Eginbeharrak eginda dator

Nazioarteko talde eta artista gehiagorekin eta egitarau osatuagoarekin dator aurtengo Mojo Workin'. Gaur eta bihar ariko dira musikari ezagunenak, Donostiako Gazteszenan

Spyder Turner, Betty Harris, Brenda Holloway eta The Countours taldeetako kideak, jaialdiaren antolatzaile eta laguntzaileekin batera. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Musika beltzaren tenplu bilakatuko da Donostiako Gazteszena aretoa asteburu honetan, zortzigarrenez egingo baitute bertan Mojo Workin' jaialdia. Izen handiko lau taldek jarriko dute dantzan aretoa gaur eta bihar; Spyder Turner eta Betty Harris ariko dira gaur, eta Brenda Holloway eta The Contours, berriz, bihar. Horiez gain, beste lau kontzertu —Archie Lee Hooker with Jake Calypso and The Boggie Band taldeak eman zuen atzo lehenengoa, Tabakalerako Klubaaretoan—, hamabost DJ etabeste hainbat ekitaldi ere izango dira.

Iaz Gazteszena bete ez izanak jaialdiaren gaineko hausnarketa egitera bultzatu zituen antolatzaileak. Sendotzeko urtetzat hartu dute iazkoa, eta orduan eta aurreko urteetan finkatutako oinarri sendo horren gainean pauso berriak emateko asmoa agertu dute aurten. Asmoa egikaritzeko, berrikuntzaz jositako eta ekitaldi gehiago izango dituen egitaraua osatu dute. Gonbidatuei dagokienez, «nazioarteko artista gehiago ekartzen» ahalegindu direla azaldu du antolakuntza lanetan laguntzaile dabilen Iago Irijoak. Onartu du hasieran «gaur egungo taldeak» ekartzeko apustua egin zela, baina nabarmendu du laugarren urtetik aurrera «nazioarteko artista gehiago» eta ibilbide luzekoak ekartzen saiatzen direla. Modu xumean egiten omen dute: «Interneten begiratu, haien kontaktua lortzen saiatu, eta, besterik gabe, haiekin harremanetan jarri». Artista batzuen ego kontuak eta zelebrekeriak gorabehera, orokorrean, erantzun gehienak «oso positiboak» izaten direla gaineratu du.

Gonbidatuen erantzunaren parekoa ari da izaten publikoarena ere, biharko sarrera guztiak salduta eta gaurkoak amaitzeko gutxi batzuk falta zirela egin baitzuten jaialdiaren aurkezpena atzo goizean, Keler garagardoak Donostian duen egoitzan. Alde horretatik, aurtengo jaialdiak «sorrarazitako interesarekin» oso pozik agertu zen Jokin Arizmendi, Mojo Workin'-en atzean dagoen Gure Gauza elkarteko kidea. «Egun fuertea» gaurkoa izango da, haren hitzetan. Jada soularen historian ikono bihurtu diren bi artista, Spyder Turner eta Betty Harris, izango dira taula gainean, Portugalgo rock-and-roll eta R&B eszenako kide esanguratsuz osatutako TT Syndicate taldearekin batera. Detroiten (AEB) kokatu behar da, ezinbestean, Turnerren musikari ibilbidea, Mendebaldeko Virginian (AEB) jaioa izan arren, hango Doo-wop eta R&B taldeekin kolaborazioak eginez sartu baitzen hiriko underground mugimenduan. New Yorkeko Apollo antzokian eginiko talentu lehiaketa bat irabazi izanak lehen diskoa grabatzeko aukera eman zion, eta, ordutik, hainbat talde ezagunekin kolaboratu, eta hainbat R&B abesti arrakastatsu grabatu ditu, You Are Good Enough For Me eta Stand By Me klasikoaren bertsioa, kasurako.

Detroitetik New Orleansera

Musika afroamerikarraren gotorleku den New Orleans (AEB) hiriko ahots ezagunenetako bat da, aldiz, Harrisena, eta hortik datorkio New Orleanseko soularen erregina ezizena. Big Maybellen eskutik eman zuen gospeletik soulerako pausoa, eta antzoki garrantzitsuenetan aritu ziren elkarrekin. 1965ean Allen Touissant musikari eta ekoizlearekin batera, bere ibilbide oparoenari hasiera eman zion, Sansu zigilupean. Garai hartakoa du, esaterako, Nearer To You abesti ezaguna. Turner eta Harris, biak ala biak, gaualdirako gogotsu agertu ziren aurkezpenean. Turner: «Jotzeko gogo handiz gaude. Entseguak oso ondo joan dira, eta abesti bat bera ere ez dugu bi aldiz baino gehiagotan jo behar izan». Publikoari mintzatu zitzaion Harris, azken urteetan jaialdian aritu ez izana ondo konpentsatuko duela hitza emanez. Europako publikoaren eta AEBetakoaren arteko konparaketa egiteko ere aprobetxatu zuen: «Europan desberdina da publikoaren erreakzioa; ia guk baino hobeto ezagutzen du publikoak gure musika. AEBetan ez dago hainbeste errespetu eta interes gure legatuarekiko».

Bi artista horiei Brenda Hollowayk hartuko die erreleboa, eta ideia berari heldu zion: «Europara etorrita, AEBetan gure urrezko aroan bezala sentitzen gara». Detroiteko Motown zigilu ezagunak emandako uzta oparoaren ordezkarietako bat da Holloway. Motowneko soinu moduan ezagutzen denetik distantzia minimo batera kokatu izan da beti, besteak beste, Kalifornia (AEB) izan baitu bai bizileku eta bai eremu profesional nagusi. Halaber, grabazio erritmoa jaitsi gabe, hainbat lan eta abesti arrakastatsu kaleratu ditu.

Motownen barne lan egiteko aukera izan zuen The Countours taldeak ere, eta hori ere zuzenean ikusi ahalko da bihar. Bost abeslariz osaturiko taldea da, eta, besteak beste, Do You Love Me abestia sortzeagatik ezaguna. Bigarren diskoa grabatzear zirela kideak banandu egin ziren, baina, 1970eko hamarkadaren hasieran, berriz elkartu ziren. Ordutik, hainbat aldaketa izan dira taldean, baina bertan jarraitzen du sortzaile nagusiak: Joe Billingsleak. Hark azaldu zituen taldearen hastapenak eta hurrengo ibilbidea, modu umoretsu batean: «1961ean grabatu genuen lehenengoz. Bost kopia saldu genituen; taldekide bakoitzak bat erosi genuen». Handik 26 urtera desberdina gertatu omen zen, besteak beste, Do You Love Me abestia Dirty Dancing filmaren soinu bandan sartzearen ondorioz: «Disko hori bera berriz editatu genuen. Hamalau milioi kopia saldu ziren, eta, kasu horretan, ez ginen gu izan erosleak».

Gertuagoko talde bat, Bartzelonako Soweto, ere ariko da bihar gauean. 1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako soinu afroamerikarra sustrai jamaikarrak dituen musikarekin konbinatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.