Musika

EGOk bere historiako proiektu handienari ekin dio

Euskal Herriko Gazte Orkestrak musikari gazteen topaketari hasiera emango dio bihar, aurrekontu murritzago batekin aurten.

2013ko uztailaren 11
15:00
Entzun

Gaur aurkeztu du Euskal Herriko Gazte Orkestrak udako denboraldiaren programa. Bihar hasiko da musikari gazteen topaketa, Eibarko Hezkuntza esparruan. Guztira, 70 neska-mutil elkartuko dira Txaikovskiren 5. Sinfonia prestatzeko, besteak beste. Uztailaren 23 eta 29 bitartean izango dira kontzertuak, Euskal Herriko hiriburuetan eta Hondarribian.

"Nazioarteko errepertorioa aukeratu dugu. Aukera paregabea izango da musikari gazteentzat musikaren lan munduan sartzeko”, esan du Juan Jose Oconek, EGOko zuzendariak. Musikaren munduan Ibilbide luzea duten zazpi irakasle gonbidatu ditu EGOk aurtengo musikari gazteen topaketara. Bihar hasi eta hiru egunez taldeka lan egingo dute gazteek, kalitatezko irakasleekin. Horietako gehienak Euskadiko Orkestra Sinfonikotik datoz. Ostean, Txaikovskiren 5. Sinfonia prestatzeari ekingo diote, zeina lau kontzertuetan pieza nagusia izango den.

EGOk entzunaldiak egingo dizkie orkestrako antzinako eta egungo kide diren hogei musikariri. Horien bitartez, orkestra profesionaletan praktikak egiteko aukera emango diete. Aurten, orkestra hartzailea Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da. “Etorkizunerako apustua da EGO. Gaztetasunak eta freskotasunak egiten du berezi orkestra hau. Musikari gazteen kalitatezko prestakuntzaren alde egin du Kultura Sailak”, azaldu du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburordeak.

Jadanik hamasei urte igaro dira Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu zenetik, eta 150 kontzertu baino gehiago eman ditu dagoeneko. 1.200 musikari inguru pasatu dira orkestratik. “EGOren bitartez euskal musikari gazteei orkestra musikan trebatzeko bide alternatiboa ematen zaie. Eta, bide batez, euskal kultura nazioan eta nazioartean ezagutarazten da”. Proiektu berri honen prestakuntzak dakarren poztasunarekin batera, ordea, murrizketak ere iritsi dira musikaren arlora. Aurreko urteetan baino irakasle gutxiago ekarriko dira aurten, eta aurrekontu murritzago batek “prestakuntza zailtzen” duela dio orkestraren zuzendari artistikoak. Hala ere, Muñozek azaldu du argi dutela EGO “beharrezkoa” dela: “Kulturaren aldeko apustua egiten ari gara, baina beste zenbaki batzuk planteatu behar ditugu aurrera egiteko”.

Kontzertuen lekuak eta datak honako hauek dira:

Uztailaren 22an Bilbon, Euskalduna jauregian, 20:00etan
Uztailaren 23an Donostian, Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan
Uztailaren 24an Hondarribian, Itxas Etxea entzun aretoan, 20:00etan
Uztailaren 29an Gasteizen, Principal antzokian, 20:30ean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.