Ehun urte, antzezlan batean bilduta

Eusko Ikaskuntzaren historia taularatuko du DOKE taldeak, 'Hamaika amaren seme (alaba)' lanarekin. Bihar estreinatuko dute, Oñatin

Hamaika amaren seme (alaba) antzezlanaren pasarte bat. EUSKO IKASKUNTZA.
Miren Garate.
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Lourdes Iriondoren ahotsean egin zen ezagun Amaika Amaren Seme, Resurrecion Maria Azkuek aurkitutako Karlismo garaiko kanta. Karlismoa amaituta zegoen Eusko Ikaskuntza sortu zenerako (1918), baina haren zipriztinak agerikoak ziren artean ere. Ideologia, maila sozial eta jatorri ezberdineko pertsonek sortu zuten erakundea, eta bi ideiak uztartuz, Hamaika amaren seme (alaba) izenburua jarri dio Josemari Velez de Mendizabalek haren mendeurrenaren harira idatzi duen antzerkiari. Bihar estreinatuko dute, Oñatin (Gipuzkoa),erakunde zientifiko-kulturalaren 18. kongresuaren itxiera saioarekin bat eginez.

Azken ehun urteen laburpena egiten du antzezlanak: Euskal Herriarena, eta, aldi berean, Eusko Ikaskuntzarena. «Beti esaten dut paralelotasuna dagoela Euskal Herriaren historiaren eta Eusko Ikaskuntzarenaren artean: Eusko Ikaskuntzan islatzen dira, argi eta garbi, unean uneko tentsio ekonomikoak, tentsio politikoak, sozialak eta abar. Ezin daitezke bereizi bata eta bestea». Istorioa idaztea ez zaiola zaila egin kontatu du Velez de Mendizabalek, azken urteetan Arrasateko (Gipuzkoa) Doke antzerki taldean murgilduta baitabil, eta, horrez gain, gertutik ezagutzen baitu Eusko Ikaskuntza: zuzendari kudeatzailea izan zen 1994tik 2010era.

Mendearen lehen hereneko pizkundea, 36ko gerrak eta segidan etorri zen frankismoak behartutako «hibernazioa», diktadorea hil ostean sortutako itxaropenezko aroa eta handik 40 urte ingurura dagoen deslilura aipatzen ditu, besteak beste. Tonu ezberdinak hartzen ditu, beraz. Une tragikoak antzeztea tokatzen zaie pasarte batzuetan aktoreei, baina badira eszena alaiak ere. «Itxaropenari alegoria bat egiten zaio. Gaur egun, derrigorrez, aurrera begira gaude».

Vene Herrero antzerkigile arrasatearrak zuzendu du obra, eta Doke taldeak berak taularatuko du, Aramaioko (Araba) gazte batzuekin batera. Zuzendariaren esanetan, hiru pertsonaiak hezurmamitzen dute Eusko Ikaskuntza, eta horiek eramaten dute istorioaren haria. «Egoera batzuk oso larriak izan dira urte hauetan guztietan, eta, horiek kontatzeko, pertsonaiek Eusko Ikaskuntzarena egiten duten bitartean, eszena batzuk edo bideo batzuk jarri ditugu, hobeto ulertzeko gertatzen ari dena».

Herri gehiagotan ere bai

Musikak ere presentzia handia du antzezlanean. Sabin Salaberri musikariari eskatu diote pieza batzuk egiteko propio, eta une jakin batzuei lotutako melodia adierazgarriak ere berreskuratu dituzte. Zuzeneko musika izango du ikuskizunak; hain zuzen, pianista bat egongo da, eta txalaparta doinuak ere entzungo dira. «Koro bat ere badaukagu, eta egiten dutenaren bidez kontatzen dute haiek», azaldu du Herrerok. Denboraren bilakaera adierazteko, jantziak dira beste elementu garrantzitsu bat. Eszenografia, berriz, Iñigo Arregik egin du.

Velez de Mendizabalen nahiz Herreroren esanetan, oso aberasgarria izan da Dokeko taldekide beteranoen nahiz antzezlanera batutako gazteen arteko elkarlana. Haize freskoa ekarri dute azken horiek, eta, aldi berean, Euskal Herriaren eta Eusko Ikaskuntzaren historia hobeto ezagutzeko aukera izan dute, antzerkian kontatzen diren gauzetako batzuk ezezagunak baitzitzaizkien.

Mende oso batek askotarako ematen duen arren, 65 minutura ekarri ditu gertaera nagusiak Velez de Mendizabalek. «Antzezlan hau ez da ikasgai magistral bat; gure ustez 100 urte hauetan gertatu dena islatu dugu, ikuskizun gisa. Jendeak ordubete entretenigarri bat pasatzen badu, gu gustura».

Biharko emanaldia gonbidapenak dituztenentzat izango da, baina etzi berriro egingo dute antzezlana, On?atin bertan, publiko zabalarentzat. Ondoren, herri hauetan izango da Hamaika amaren seme (alaba) ikusteko aukera: Arrasaten (abenduak 2), Aramaion (abenduak 16), Irun?ean (urtarrilak 12), Bilbon (urtarrilak 26), Donostian (otsailak 2) eta Gasteizen (otsailak 16).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.