Egokitutakoen hamabi adibide

Bizidunen egokitzeko gaitasunaz hausnartu du Iñaki Larreak Ziudadelako 'Yo arbol' erakusketan

Zuhaitzak dira Iñaki Larrearen Yo arbol erakusketako protagonista nagusiak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zuhaitz bakartiak. Horiek dira Iñaki Larrea argazkilari iruindarraren Yo arbol (Ni zuhaitz) argazki erakusketako protagonistak; inguru zabal batean bakarrik bizi diren zuhaitzak. Guztiei esanahi bat topatu die Larreak, irudia ikusi, eta barnean eragindako sentimenduekin lotutako esanahia. Izan ere, argazkilariak adierazi duenez, naturan ikusten zuen horrek eragiten ziona komunikatzeko beharrak eraginda hasi zen argazkiak ateratzen. Hala, heldu den abuztuaren 21a bitarte, izango da helarazi nahi dituen sentimendu horiek ezagutzeko aukera, Iruñeko Ziudadelako Labean.

Natur argazkilaritzat du bere burua Larreak. Hori da argazki kamera bidez harrapatzea interesatzen zaion bakarra, natura. «Naturarekin zorretan nagoela sentitzen dut, eta, horregatik, argazkiak egiteko bestelako gaiak ez zaizkit interesatzen», onartu du. Hala, erakusketaren lehen unetik bisitariari jakinarazten dio gainontzeko argazkien modu berean zintzilik dagoen testu baten bidez, erakusketaren muina zein den: «[...] Gure aztarna antropogenoak oroitarazten digu bizitzaren iraunkortasuna [...]». Testua irakurrita jakin daiteke, ikusgai diren hamabi argazkietako zuhaitzak egokitzen, iraunkor izaten jakin duten zuhaitzak direla.

Dividido (Zatitua) da erakusketako lehenengo argazkia. Irudi bertikala da. Zuhaitz sendo bat ageri da, hostorik gabeko zuhaitza. Adar asko ditu. Goranzko joera dutenek eragiten dute zatiketa zuhaitzean. Bakarrik ageri da, ingurunean ez du ezer. Zuri-beltzean egina dago argazkia: «Zuriak eta beltzak oso ondo bakartzen du forma, eta kontraste handiak emateko aukera eskaintzen du». Hain justu, horregatik, zuhaitz horiek ingurunean eragiten duten kontrasteagatik, erakusketa osatzen duten gainontzeko hamaika irudiak teknika berarekin eginak dira.

Zuhaitz bakartien bila

Izan ere, ikuslearen arreta erakarri nahi du artistak. Hiri eta herrietatik oso gertu dauden guneetan izan den eraldaketaz jabetu dadin bilatzen du. Esanahi berezia duten zuhaitz bakartien bilaketan ahalegin handia egin behar izan du: «Zuhaitz batzuk paseoan nenbilela topatu ditut. Beste batzuk, berriz, bilatu eta bilatu aritu naiz, nahi nuen hori aurkitu arte». Erakusketa osatzen duten argazki gehienak Nafarroan eginak diren arren, badira Burgosen eta Huescan (Espainia) ateratako argazkiak ere.

Zenbaitetan, zuhaitzez gain, une zehatz bat ere harrapatu du Larreak. Eguzkia sartzen ari den momentu berezi horretan ateratako argazkia, Onírico (Ametsa) deiturikoa, da horren adibide. Argazkiaren erdigunean dagoen zuhaitz sendoaz gain, egunaren amaieran begi bistaz landa, sartzen ari den eguzkiaren printzak ageri dira. Zuria eta beltza dena gris ere bilakatzen du eguzkiak. Indartsu ageri da, udako eguzkia balitz bezala. Pentsa liteke argazkia ez dagoela udazkenean egina, lehortu gabeko hostoz betea baitago argazkiko protagonista.

Yo arbol erakusketa, Iñaki Larreak autore bakar moduan egiten duen lehenengo erakusketa da. «Ahalegin handia egin dut bilatzen nuen hori aurkitzeko. Baina emaitzarekin oso pozik nago», onartu du. Larrearen lanik pertsonalenak daude Ziudadelako Labea aretoan. Zuhaitzak baliatu ditu bere ni intimoena azaleratzeko.

Aurrera begira, hainbat proiektu ditu esku artean. Egun, Frantziako Pirinioetan bizi da. Bera bezalako natur argazkilari batentzat «paradisua» dela onartu du. Han egindako egonalditik material interesgarria lortzea espero du, eta, bide batez, hori erakusketa «txukun» baten bidez azaltzea. Horrela, naturarekin sentitzen duen zorra kitatzeko moduan izango da artista, ikusten duenak sortzen dion sentimendua apurka bada ere askatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.