Ametsen mundua eta errealitatea nahastuko ditu Roland Schimmelpfenningek idatzitako eta Agurtzane Intxaurragak, Borja Ruizek eta Laia Ricartek zuzenduriko obrak.
Eraikin bat du oinarri Gau Arabiarra-k; eraikin bat eta bertan bizi diren bost lagunen istorioak. Ez dira, aitzitik, kontakizun errealistak edota lauak, "magiaz" beterikoak baizik. "Iraganaz, bizitakoaz, arbasoez, pertsonaiek bizitzan izaten dituzten eraldaketez, oroimen primitiboaz zein gizakiaren sinesmenetaz hitz egingo du". Horrela definitu dute lana. Eta definizioa borobildu du Intxaurragak: "Mestizajearen antzerkia da. Ikuskizun bitxia. Egileak dramaturgia berezi bat egin du".
Ezaguna da taularatuko duten emankizuna; izan ere, Schimmelpfenningen lana 22 hizkuntzatara itzuli da. Gaztelerazko bertsioa, La noche árabe, orain gutxi aurkeztu dute Bilbon hiru konpainiek, eta harrera oso ona izan duela nabarmendu dute. Sei asteburutan hamalau emanaldi eman dituzte, eta 1.400 ikusle bertaratu dira.
Horregatik, euskarazkoak ere arrakasta izatea espero dute. Nolanahi ere, bada aldaketarik batetik bestera: antzezle taldea ezberdina da. Euskarazkoa Kandido Urangak, Ramon Agirrek, Ainhoa Aierbek, Martxelo Rubiok eta Ane Pikazak [gaztelerakoan ere parte hartu du] osatzen dute. Bestalde, musika girotzea Iker Bergararen eskutik egingo dute.
Obra konplexua
"Nola demonio egingo dugu obra hau?". Galdera hori iltzatu zitzaion hasieratik Intxaurragari buruan, Gau arabiarra-ren zailtasuna dela eta. Baina asmatu egin du. Hala ere, oholtzan ematea "erronka handia da". Hori dela eta, funtsezkoa izan da antzezleen egitekoa. Hala nabarmendu du Martxelo Rubiok: "Ia-ia zirujau baten prezisioa behar izan dugu".
Erronkak erronka, kontent daude emaitzarekin. "Sekulako ikuskizuna da. Eskarmentuz diot. Uste dut bagarela nor halako zerbait esateko, nahiz eta barruan egon", esan du Kandido Urangak.