Ehiza eguna

Inoizko aurrekontu altuena duen euskarazko filmaren eszena ikusgarrienak filmatzen ari dira egunotan Habanan. 'Dragoi ehiztaria' Patxi Barkok zuzendutako lanaren filmaketa taldeak Kubako armadaren eta zinema industriaren laguntza jaso du azpiegitura egoki eta aholku teknikoetarako.

Imanol Magro Eizmendi.
Berriemaile berezia. Habana
2009ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Hauts harrotuaren lainoak uxatu ditu beldurrak. Zuzendariaren aurpegiak bilakaera nabarmena izan du. Tentsioa aldendu eta aurpegiko giharrak lasaitu zaizkio. Txantxek tokia dute orain. «Arrakasta izan da», dio Patxi Barkok, taldeko kide guztiei bostekoa luzatzen dien bitartean. Lasai hartu du arnasa azkenean, Dragoi ehiztaria filmaren eszena zail eta ikusgarriena grabatzea zegokion, eta dena ondo irten da. El Salvadorko contra talde paramilitarren helikopteroa irudikatzen duen Kubako armadako erraldoi mekaniko hegalariak ez du kale egin, eta aktoreek bikain egin dute lana. Asier Hormazak aurrez aurre begiratu dio bezperan ikusi zuenean liluratu zuen makinari, eta bizirik irten da. «Dragoiak ez du dragoia irensten, hori da mezua», zehaztu du Barkok, mauka motzarekin izerdia lehortzen duen bitartean.

Kuban ari dira filmatzen Dragoi ehiztaria, inoizko euskarazko pelikularik garestiena -bi milioi eta erdi euroko aurrekontuadu-. Angel Amigok idatzi du gidoia, eta Asier Hormazak El Salvadorrera Farabundo Marti gerrillakoekin batera borrokatzera joaniko ETA pm-ko kide ohi baten rola jokatzen du. Filmaketa Euskal Herrian hasi zuten, eta zazpi asterako daude Kuban, ICAIC Kubako Arte eta Industria Zinematografikoko Institutuarekin batera lan egiten. Taldearen %80 kubatarra da, ICAICk loturikoa, eta Barko oso pozik dago haiekin. «Zinema asko eginiko jendea da, ia ez zaie ezer azaldu behar, asko errazten dituzte gauzak».

Helikopteroaren eszena, baina, desberdina da. Filmeko une klabea da, lehendabizi Gorkaren (Hormaza) herrixkari erasotzen dio, eta bigarren pasaldian protagonistak eta makina pare-parean gelditzen dira, elkarri begira. Ondo lotu beharreko eszena da, helikopteroak, Kubako armadako MI-25 bat -1980ko hamarkada hasieran Sobietar Batasunak Afganistanen erabili zuen modeloaren eredu berria- ordu gutxi batzuetarako bakarrik dagoelako, eta ezin da lurreratu. Hirurogeita hamar figurantek eta bost espezialistak borobiltzen dute eszenaren konplexutasuna, eta horri tiroak eta lurreko «eskopetinak», balen inpaktua simulatzen dituzten leherketa txikiak, gehitu behar zaizkie.

La Salud herrian batu da filmeko talde guztia eszena filmatzeko, eta herriko kuxkuxeroekin jendetza are handiagoa dela dirudi. Filmaren 70 kokalekuetako bat da, eta 1980ko hamarkada hasierako El Salvadorko herri baten antza du. Goiz hasi dituzte entseguak, 08:00ak aldera, eta Aitor Vitoria zuzendari laguntzaileak, megafonoa askatu gabe, gidatzen du aktore dantza. Behin eta berriz errepikatu dute, ezerk ezin du kale egin, MI-25a agertzean harraldi guztiek onak izan behar dute. Hormazak eta figuranteek -gerrillariak, zaurituak, medikuak...- korrika ihes egiten dute, eta hiruzpalau hiltzen dituzte. Barko ez dago gustura entseguarekin, «hobeto koordinatu behar dute, hirugarrena berandu iritsi da», oihukatu du. Berandu iritsi den aktoreari gerturatu zaio, benetako AKM fusila (kalaxnikov) darama eskuetan, eta FMLNko xingola gorri-beltza besoan, eta espezialistak onean hartu ditu zuzenketak.

Hamabost segundo

09:00ak aldera trumoi mekanikoa entzun da, badator munstroa, herensuge bat irudikatzen duten itsasgarri erraldoiekin. Zerua ziztu bizian gurutzatzen duten MIG gerra hegazkinen motorrek bakarrik egiten diote itzal burrunbari. Hegazkinak dira zuzendariaren beste buruhausteetako bat, aireportua gertu baitago. Helikopteroarekin batera Ramirez teniente koronela gehitu zaio zuzendari multzoari. Zinemazalea da militarra, eta bere ardura da helikopteroko gidariei aginduak ematea walkie-talkie bidez. Aginduak ematera ohituta dago, eta kameratik begiratuta aholkuren bat edo beste ematen dio Barkori. Badu eskarmentua, ICAICk Angolakoan eta beste hainbat gerratan girotutako film asko ekoizten ditu urtean.

Lehen harraldia erasoarena da. Helikopteroak indar handia du, eta oholek hauts mordoa altxatu dute. Grabazio inguruan dauden guztiak hareaz estali ditu, eta 30 graduko beroa eta eguzkia jasangaitzago bihurtu. Teknikariek bazekiten, eta ondo babestu dituzte kamerak. Makinaren hegaldia aktoreekin koordinatu behar da, eta Vitoriak kalkulatu behar du nola biek bat egin, zeruko makinatzarra eta lurrekoak. MI-25a herri gainean dago, Hormazak pareta batean hartu du babes, eta bost hildako daude. Susmo bat zabaldu da taldean, ondo irten da, eta Barko korrika doa pantaila txikira nola gelditu den ikustera. Pozik itzuli da. «Oso ona izan da». Lanak fruituak eman ditu. Bi aldiz gehiago errepikatu dute eszena, eztanda txikiekin eta plano desberdinak bilatzeko asmoz. Gauzak ondo doaz, eta nabaritzen da La Saludeko aldartean.

Goiza, baina, ezin zen arazorik gabe igaro, zerbait gertatu beharra zegoen. «Kuban gaude, ezin dena lehenengoan ondo irten», iruzkin ironikoa teknikari batena da. Bigarren eszena ia ordubete atzeratu behar da, atzerriko agintari baten hegazkina -Hugo Chavez Venezuelako presidentea Habanan egon da azken egunetan-aireratzera doa, eta tarte batean aire eremua mugatua da. Artean, ez dago denbora galtzerik, eta taldeak eszena txiki pare bat filmatzeko baliatzen du etena.

Arazo handiena, baina, beste bat da. Bigarren eszenan helikopteroak lurreratzea eta ospitale baten atzetik irtenez Hormazarekin «duelua» irudikatzea zen asmoa. Ramirez tenienteak ez du ametitu, ezinezkoa da lurreratzea, haizeak alboko soroak hondatuko lituzke eta inguruko etxeetako teilak botako. Arriskua benetakoa da, aurreko eszenako grabazioetako batean haizeak produkzioko toldo bat bota du, eta bi estrak ospitalera joan behar izan dute, leun zaurituta.

Erabaki bat hartu behar da, bizkor. Barkok helikopteroak atzera eta aurrera egin dezakeen galdetu dio tenienteari, planoan etxe atzetik sar dadin. «Beno, egin daiteke», erantzun du militarrak. Une batean plangintza goitik behera aldatu da, «hamabost segundoan hartu beharreko erabakiak dira», aitortu du zuzendariak. Kale edo bale da. Urduritasuna nabaritzen da, eta MI-25a urrundu egin da. Gerturatzean eszena martxan jarri da, Hormaza bizpahiru hildakorengana gerturatu da, eta munstroarekin topo egin du. Efektua bikain irten da, astiro agertu da, etxe atzetik, muturra jaitsi eta behera begiratu du. Armak kale egin du, eta protagonista ez du hil. Horixe nahi zuten, inprobisazioak arrakasta izan du eta lehen algarak entzuten dira. Zirrara hedatu da, eta hurrengo bi harraldiak ere onak dira. Dena ondo irten da. «Nahi genuen efektua da, bikain irten da», laburbildu du Barkok.



Zineman eta telebistan urte askoko esperientzia eta nazioartean aitortutako ospea duen talde teknikoa ari da laguntzen 'Dragoi ehiztaria' filmean. «Lan hau jolas bat da, baina jolas serioa», diote.

«Luxu» kubatarra

I. Magro. Habana

ICAIC-rekin sinaturiko hitzarmenak asko erraztu du lana. Aurrekontu murritzaren balioa biderkatu egiten da Kuban, eta Patxi Barko, Aitor Vitoria eta Euskal Herritik joaniko multzoak ondo trebaturiko profesionalak ditu alboan. Atrezzolariak, argi teknikariak, apaintzaileak, jostunak... urteak daramatzate filmak grabatzen. Hormazaren hitzetan, «luxua» da halako ibilbide profesionala duen jendearekin lan egitea. Edozein teknikarik urteak daramatza filmaketetan sartuta; efektu berezietakoek, adibidez, ehunka film beliko egin dituzte, eta Euskal Herrian oso zaila litzateke tiroen efektua hobeto egingo lukeenik aurkitzea.

Kalitate horren eredu dira Magdalena Alvarez eta Nereida Sanchez makillatzaileak, «curriculum luzea dugu», esan dute harro. Alvarezek, adibidez, Espainiako Zinema Akademiak ematen duen Goya sari bat irabazitakoa da Tirano Banderas filmarengatik, baina jasotzera joaterik ez zuen izan. Biek duela 30 urte ikasi zuten ofizioa, teknikari txekiar batek emandako hiru urteko ikastaro batean. «Zure lana maite baduzu, ez zara nekatzen, nekatuta altxa zaitezke, baina maitasun bera mantendu behar duzu beti. Jolas bat da, jolas serio bat», dio Alvarezek. Taldekide guztiek goratzen dute haien lana, errespetu handia sortzen dute. Haiek ere gustura daude. «Nazioarteko talde asko etorri dira hona, eta euskal herritarrena onenetakoa da». Zuzendariak eta produktoreek figuranteen mahai berean bazkaltzen dute, eta hori deigarria egin zaie.

Filmean parte hartzen duten aktore ugari aski ezagunak dira Kuban, eta telebistan lan asko egindakoak dira. Baina figuranteen artean ere bada euren lana zintzo demonio egiten duenik. Agustin Raul Perezek 70 urte ditu, eta bere ibilbidean publizitate ugari eta rol txikiak izan ditu Kubako film askotan. Dragoi ehiztaria-n esaldi bakarra du, eta gero hil egiten dute. Goizean lau ordu egin ditu lurrean etzanda, altxatu gabe, hilarena egiten. «Lokartu eta guzti egin naiz! Halakoetan geldi egon behar da, eta ni profesional bat naiz, ez diot kamerari begiratzen». Eskua luzatzen dio hitz egiten dion orori, odol faltsuz betea du, alkandora zuria bezala, eta bere eszena bukatu den arren ez du garbitu. «Esan dut profesionala naizela, eta zuzendariak esan arte ez dut garbituko, badaezpada ere». Perezek, era berean, azken iritzia bota du filmaketa utzi aurretik. «Hau pelikula ona da, istorioa ona da eta tiroak ditu». Eskarmentuaren eta profesionaltasunaren ahotsa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.