Eginak intuizioa baieztatu du

Aurreneko ikasturtea amaitzeko bi aste baino falta ez direla, oso balorazio positiboa egiten dute Kalostra arte esperimentaleko eskolako irakasleek eta ikasleek apirilaz geroztik elkarrekin egin duten bideaz.

Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Bi aste barru amaituko dute ikasturtea Donostiako Kalostra arte eskola esperimentaleko ikasle eta irakasleek. Oso balorazio positiboa egiten dute ikasturteak eman duenaz eta ikasturtean egin duten lanaz, baina eskolaren jarduna etenda geldituko da, arduradunek beste irtenbiderik aurkitu ezean bederen, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez baitu eskola babestuko aurrerantzean. Honelako arte eskola esperimentalek, normalean, beren balioa eta interesa frogatzeko epe aski luzeak behar izaten badituzte ere, urteetakoak, Kalostrak lehen ikasturtean lortu du hori, Asier Mendizabal artista eta Kalostrako irakasleen klaustroko kidearen iritziz. «Eginean bere forma hartu du hasieran soilik intuitiboki formulatu zenak». Horregatik, klaustroko irakasleek eskolari aurrerantzean jarraipena emateko ahal duten guztia egiteko konpromisoa hartu dute.

Apirilean hasita, zazpi hilabetez, hamabost ikasle lotu zaizkio praxi artistikoari Kalostran —Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentuko eraikinean—, egunero 10:00etatik 20:00etara, eta haiekin batera izan da beti klaustroa osatzen duten sei irakasleetako bat, ibilbide oparoko artista kontsakratuak denak: Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Jon Mikel Euba, Sergio Prego, Maria Luisa Fernandez eta Ana Laura Alaez. Praxi artistikoa izan du oinarri hasieratik eskolak, eduki kurrikular zehatzik eta diziplina artistikoen arteko bereizketarik gabe, eta ez die ikasturte amaieran titulu homologaturik emango ikasleei.

1977 eta 1993 artean jaioak dira ikasturtean parte hartzen ari diren 15 artistak, Euskal Herrikoak gehienak baina ez denak. «Ikasleen erantzuna oso ona izan da», Mendizabalen iritziz. «Oso kontzienteak dira hemengoa ez dela egoera normal bat. Hemen duten lanarekiko arreta eta kontzentrazio konstantea ez da ohikoa izaten artista baten egunerokotasunean, beste eskakizun batzuk ere izaten dituelako artistak normalean, eta estudioarekin edo tailerrarekin harreman dispertsoagoa horrenbestez. Ikasleek badakite hemen propio bilatu dela egoera intentsoago bat, eta argi dago engaiamendu hori hartzen duenak une jakin batean horren beharra duelako hartzen duela».

Eguneroko lanarekiko loturari ez ezik, Kalostrak garrantzi handia eman dio, hasieratik, ikasleen arteko lankidetzari ere. Euskal Herriko artisten artean aspaldidanik errotutako lankidetzaren ondorio da kezka hori, Mendizabalek azaldu duenez. «Hemen elkar ezagutu izan dugun artista batzuek ikasi dugu geure artean lankidetza kode bat edo eraikitzen, eta halako kooperazio teknika moduko bat sortu dugu, non badakizun kideari zer eskatu eta zer eskaini. Hori guretzat fundamentala bilakatu da, hain fundamentala, non denok kanpoan bizi ondoren Euskal Herrira itzuli garen». Belaunaldi bat baino gehiagotako artistak elkartzen ditu lankidetza horrek , eta «konpentsazio bat» da «erreferente hegemonikoen» faltaren aurrean, dela merkatu indartsu bat, dela instituzionalitate indartsu bat. «Artista egiten gaituena, parte handi batean, konpartitzea da, eta Kalostraren hasierako ideian bazegoen hor ikasitakotik abiatzea. Oinarria praxia izango zela esatean, honetaz ere ari ginen. Ez bakarrik bakoitzaren praxi artistikoaz; baita bakoitzak besteekin praxi hori konpartitzeaz ere».

Ikasleen lekukotasunak

Arte Ederretako ikasketak amaitu berriak dira Kalostrako lehen ikasturteko ikasleetako asko, eta esperientziak balio izan die karreran izan ez zituzten bestelako aukera batzuk izateko. «Unibertsitatea bukatutakoan, gabezia bat duzu zurekiko edo zuk egiten duzunarekiko», azaldu du Elixabet Dominguez ikasleak (Beasain, Gipuzkoa, 1990). «Kalostrak ematen dizu zure espazioa bilatzeko leku bat. Unibertsitatean zuk moldatu behar duzu beste norbaiten subjektibitatera, eta Kalostran besteak zure subjektibitatera hurbiltzen dira, bai irakasleak eta bai ikasleak, eta baita zu haien subjektibitatera ere. Unibertsitatean urte asko eman arren, ez dakizu benetan zein den zure egiteko modua, zein diren zure lan prozesuak. Hemen saiatzen gara jakiten zein diren bakoitzaren egiteko erak, eta hori niretzat oso garrantzitsua da».

Dominguez bezala, oso gustura dago Kalostran izaten ari den esperientziarekin Olatz Otalora Landa ere (Algorta, Getxo, Bizkaia, 1990), eta uste du eskolak jarraipena izan beharko lukeela. Edozein teknikatara zabalik dagoen arren, teknika bera bilatzen ez duen eta teknikaz harago jotzen duen eskola dela nabarmendu du, eta oso onuragarritzat ditu ikasleen eta irakasleen arteko harremanak. «Egiten dugun lanaren parte handi bat harreman horien ondorio da».

«Esperientzia ederra» eta «luxu bat» da Kalostra Iago Reyrentzat (Bilbo, 1977). «Aise gainditzen ditu hasieran neuzkan espektatibak. Ikasturtea amaitzea ere ondo etorriko zait, hilabete hauek oso intentsoak izan baitira eta tarte honetan jasotako guztia asimilatzeko denbora beharko dudala uste baitut. Garrantzitsua da, niretzat, irakasleak praktika artistikoan murgilduta dagoen jendea izatea. Unibertsitatean, normalean, irakasleek praktika artistikoa alde batera utzia izaten dute. Oso aberatsa da praktikan bete-betean sartuta dagoen jendea izatea irakasle, eta haiekin harreman estua izatea. Lehendik ere ezagutzen genituen artistak dira, ez pertsonalki, baina bai haien lana eta haien ibilbidea, eta arteaz duten ikuspegia konpartitu dute gurekin. Klaustroko kide batzuei miresmen handia nien hemen izena eman aurretik, eta haien ikuspegia horren gertutik jasotzea, eta gainera gureak ere haiei emanez, pribilegio handi bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.