Egipto-Sudan, 11 geltokitan

Musika arabiarrari buruzko dokumental sorta zuzentzeko proiektuaren azken zatiari heldu dio Fermin Muguruzak. Al Jazeera Documentary Channel telebista otsailean hasiko da 'Next Music Station' ematen.

Jon Eskisabel.
Irun
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ez du disko berririk grabatu, ez du birarik egin, baina 80ko hamarkadan Kortaturekin musikari ibilbideari ekin zionetik hau izaten ari da urterik lanpetuena Fermin Muguruzarentzat. «Inoiz ez dut horren denbora libre gutxi izan», dio beti esku artean proiekturen bat duen musikariak. Qatarretik itzuli berri da, Al Jazeera Documentary Channel telebistarentzat herrialde arabiarretako musikari buruzko dokumental sortaren lehen zortzi aleak entregatu ostean. Egindako lanari oniritzia eman diote telebistako arduradunek, eta 2011ko otsailean hasiko dira ematen arabieraz. Maiatzetik aurrera Al Jazeeraren ingelesezko katean ere ikusi ahal izango dira, eta litekeena da hurrengo urtearen bukaera aldera DVDan argitaratzea Al Jazeera Documentary Channelek.

Guztira 11 atalek osatuko dute Next Music Station, aurrez ikusitakoek baino bi gutxiagok. Hain zuzen, Aljerian filmatzeko baimenik ez du eman hango gobernuak. «Al Jazeerak oso fama txarra du Aljerian, guda zibilaz geroztik egoitzarik ere ez dauka, eta bertan kamerak sartzeko baimenik ere ez», azaldu du Muguruzak. Aljerian ez ezik, beste herrialde batzuetan ere irudiak hartzeko eta musikariekin elkarrizketak egiteko oztopoak aurkitu dituzte, eta kontrol zorrotza jasan behar izan dute. «Leku guztietan komunikazio ministerioak jarritako pertsona bat izan dugu ondoan, gu zaintzen. Egunero plan bat aurkeztu behar genien, zer eta non grabatu behar genuen azaltzeko. Horren arabera, zaintzaile bat jartzen ziguten edo ez. Gero sekulako harremana egin dugu gu kontrolatzera etorri diren guztiekin».

Egipto, Maroko, Libano, Tunisia eta Siriari buruzko atalak dira bukatuta daudenak -lehen hiru herrialdeek bina kapitulu hartu dituzte, bakoitza 52 minutukoa- eta urritik abendura bitartean falta diren beste hirurak filmatu eta muntatuko dituzte: horietako bi Persiako Golkoko herrialdeei buruz izango dira (Oman, Yemen, Kuwait, Bahrein eta Arabiar Emirerri Batuak) eta azkena Sudani buruzkoa. «Maratoi bat izaten ari da, lan obsesiboa baina zirraragarria» azaldu zuen Qatarrera abiatu aurretik.

Iazko azaroan deitu zioten Al Jazeeratik, Dohako zinema jaialdian Checkpoint Rock Palestinako musikari buruzko filma aurkeztu ostean. Proposamen zehatza egin zioten: urtebetean hamahiru dokumental zuzentzea. Astebeteko epea zuen erantzuteko. Ilusioa eta izua sentitu zituen, biak batera. «Sekulako erantzukizuna da Al Jazeerarentzat lan egitea. Telebista kate gaztea da baina oso komunikazio proiektu handia ari da garatzen, BBC edota CNNrekin lehiatzeko modukoa. Ingelesezko katea sortu du, kiroletarako eta haurrentzako kanal tematiko bana ditu,Documentary Channel...». Astebetean ia ez zuen lorik egin, berehala hasi zen musikari gisa munduan zehar ehundutako konplizitate sarean -ekoizleak, diskoetxeak, musikariak, kazetariak...- hariak mugitzen eta baiezkoa eman zuen. «Sinetsita zeuden baiezkoa erantzungo nuela». Otsailaren amaieran Egipton zegoen, grabatzen.

Hamar hilabete igaro ostean, Al Jazeerako arduradunek emandako konfiantza eta askatasuna nabarmendu ditu Muguruzak. «Nire ibilbidea oso ondo ezagutzen zuten, nire ezaugarriak ondo aztertuak zituzten eta konfiantza jarri zuten nigan. Hori funtsezkoa da horrelako egitasmo bati aurre egiteko». Muguruzaren ustez, Al Jazeerak «ikuspegi neutraleko»norbait nahi zuen, «begirada garbiz jokatuko duena, jelosiak eta inbidiak saihesteko». Lan taldea Muguruzak berak aukeratu zuen, Checkpoint Rock-en aritutako bera, eta herrialde bakoitzean produktore laguntzaile bat izan dute, tokian tokiko musikariekin harremanetan jartzeko eta bestelako informazioa biltzeko.

Abiapuntua, Palestinako dokumentalaren antzekoa zen. «Herrialde bakoitzaren soinu mapa moduko bat egin nahi genuen, alegia, une honetan herrialde horretan nire ustez entzun daitekeen musika interesgarrienaren lagin bat osatu nahi genuen. Beraz, herrialdetik kanpo bizi den musikaririk ez da azaltzen». Halaber, ez zuten estilo batera mugatunahi. «Tradizionaletik, sufi eta gnawa musikak, esaterako, gaur egungo proposamen abangoardistetarainoko esparruan jarri dugu arreta, eta hori zen Al Jazeerak nahi zuena». Hip hop musikak presentzia handia du. «Herrialde guztietan daude hip hop taldeak, eta sekulako maila dago. Interesgarriena da taldeok poetak aipatzen dituztela beti eraginen artean. Poesia erabat txertatua dago hango gazteen artean, eta hortik hip hopera urrats bat dago. Arabian Nights taldeko kide batek esan zidan: 'Poesia guk asmatu genuen, beraz hip hopa ere gurea da'».

Nortasunaren debatea

Egipto hautatu zuen bidaia abiatzeko, arrazoi askorengatik. «Herrialde arabiarretako lehen musika industria Egipton garatu zen. Aurreko mendearen hasieran talentua zuten musikari guztiak Egiptora joaten ziren bidea jorratzera». Bestalde, Afrika eta Asiaren arteko lotura egiten du Egiptok, eta bertan gurutzatzen dira Mediterraneotik, Afrika beltzetik, ekialdetik eta Ingalaterraren kolonialismo garaitik datozen eraginak. «Musikari denek esaten dute handik mendetan pasatako jendeak utzitako ondarea eta eragina nahasi besterik ez dutela egiten». Ondorioz, nortasunari buruzko debatea «aspaldikoa eta etengabea da», are gehiago globalizazioarekin. Horrek, Muguruzaren iritziz, «agerian uzten du gure ezjakintasuna mestizajeari buruz hitz egiten dugunean, mendebaldekook asmaturiko zerbait dela uste dugulako». Egitasmoari heldu zionetik hartzen ari den «etengabeko ikasketa prozesu pertsonal eta artistikoaren» adibide bat da.«Oso zaila egiten zaigu aurreiritzien kontra egitea, baita irekiak garenontzat ere. Herrialde arabiarren irudi monolitiko bat saldu digute komunikabideek, haien arteko ezberdintasunik egon ez balitz bezala, eta guk sinetsi egin dugu. Han konturatzen zara ordea, Marokok ez duela zerikusirik Yemenekin, esaterako, edota Siriako mendietan eta Damasko hiriburuan bizi direnek elkar ulertzeko zailtasunak dituztela, arabiarra ez baita bat bakarra».

Berdin islamismoarekin. Egipton, Assiout hirian, sufi zeremonia bat grabatzeko aukera izan zuten. «Esperientzia ikaragarria izan zen. Ospakizun bat da, Korana abesten dute eta musika erabiltzen dute Jainkoarekin konektatzeko. Askapen teologiarekin parekatu daiteke sufismoa, sozialismoa, berdintasuna, soiltasuna aldarrikatzen ditu, oso modu ireki eta interesgarrian».

Laugarren piramidea

Egiptori buruzko dokumentazioa biltzen ari zela Um Kulsum kantariarekin topo egin zuen. «Laugarren piramidea deitzen diote. Haren bizitzak liluratuta nauka. Hilero irratsaio bat egiten zuen, eta herrialde osoa gelditu egiten zen. Kairoko Zinematekako irudietan ikus daiteke: kaleetan, autoetan... denak irratsaioa entzuten. Hil zenean, Nasserren hiletan baino jende gehiago bildu zen Kairon, milioi bat lagun».

Um Kulsumekin batera, herrialde guztietako musikariekin izandako solasaldietan izen bat errepikatu da: Feiruz libanoarra. «Oso istorio ederrak entzuten dira hari buruz. Esaterako, gerra zibilaren garaian irratiko albistegietan abesten zuen. Horrek esan nahi zuen Libanon zegoela eta, beraz, oraindik bazegoela itxaropena». Hain zuzen, gaur egun ez dagoena. Beiruten bi hilabete eman zituen Muguruzak, eta dioenez, «jendea sinetsita dago berriz etorriko dela gerra»

Musika arabiarraren «bi figura totemikoak» dira Um Kulsum eta Feiruz. «Azpimarragarria da biak emakumeak direla», adierazi du Muguruzak, eta Next Music Station-eko dokumentaletan emakumeek hartu duten protagonismoa nabarmendu du. «Herrialde bakoitzean izan ditugun ekoizle laguntzaile guztiak emakumeak dira. Atal batzuetan artisten erdia emakumeak dira, eta hango jaialdietako programatzaileen artean eta logistikaz arduratzen direnen artean, gehiago dira emakumeak gizonezkoak baino».

Urriaren 20an Kuwaitera joateko hegazkina hartuko du. Handik Bahrein, Oman eta Yemenera joango da, eta azaroaren amaieran bidaiaren azken helmugara helduko da: Sudanera. «Egitasmoarekin hasi nintzenean oso urrun geratzen zitzaidan, eta orain aldiz, oso gertu dagoela iruditzen zait. Nolabait ohitu egin naiz».

Geratzen zaizkion hiru atalak entregatu ondoren hartu ahal izango du atsedena, baina dokumentalei lotuta jarraituko du. Mexikoko Docs DF jaialdian Suena mi pueblo musika dokumentalei buruzko atalaren ardura hartu berri du.



Gizarte eta polizia kontrolen gainetik, bizitzeko grina duen jendea

Tunisian, Marokoneta Egipton erregimen militar bortitzak aurkitu dituztela dio Fermin Muguruzak
J. E. Irun

Eduki politiko nabarmeneko dokumentalak egiteko intentziorik gabe abiatu zen Fermin Muguruza egitasmo honetan, baina ezinbestean herrialde bakoitzeko testuinguru politiko eta soziala zirrikituetatik sartu da orain arte filmatutako ataletan.

Hain zuzen, errealitate politiko gogorra aurkitu dute ia leku guztietan. Bortitzena, Tunisian. «Diktadura militar bat dago, oporretan joaten garenean iruditu ez arren. Beldur handia dago kaleetan, poliziaz josita daude, dena oso kontrolatuta, Youtube debekatuta...». Egipton «lege martziala dago indarrean Sadat hil zutenetik, duela 30 urte. Ezin da manifestaziorik egin, alderdi politikoak debekatuta daude. Kairon milioi bat polizia daudela esaten dute, eta 25 milioi biztanle ditu!».

Marokon material guztia bahitu zieten bi egunez. «Seguruenik bazekiten gutako batzuk Saharako errefuxiatu guneetan egon garela aurretik, eta baimen berezia eman arte ez ziguten utzi sartzen». Egoera politiko eta soziala «hitzen bidez baino gehiago musikaren bidez» azaltzen da dokumentalean, «abesteko erak asko adierazten du», Muguruzaren hitzetan. 80ko hamarkadan Latinoamerikan ikusitakoa ekarri dio gogora. «Jendeak bizitzeko grinadu, eta maitasun itzela dio bere herriari. Hori dena kulturaren bidez adierazten du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.