Queen of the Minor Key bosgarren diskoa aurkeztuko du Eilen Jewell kantari estatubatuarrak egunotan Euskal Herrian. Gaur, Bilboko Kafe Antzokian ariko da gaueko bederatzietan, eta bihar, Donostiako Gazteszenan, iluntzeko zortzi eta erdietan.
Estatu Batuetako musikaren sustraiak bereganatu dituen kantautore horrek estilo anitz lantzeko duen erraztasuna azpimarratu dute adituek, nahiz eta askok country garaikidearen dama ezizena jarri dioten. Eilen Jewellek folk eta country doinuak jotzeaz gain, ederki astintzen du gitarra rockabilllya zein gospela abesteko.
Bob Dylan eta Van Morrison moduko artisten eragina nabaria da haren kantuetan. Desesperantzari eta galbideari buruzko abestiak egiten ditu. Talde sendoa lagun duelarik etorri da Euskal Herrira Eilen Jewell Queen of the Minor Key disko berriko abestiak aurkeztera. Bosgarren lana bere ibilbideko ilunena eta tristeena izan arren, orain arteko bikainena dela diote haren jarraitzaileek. Ñabarduraz betetako lan horretan zazpi abesti daude, musikalki zein baino zein aberatsagoa.
Radio City kantuan izen bera duen diskoetxeko lagun madrildar batzuei abesten die. I Remember You blues kanta gozoaren ondoren, entzuleak dantza bizian jartzen dituen rockabilly kanta dago. Malenkoniaz betetako Santa Fe abestiak Mexikon bizitako gaztarora hurbiltzen du Jewell. Warning Signs kantuan soul doinuz girotuko du kontzertura doan entzulea, eta, bukatzeko, Reckless abestiarekin country eta western musikaz girotuko du agertokia. Kanta ilunen artean That's Where I'm Going ere aipatu behar da.
Ibilbide labur baina oparoa
Idahon, AEBetan jaio zen Jewell, duela 35 urte, eta sei urteko epe laburrean bost disko luze grabatu ditu. 2005ean grabatu zuen Nowhere in Time lehen maketa. Jarraian ia urtero disko bat atera du. Adierazgarrien artean daude Sea of Tears diskoa eta Loretta Lynnen bertsioez grabatutako Butcher Holler.
Eilen Jewellek country eta folk doinuak ekarriko ditu Bilbo eta Donostiara
Kantari estatubatuarrak 'Queen of the Minor Key' bosgarren diskoa aurkeztuko du gaur eta bihar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu