Xabier Silveira. Nafarroako bertsolari txapelduna

«Egiaztatu dut bertsolaritzaz eta plazez zerbait ulertzen dudala»

«Oso pozgarri» zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketako zazpigarren txapela Silveirari, «maratoi honetan» lekua berreskuratzen ari delako eta animoz «dezente» lagundu diolako.

LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Sarriguren
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berriturik nabari da Xabier Silveira (Lesaka, 1975) Nafarroako zazpigarren txapelpean. Zorroztasunari eusten dio, ordea.

Twitterren idatzi zuten bezala, «Silver is back»? Ala aurrera egin duzu?

Ez dakit ba. Igual, bertsolaritzak egin aurrera, eta nik nire lekua berreskuratu dut. Nigan urteek eta adinak ekartzen duten esperientzia metaketa nabaritu dut, eta orduan, suposatzen dut ez naizela lehengo bera. Orain, mundua oso desberdina da; eta ondorioz, bertsolaritzak izan beharko luke. Pentsatu nahi dut naizela garai berriko Silveira berria bertsolaritza berrian.

Txapel bumerana izan zen: behin galdua inoiz bueltan etorriko zen esperantzan?

Bai, nahia baneukan, eta, bertso teknika aldetik baino gehiago, psikologikoki saiatu naiz irabazteko moduan iristen finalera. Galdutako zerbaiten bila. Dena aldatu da,ziur aski ni gehien, baina lehenengo agurrean ohekide gisa hartu nuen txapela, eta helburuetako bat izan zen nire amodio platoniko hori birkonkistatzea.

Alde psikologikoa izan zen gakoa?

Saio osoan hankak lurrean eta nire burua nahiko nire lekuan ikusten nituen. Uste dut horrelako beste edozein saiotan, urte batzuk atzera eginez gero, lehenengo bi ofizioetan dirdiraz aritu ez banintz aztoratzen hasiko nintzela, eta larunbatean nahiko tenple onean aritu nintzen nire aukerak iritsi zirenera arte.

Ez duzula aurreko maila bera azaldu zenuen saioa bukatuta. Apalago zaudela diozu?

Lehen, bukaera aldeko bertso erdi asko eta asko neuzkan eginda, edozein momentutarako balioko zutenak, eta orain, ez. Gaur egungo bertsolaritzaren erdia eta gehiago etxetik dator. Horregatik esaten dut nire maila ez dela orduan zena bezain altua, baina inprobisaziorako gaitasuna suposatzen dut ez dudala galdu, eta inprobisatzeko zeure buruaz seguru eta lasai egotea da gakoa.

Zertan arriskatuko duzu bertsokeran, zure sentitzen ez duzun erregulartasunari aurre egiteko?

Ez dakit erregulartasunari aurre egingo diodan ere. Ez dut uste eutsiko diodanik, baina, nire baitan betirako geldituko balitz, ez litzateke txarra.

Baina ez omen dizu sentipen onik eragiten…

Duda sorrarazten dit, baina ez sentipen on ala txarrik. Ez zait inoiz gustatu ez ongi eta ez gaizki egiten duen norbaitek aurrea hartzea erdia oso ongi egiten duen bati. Onena nor den ikusi behar bada, bertso onenak nork bota dituen ikusi beharko genuke. Baina on-onak botatzea txarrak bota gabe... hori posible bada, hartuko nuke.

Zein berezitasun eskainiko duzu bertsokeran?

Espero dut helduxeagoa izango dela, eta umore serioagoa erabiltzeko aukera izango dudala, plazetan gehienbat. Bertsotan oso zaila da, unean unekoa eta tokian tokikoa izan behar duen heinean, edukitik aparte berritu nahi izatea. Desberdina sentitu nahi izateko, edukia da gakoa.

Kartzelako hirugarren bertsoan istorioa baretzera jo zenuen. Zuk zeuk baretzera egingo duzu?

Ez nuke nahi, baina hainbeste ez dakit. Errazagoa da jendeari bareago egitea. Pertsona bati egin dakiokeen okerrena ez da buruan tiro egitea. Orain jendeari boterea egiten ari zaiona, hori bezain gogorra ala gogorragoa izaten ahal da.

Azken doinua asko zabaldu da. Zeureagoa izatea nahiko zenuke?

Bai, bai, jakina. Horregatik erabaki nuen azkenean honekin aurrera egitea. Jende pila batek erabili zuen bakoitzak nahi zuen lekuan isiltasunak sartuz, nota baxuagoak ala altuagoak nahi zituzten lekuan jarriz, eta nitasun hori galduta dauka doinu horrek. Dagoeneko ez dira nireak, bertsolaritzarentzat egiten ditut, baina aurreko doinua izugarri gustatzen zaidan arren eta, hori bai, oso-oso niri begira egin nuen arren, orain ez da nirea.

Xabi —zu pertsonala— eta Silveira—zu publikoa— bereizten dituzu. Gertuago daude orain?

Bai, gero eta gertuago sentitzen ditut, baina hein batean behintzat bereizten jarraitu nahi dut. Denbora hartu izanak eta kanpotik begiratu izanak lagundu didate ikusten gauza asko. Pentsatzen nuen gauza horiek kontrolatzeko gai ez nintzela, eta ikusi duthel ditzakedala adarretatik eta nik kudeatu. Orduan, ziur aski dezenteko hurbilketa gertatu da. Lehen, oinarrian filosofia edo ideologia berdina izan arren, jokaera oso desberdina izatera iritsi nintzen.

Txapelketa zirkuituetatik aldentzea erabaki zenuen. Zer da bertsogintzan pertsonalki eta publikoki egin duzuna denbora honetan?

Argi utzi nahiko nuke iazko urtarrilean ez nuela esan txapelketetatik urrunduko nintzenik. Txapelketak dira nire ustez espazio handietan eta masiboki entzuleak erakartzeko egin beharko liratekeen bakarrak. Ez dudana naturala ikusten da zenbakiekin hitza neurtzea. Frontoi batean sei bertsolari epailerik gabe, ez dakit zertan ari diren hor. Horrelako egoeretatik aldentzeko beharra sentitzen nuen. Bizi izan dut askoz esparru txikiagotik, askoz egoera naturalagoan. Itzuli naiz abestu ahal izatera gazte ezezagun batekin musika kendu eta gero, edo gaztetxe txikietako gazte afarietan. Hala, bertsoekin amesteraino eta bertso desira izugarria sentitzeraino iritsi naiz. Egiaztatu dut bertsolaritzaz eta plazez zerbait ulertzen dudala.

Plaza mota guztietara zabalik zaude orain?

Egin nahiko nukeena da leku batzuei ezezkoa eman. Ez lekuagatik bakarrik, baizik eta lehen hitz egin dugun formatu horretan antolatzen direlako saioak. Eta iruditzen zait bertsolaritzak ez duela zertan mutur horretara iritsi. Eta, gainera, iruditzen zaizkit sormenarentzat atentatu bat.

Zirkuitutik aldendu zinenean, 2013ko Txapelketa Nagusiko finala jarri zenuen epetzat. Ordurako zer aldatuko zela aurreikusten zenuen?

Bertsolaritzan ere garai berri bat iristear da. Hori aspaldi nabaritu nuen, eta pentsatzen dut final horretatik aurrera etorriko dena bertsoaren eta bertsolaritzaren agintea izango dela. Orain arteko pertsonen agintearen ordez.

Zerk eragingo du garai berria?

Lehen 20 urte zituztenek hurbilago izango dituzte 40, eta eurek euren kabuz pentsatuko dute edo dugu. Ez dugu utziko gu baino ahots indartsuagoa edo errespetatuagoa dutenek eraman gaitzaten.

Bertsolaritzaren barruan izan dira ahots indartsuago horiek ?

Bai, Bertsozale Elkartean esan dezagun. Bertsolari guztiok esaten dugu gure elkartea dela, baina gero batzar orokorretara ez dira 40 pertsona ere agertzen, eta, derrigorrean joan behar duten bertsolariak bakarrik joaten dira. Elkartetik markatu dira pauta batzuk, nire ustez okerrak direnak. Gainera, bertsolari heldu batzuk, gu baino helduagoak diren batzuk, babestu dituztenen hitza ezin izan da zalantzan jarri... uste dut poliki-poliki jarrera aldatzen ari dela eta asko aldatuko dela gutxi barru. Agintzekotan agindu dezala bertsoak, ez beste inork.

Zeure burua Txapelketa Nagusiko finalean ikusten duzu?

Zortzi-hamar urte nituenetik ikusi dut. Inoiz ez dudana ikusi da nire bertsolagunak zein diren.Uste dut nafarrok dugun konplexua bezain handia dela, Gipuzkoan gehienbat, Nafarroari begiratzeko modua: gu bagina bezala gizartean eskaleak direnaren pareko zerbait bertsolaritzan. Hori da finalean sartu nahi izateko arrazoietako bat: bati baino gehiagori ahoa bertsoz ixtea. Baina hori nafarra izatetik askoz harago doa, noski. Finalean kantatzeko gaitasuna duten 40 bertsolariri aurrea hartzea eta finalean kantatzea badakit oso gauza zaila dena, baina ez nintzen bertsotan hasi gauza errazak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.