EHZ festibalak gogoetarako gune eta gai ugari proposatuko ditu

Eskaini ikuskizunez haratago doala azaldu, eta jaialdia gogoetarako gunea ere badela erran dute antolatzaileek

Baiona
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibaleko kideek atzo aurkeztu zituzten aurtengo ekitaldian gogoeta bultzatzeko prestatu dituzten eztabaida, mahai inguru eta egitasmo artistikoak. « Hiru urte dira jada gogoeta bultzatzeko gunea sortu dugula. Proposatzen ditugun kontzertu eta jaialdiaz gain, festibalak babesten dituen balioei buruzko hausnarketa bultzatzea gainerakoa bezain garrantzitsua da antolatzaileontzat. Bertaratzen direnek eztabaidetan murgildu eta askotariko ikuspuntuak jorratzeko parada izan dezatela nahi dugu», azaldu zuen Eneko Etxegarai EHZko presidenteak. Bestalde, EHZ Euskal Herri guztiko festibala bilakatzeko duten nahia azaldu zuen Etxegaraik, eta gaineratu asmo hori bultzatu eztabaida eta mahai inguruetan islaturik geldituko dela.

Besta bai, gogoeta ere bai

Ekainaren 29tik abian emanen da konferentzia gunea. «Inguratzen gaituzten gaiak aipagai izanen dira. Aurten krisiaren gaiari emanen diogu garrantzi berezia, arlo guztietako krisia dugula azalarazi nahian. Hala nola identitate, harreman sozial eta irudimen krisia», azaldu zuen Txomin Catalogne, konferentzia guneko laguntzaileak. Sexualitatearen gaiari buruzko tailer bat antolatua izanen da ekainaren 30ean, goizean, «bizi tabuak hausteko bidean», azaldu du Catalognek. Historia eta irudimen gaiak ere jorratuak izanen dira larunbatean bertan, Asisko Urmeneta eta Edorta Barruetabeña Gartxot filmaren egileen eskutik. « Herri baten historia zertan oinarritzen den aipatuko da, irudimena landuz aldi berean. Historiak ez baitu zertan finkoa izan», erran zuen Catalognek. «Nola eraiki biharko Euskal Herria?» galderari erantzuteko asmoz, munduko txoko ugaritatik etorri gonbidatuei emanen zaie hitza antolatutako mahai inguruetan, baita bertakoei ere. Hala nola Suediako JAK elkarteak dirua interesik gabe herritarrei uzteko jarri duen egitasmoa zer den azalduko du Nuria Albetek. Aldi berean, Iruñeko Jasone Mitxeltorenak,Auzolan liburu eta proiektuaren berri emango du.

Catalognek azaldu duenez, euskal preso politikoen egoera salatu eta haien «presentzia» bultzatze aldera, ekainaren 29an eta 30ean erakusketa bat ikusgai egongo da presoek egin argazki eta tinduekin, baita sakabanaketaren gaia landu duten artisten sorkuntzekin ere. 29an bertan, Debekatua dago oroitzea dokumentala ikusgai izanen da, eta, aldi berean, irrati saioa grabatua izanen da, ondotik kartzeletako irratietako uhinetan emanen dena. Uztailaren 1ean, berriz, euskal presoen aldeko lipdub-a grabatuko da bertaratuko den jendearekin. Datorren urriaren 13an Baionan izanen den manifestazio nazionalerako deia eginen da bide batez.

Arte sorkuntza eta bertako artistei bultzada emateko, hainbat artistak festibaleko gunea apainduko dute. Bestalde sorkuntza bultzatzea xede duen Sorgin egitasmoaren bidez, EHZko laguntzaile diren Kitzikatzan/k eta Battitta4ttitta antzerki taldeko bost lagunek Behelaino antzezlana aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.