taldeko inork, ez dugu Sarkozyren gobernuaren politika ulertzen, nahiz eta ez den juduen kasu bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.