Hitzak manipulatzen ditudala dio Idurre Alonsok. Eztabaida honetan norbaitek hitzak manipulatu baldin baditu, bera izan da ondorio ideologiko absurdoak atera nahian gaizki ulertutako «sarraski» eta «hilketa» hitzetatik. Eta berriro egin du gauza bera azken artikuluan ere, «alaba» eta «semetxo» hitzekin. Nire berbak gaizki interpretatuz esaten du ironiaz «hildako preso hura ez dirudi inoren semea edo alaba zenik, ez eta inoren bikotekidea ere. Edo, beste hark ez ote zuen alaba edo semetxorik?». Eta nortaz ari nintzela uste du Idurre Alonsok aurreko artikuluaren amaieran «besarkada handi bat euskal gatazkagatik asko sufritu duten guztiei, bereziki beren ahaide maiteak galdu dituztenei» esan nuenean? Bada, ETAkideez eta beren ahaideez ere bai, besteak beste. Ez nuen alferrik esan «alde guztietako biktima oro». Bestalde, nire lehen nobelako (1991) H kapitulua irakur dezake, non ETAkide presoen ahaideak estatu indarkeriaren biktima gisa agertzen baitira, umeak barne. Beraz, guztiz bat nator Egiari Zor fundazioarekin.
Bere azken artikuluan ere berriz huts egin du Idurre Alonsok, zenbait hitzetatik ondorio ideologiko okerrak atera nahi izateagatik. Garbi-garbi esango diot berak uler dezan: gaur egun batzuen biktimek ez didate samintasun handiagoa sortzen beste batzuenek baino. Garai batean pena handiagoa sentitzen nuen ETAkide bat hiltzen zutenean polizia bat hiltzen zutenean baino (eta ez zegoen ondo). Nire artikulua idaztean ez nituen adibideak zorrozki aukeratu pena handiagoa sentiarazteko, burura etorri zitzaizkidan lehenengoak izan ziren nire hurbileko biktimak izan zirelako. Erabiltzen ditugun hitzak ideologia baten adierazle bainoago, gure esperientzia traumatikoen isla dira askotan, gizakia nolakoa den apur bat dakienak jakin ohi duen legez. Poliziaren alaba nire ikaslea izan zen, baina poliziaren anaia hil balute eta nik ezagutu banu, «anaia» esango nukeen, eta ez «alaba». Eta Yoyesen «semetxoa» idatzi banuen, ez nuen zentzu afektiboan erabili pena handiagoa sentiarazteko, zentzu txikigarrian baizik, bere semea oso txikia zela adierazteko, «-txo» atzizkia afektiboa izan baino lehen txikigarria baita.
Lander Garrok nire iradokipenari jarraituz egin zuen bezala, nik ere kontatuko dut istorioren bat, Yoyesen heriotza zergatik sentitu nuen hain hurbileko uler dadin. Euskal Filologia ikasi nuen garaian Yoyesen anai-arreba guztiak ezagutu nituen. Gurasoak ere bai, eta haien Ordiziako etxean lo egin nuen behin. Anai-arreba haietako batzuekin estudiante etxebizitza batean bizi izan nintzen 1977-1978ko ikasturtean, eta horrela ezagutu nuen Yoyesen senarra (alarguna) ere. Gure beste estudiante etxebizitza haietako batetik irten eta gero atxilotu eta torturatu zuen polizia espainiarrak Yoyesen anaia bat. Bere neskalaguna eta biok estudiante etxebizitza berean bizi ginen. 1980-1981ko ikasturtea zen, oker ez banago. Yoyesen anaia atxilotu ondoren hiru polizia etorri ziren gure etxebizitzara. Bazkaria prestatzen ari nintzen txirrina jo zutenean. Atxilotutakoaren neskalaguna komunean zegoen, eta neuk ireki nuen atea. Franco hil ondorengo lehen urteetan ere, beti bezala, ez zen inoiz gozoa izaten poliziaren bisita. Frankismo garaiko polizia bera zen, araztu eta garbitu gabe. Pistolak eskuetan, bultzaka eta zakarki etxera sartu eta polizia batek bortizki jarri ninduen paretaren kontra, beste hirurek etxe osoa miatzen zuten bitartean. Goitik behera eta behetik gora bi aldiz katxeatu ondoren, sukalde aldera bultzatu ninduten. «Â¿Dónde está la chica?», galdetu zuten berehala. Komunean zegoela esan nien. Barrutik itxita zegoela ikusi, eta zaratatsuki jo zuten atea behin eta berriro, handik lehenbailehen ateratzeko esaten zioten bitartean. «Â¿No estarás tirando algo por el retrete, no? Abre ahora mismo o tiramos la puerta abajo». Neska gaixoaren duintasunezko sasi-lasaitasunak ez zuen lortzen sentitzen zuen beldurra aurpegira ez azaltzea. Indarkeria handiz eraman zuten sukaldera. Aukera banuen bere familiari hots egiteko esan zidan euskaraz. «No habléis en vasco o empezamos a daros de hostias aquí mismo», esan zuen guztien burua zirudienak. Etxea lasaiago eta zehatzago miatzen hasi ziren. Ez gintuzten jo. Miaketa bukatutakoan neska atxilotuta eraman zuten, eta hurrengo bi orduetan ez ateratzeko esan zidaten, polizia bat utziko zutela atarian eta ateratzen saiatzen banintzen, ni ere atxilotuko nindutela. Nahiko lasai egon nintzen poliziak etxean egon ziren bitartean, baina bakarrik geratu nintzenean hasi zitzaizkidan nerbioak dantzan eta hankak dardarka. Etxe hartan ez geneukan telefonorik, eta garai hartan ez zegoen sakelakorik. Ordua bete baino lehen Eva Forest agertu zen. Harekin batera Yoyesen ahizpetako bat zetorren, belarri batetik ezer entzuten ez zuen bat, diktadura garaian jasandako torturengatik tinpano bat hautsi ziotelako. Yoyesen anaia eta bere neskalaguna Madrilera eraman zituzten. Egun gutxiren buruan kargurik gabe askatu zituzten eta, beren tortura testigantza Egin egunkarian argitaratu zen. Yoyes urte batzuk geroago bere ETAkide ohiek hil zutenean tristura handia sentitu nuen, eta asko gogoratu nintzen beste garai batean ezagututako haren ahaide guztiez.
Egia bakar bat ez, egia anitz hiltzen dira eta hiltzen dituzte gatazketan, baina hori baino askoz izugarriagoa da pertsona asko hiltzen dituztela. Hildakoak ezingo ditugu berpiztu, baina egiak bai, eta, horretarako, estatuek eragindako biktimak ez ezik, ETAk eragindakoak ere narratu behar ditugu. Egia osoari zor.
Literatura. Hirudia
Egiari zor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu