Euskal Herriko kostaldean hiru zentral nuklear eraikitzea zen asmoa; bat Lemoizen, bestea Ispasterren, eta bestea Deban. Bizkaiko eta Gipuzkoako oso herri gutxi zeuden arriskutik kanpo; asko eta asko, berriz, bi edo hiru zentralen arrisku zirkuluek bat egiten zuten eremuan zeuden. Nork bere herria bila dezake mapan, arrisku maila kalkulatu, orduko beldurra imajinatu, jendearen kexua eta protesta ulertu. Egitura politiko orok nahi du lurraldea kontrolatu. Egitura ekonomiko orok nahi du lurraldea ustiatu. Kontrol politikoa eta ustiaketa ekonomikoa uztartzen dituen egitura bakarra altxatzeko, egitura sinboliko oso bat jarri behar da martxan. Ibon Aranberri (Itziar, Gipuzkoa, 1969) beti aritu da egitura erraldoi bezain ikusezin horren egitura agerian uzten.
Organigrama, Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, «antolakunde konplexu baten egitura adierazten duen eskema grafikoa» da, «elementu guztiak eta elkarrekiko erlazioak adierazten dituena». Hitz horrek, automatikoki, goitik beherako hierarkia zurrun bat dakar gogora, boterea eta agintea. Enpresa handiak, eta gobernuak, haien organigramak, administrazio kontseiluak, lehendakariak, lehendakariordeak, sailburuak, idazkariak, aholkulariak. Nork daki zein den Iberdrolako Administrazio Kontseiluko lehendakaria? Nork eraikitzen zituen Franco diktadoreak inauguratzen zituen urtegiak? Zeinek ustiatzen zituen? Zeinentzako ziren mozkinak? Zenbat irabazten zuten langileek? Non bizi ziren? Eta haran zahar haietan bizi zen jendeak, zer egin zuen? Nora joan ziren? Zer egin zuten etxeekin, elizekin? Zer egin zuten harriekin eta herriekin?
Lan prozesua begi bistan
Bi solairutan dago banatuta erakusketa; goiko solairua instalazio bakar batek hartzen du oso-osorik, eta instalazio horren barruan bere aurreko lanak aurki ditzake ikusleak. Hor daude, esate baterako, Sisiforen mitoa berritu eta gure ingurunean txertatzen zuen Firestone bideoan erabilitako pneumatikoak, edo Ethnics lanean ikusi genituen plastikozko hodiak; hor daude aspaldi bateko Home& Country hartako metalezko apalak, goitik behera etorritako arte zentro bateko liburutegia ekartzen dutenak akordura, edo Disorder sinple bezain eder hura, zorua paretara igota ordenaren haustura ezin hobeto erakusten duena.
Horiek denak daude, eta baita gehiago ere, baina ez dira bukatuta dauden lanak, aldatuz joan dira denborarekin. Bere aurreko lanei memoria berri bat aktibatzeko ahalegina egin du artistak. Burutu ezin izan ez dituen proiektuek gauzatu dituenen status berbera dute. Eta guztiak bildu eta erakusteko modua bera da protagonista oraingo honetan, erakusketaren egitura bera alegia, aldi berean lan bakoitza eta prozesu osoa ematen baitu ikustera.
Sartu eta berehala, ikusleak gela osoaren ikuspegia dauka, goitik hasten da gelaren egitura antzematen, lanak bereizten, loturak egiten. Eskailerak jaitsi orduko, berriz, Found Dead lanarekin egiten du topo, eta irri egiten du ikusleak; frankismopeko Espainian hain usu altxatzen zituzten obelisko horietako baten zatiak daude zoruan sakabanatuta, behin-behineko egoera batean, bazter utzita, alde batetik bestera eramateko desegin eta hurrena berregiteko zain baleude bezala. Egitura sinbolikoa alde erantzira jartzea da artistaren asmoa. Errealitatea eraiki egiten da, gogoratzen digu Ibon Aranberrik. Egitura oso bat ari da horretan lanean.
Natura kultura da
Paisaia bera ere, garbiena izanda ere, naturalena izanda ere, eraikitako irudia da, aspaldi utzi zion natura izateari, kultura da begirada batek bere egiten duenetik. Euskal Herrian hain maitea den mendizaletasuna bera ere, naturaren ikuspegi erromantiko batean dago oinarrituta, eta ederki ikus daiteke hori Exercises on the North Side lanean. Paisaia ez da gizakiaren desioen proiekzio bat besterik.
Ez da ordea paisaiaren ideia hemen kulturari lotuta dagoen bakarra. Naturaren kontzeptua bera da auzitan jarri beharrekoa. Lerro zuzenetan landatutako pinuen lur saila, natura da? Nature Reduced to Cultivation lanean,A-8 autopistaren alboetara ikus daitezkeen pinu lerro ilunak erakusten ditu, autobusetik ateratako argazkietan.
Naturaren eta kulturaren arteko talka garbi ikusten da beheko solairuan. Batetik Política Hidráulica dago. Urtegiei airetik egindako 98 argazki handi dira, paretaren kontra pilatuak, bata bestearen gainean, enpresa handiren batek egoitza aldaketa egiteko paretatik kendu eta kamioian sartzeko prest baleuzkate bezala jarrita. Urtegiak ikusten dira, ondoan eraikitako txaletak, errepideak, presak. Ikaragarria da, ikusteko moduan dauden argazkietatik azpian dauden guzti-guztiak imajinatzea. Haren ondoan, gela berean, Mar del Pirineo aurkituko duzu, izen bereko urtegiaren inguruko dokumentazioaz gain, urtegiaren erliebea negatiboan erakusten duten porlanezko sei pieza handi biltzen dituena, kulturala natural bihurtzen duen ariketa bihurri eta ironiko batean.
Azken gela txikiagoa da, eta ikuslea bilduta sentitzen da, goxo. (Ir.T.nº 513) zuloa. Extended Repertory da, Ibon Aranberrik Iritegiko haitzuloaren sarrera itxi zuenekoa. Dena esateko, gizakiari itxi zion sarrera, saguzarrak kanpora eta barrura ibiltzeko zulo bat utzi baitzuen goi aldean. Bideoan jada itxitako haitzulora egindako txangoa ikus daiteke, eta ondoan, Gipuzkoako haitzuloen mapa bat, haitzulo bakoitzaren fitxa eta argazkia. Eta ondoan, soilik erakusketa honetarako, Iritegiko haitzuloan aurkitu zituzten hezurrak eta hondakinak, txukun-txukun jarrita. Lur azpitik hasita altxatzen dira egiturak.
Egituraren egitura
'Organigrama', Ibon Aranberrik Bartzelonako Tapies Fundazioan paratu duen erakusketa, maiatzaren 15era arte izango da ikusgaiAzken hamar-hamabost urteotan egindako lanen berrikusketa proposatzen du artistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu