Egiaren bila ari diren fikzioak

'Sirena-hotsak' liburuan lau ipuin batu ditu Xabier Etxaniz Rojok, luzeak aurreko liburuetakoen aldean

Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bosgarren ipuin liburuan, aurretik argitaratuak zituen lauren ildoari lotu zaio funtsean Xabier Etxaniz Rojo (Trintxerpe, Pasaia, 1971) —, baina uste du «aldaketa bat» nabari dela hala ere Sirena-hotsakbilduma berrian (Erein). «Lehen saiatzen nintzen gauza asko kontatzen oso testu laburretan», azaldu du egileak. «Orain, aldiz, arnasa luzeagoko kontaketak ateratzen zaizkit. Ez dakit hori esanguratsua den edo ez, baina behintzat bada zerbait». Aurreko ipuin liburuetan bezala, ezustekoak elementu garrantzitsuak dira Sirena-hotsak liburuan ere, baina horiek lantzeko moduan ere izan da aldaketarik oraingoan. «Lehen saiatzen nintzen sorpresa esaldi bakar batean ematen, eta orain sorpresak beste modu batean idazten ditut, hau da, luzeagoak, traman bertan txertatuta».

Matxupitxu izenburua du liburua osatzen duten lau ipuinen arteko lehenak. Nikaraguatik Euskal Herrira etorria da protagonista. «Guk egin nahi ez ditugun lanak egitera etorri da, eta agure batekin egin du topo», azaldu du egileak. Bigarren ipuinak, Akelarreak izenekoak Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketa irabazi zuen 2011n, aita zenaren liburuak berreskuratzen dituen liburuzain baten istorioa kontatzen du. «Halako batean, aurkitu du liburu bat eta amari eman dio». Hirugarrena, American way of life, lana erregulatzeko espedientea aurkeztu duen enpresa bateko langile baten ametsaren ingurukoa da: AEBetara joan eta Los Angeles Lakers saskibaloi taldearen partida bat ikusi nahi du, kosta ahala kosta. Laugarren eta azkenekoan, Sirena-hotsak izenekoan, «gazte garaian kale borrokan aritutako hiru lagun» agertzen dira, «gaur egungo gau bakar batean».

Lau ipuinek beren artean «inolako zerikusirik edo loturarik» ez duten arren, laurek bat egiten dute, egilearen iritziz, ezaugarri batean: «egiaren bilaketa» ageri da, aldez edo moldez, guztietan. «Adibidez, Matxupitxu ipuineko protagonistak istorio batzuk entzuten ditu, baina ez daki egia diren ala ez, eta bere buruari galdetzen dio ea besteen egiak bere egiak ote diren; American way of life ipuinean ez da hori agertzen,ez dago egiaren bilaketa bat, baina badago beste egia bat, eta egia hori da enpresariek nola jokatzen duten».

Bada lau ipuinak batzen dituen beste ezaugarri bat ere: «Denek dute errealitatearekin lotzen dituen hari txiki-txiki bat. Nik ezagutu dut matxupitxu bat; ezagutu dut liburuak berreskuratu eta bere amari ematen dizkion pertsona bat; ezagutu dut enpresa baten erregulazio espediente baten ondorioei aurre egin behar izan dien pertsona bat; eta ezagutu dut Sirena-hotsak-en agertzen den pertsonaietako bat, tren bat erre izan nahi izan zuena duela urte asko, kale borrokaren garaian». Horrez gain, badira liburu osoan presentzia handia duten bi gai: zahartzaroa, batez ere lehenengo bi ipuinetan; eta Euskal Herriko gatazka politikoa, batez ere azkenekoan.

Begiak itxi eta kitto (Elkar, 2000), Hamar manamenduak (Erein, 2002), Nork bere ozeanoa (Erein, 2006) eta Txatartegirako ipuinak (Erein, 2010) dira Etxaniz Rojok Sirena-hotsak-en aurretik kaleratutako ipuin liburuak. Horrez gain, Koadro isila eleberria (Erein, 2003) eta Ekialdetik iritsi zen Enara (Alberdania, 2008) kronika liburua ere argitaratu ditu. Hainbat hedabidetan kolaboratzen du zutabegile gisa; BERRIAn eta Irutxuloko Hitza-n, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.