Egillorren mundurako bidaia

Juan Carlos Egillor artistaren berrehun lan inguru erakutsiko dituzte Bilboko Foru Liburutegian ekainaren 15era arteErakusketaren bidez, haren sormen prozesura eta lan ingurura gerturatu nahi dute ikuslea

Juan Carlos Egillorren heriotzaren lehen urteurrenean, omenaldia egin nahi izan diote Bilbon erakusketaren bidez. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bilboko hiriarekin harreman berezia izan zuen Juan Carlos Egillor artistak (Donostia, 1947-Madril, 2011). Zirimiriaren eta burdinaren hiria xarmantasunez irudikatu zuen bere lanetan. Umorea bidelagun, mundu zoragarria eraiki zuen bere marrazki eta idatzien bidez. Egillorrek sortutako mundu koloretsu hori ekarri dute Bilboko Foru liburutegiko areto nagusira Juan Carlos Egillor eta Bilbo erakusketaren bidez. 70eko hamarkadatik honako marrazkiak, egileak idatzi eta ilustratutako liburuak, komikiak, aldizkarietako biñetak, kartelak, haren koadernoak eta beste ikusgai jarri dituzte, Madrilgo etxeko zenbait objekturekin batera; haren heriotzaren lehen urteurrenean artista era pertsonalagoan ezagutzera emateko. Erakusketa ekainaren 15era arte egongo da ikusgai.

Mari Agirre, Max Bilbao, Miss Martiartu, aterkiaren gizona, amamatxoa, potoloak... egile bilbotarraren pertsonaia ospetsuen irudiak ikus daitezke, beste batzuen artean. Berrehun lan inguruk osatzen dute erakusketa. Maniki, panpina, burdinzuriko boligrafo poto eta Egillorren liburutegitik ekarritako zenbait libururekin batera: Jorge Luis Borges, Herman Hesse, Carl Gustav Jung eta Franz Kafka, besteak beste.

Arantzazu Calleja erakusketako komisarioak azaldu duenez, erakusketaren helburua da Egillorren lanean Euskal Herriko kulturak eta, batez ere, Bilbok duten eragina nabarmentzea eta haren umorearen erabilera azpimarratzea. Erakusketa parte bitan banatu dute. Lehenengoak ilustrazioarekin du zerikusia gehienbat; bigarrenak, berriz, lotura handiagoa du haren umorista grafikoko alderdiarekin. Callejak argitu duenez, Egillorren izaera kontuan hartu dute erakusketa antolatzerakoan. «Ez dugu ordena hertsiegirik jarraitu nahi izan, Juan Carlos artista sakabanatua baitzen bere azalpenetan, gai batetik bestera salto egiten zuen; Max Bilbaoz hitz egiten ari zela, bere Potolos proiektuaz hitz egiten zuen gero edota horrenbesteko grazia egiten zion bere auzoko pertsonaiaren inguruan aritzen zen», azaldu du.

Egillorrek pintatutako zenbait kartel, ilustratutako eta idatzitako liburuen aleak eta hainbat marrazki bildu dituzte erakusketako lehenengo zatian. Bilboko lehen Aste Nagusiko kartela, 1978koa, Zinebiko zenbait eta beste zenbait kartel bildu dituzte. Horiekin batera, Egillorrek ilustratutako ipuinak eta liburuak ikus daitezke, Bernardo Atxagak idatzitako Nikolasaren abenturak eta kalenturak esaterako. Seve Callejaren Txakur berde baten istorioa liburuaren ilustrazio prozesua azaltzen duten zirriborro, marrazki eta liburuaren aleak ere hor dira, eta Egillorrek berak idatzitako Eta gero hau, La ciudad de la lluvia (Euriaren hiria), El escarabajo y la luna (Kakalardoa eta ilargia) eta Operacion yogur (Jogurt operazioa) liburuen aleak ere bai.

Bigarren zatian, txoko pertsonalagoa eraiki dute, eta, haren lanekin batera, Madrilgo etxetik ekarritako zenbait objektu jarri dituzte ikusgai, artistaren komiki eta biñetekin batera. Horien artekoak dira Euskadi Sioux aldizkarien aleak eta Krixket eta Potolo euskarazko komikia. Horren bidez, zerbait «pertsonalagoa» egin nahi izan dute, eta Egillorri omenaldia egin. «Haren etxea horrelakoa zen; haren etxearen zatitxo bat da hemengoa, antzinako manikiz beteta dago, milaka karpeta eta kutxa ditu, gauza txikiz beterik... Errespetuz eta kontu handiz, gauza desegokiak hartu gabe, haren lan girora gerturatzen saiatu naiz».

Erakusketako txoko horretan, bereziki deigarriak dira Egillorren koadernoak, horiek haren sormen prozesura gerturatzeko aukera ematen baitute: «Haren artista koadernoak harribitxi txikiak dira. Horietan, zehaztasun handiz irudikatzen zituen buruan zituen ideiak, eta asko zabaltzen dute haren obra gozatzeko bidea. Koaderno horiek beren lanaren parte bat antolatzeko pistak eman dituzte».

Lanak aukeratzerakoan, Callejak kontuan hartu du artistarekin izan zuen harremana. Egillorren ilobaren laguna izateagatik ezagutu zuen artista, Borja Kobeagaren filmetarako musika egiten baitu. Egillorrekin hizketaldi luzeak izateko aukera izan zuen horri esker, eta artista lanean ikusi zuen behin baino gehiagotan. Horrekin batera, Carmen Egillor arrebak eta artistaren lagunek emandako ideiak baliatu ditu, erakusketa «berezia» eta «sentimenduz betea» egiteko.

Umorea, bizitza filosofia

Haurtzarotik sormen handikoa izan zen artista, haren arrebak katalogorako testuan azaltzen duenez. Pertsona umoretsua eta jakin-min handikoa izan zen bizitza osoan. Gaztetan, zuzenbideko ikasketak hasi, eta gutxira utzi zituen. Kazetaritza ikasten hasi zen gero, baina berehala utzi zuen, marrazketan buru-belarri aritzeko. Hala ere, hedabideetara loturik jarraitu zuen denbora luzez, eta Bilbao, Zurgai, Triunfo, Rolling Stone, El Correo Español, Fotogramas eta El País-en aritu zen, besteak beste. Formatu eta teknika anitz baliatu zituen, eta kartelak, margoak, collageak, grabatuak, bideoak, ilustrazioak, komikiak eta animaziozko lanak egin zituen. Beste artisten liburuak ilustratzeaz gain, zenbait musikariren diskoen azalak sortu zituen; horien artekoak dira Oskorri, Ruper Ordorika eta La Orquesta Mondragonentzat eginikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.