Miguel Martin. Donostiako Jazzaldiko zuzendaria

«Ekartzen saiatu garen artista guztiak hemen izango dira»

Pandemiak baldintzatutako bi jaialdiak atzean utzita, zuzendariak uste du Donostiako Jazzaldiak arriskuak hartu behar dituela, eta talde berriak ezagutarazi.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2023ko uztailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako 58. Jazzaldiaren atarian, Miguel Martin zuzendariak (Donostia, 1956) lasaitasuna mantentzen du. Sarrera salmenta ondo doa, eta, begiratu ahal izan duenez, uztailaren 21etik 25erako eguraldi iragarpenak onak dira. «Azkeneko momentura arte ez dago modurik jakiteko, edozein unetan aldatzen delako, baina, oraingoz, ona ematen dute».

COVID-19aren ondorioz ezarritako murrizketen ondorengo lehenengo jazzaldia izan zen iazkoa. Balorazio ona egin zenuten, baina antzeman duzue pandemiak utzitako arrastorik?

Publikoari dagokionez, nik uste dut gure publikoa hor dagoela, ez dela joan. Gera zitekeen etxean, baina uste dut jazzaren zalea ez dela kikiltzen. Beste ondorio batzuk ere izan ditu pandemiak, eta horietako batzuk bai sumatu ditugu. Esaterako, musika jaialdien kopurua izugarri hazi da, erotzeko moduan, gehiegi. Batzuek bolumen ikaragarria hartu dute, eta beste batzuk, iragarri ondoren, ezin izan dira egin ere. Horrek bai eragin digu. Alde batetik, beste batzuekin lehiatu behar dugulako publikoaren arreta bereganatzeko; eta, bestetik —eta hau inportanteagoa da—, kaos txiki horrek eragin duelako artisten prezioak asko igotzea. Horri gehitu behar diogu, gainera, dena garestitu dela, inflazioaren eraginez.

Gelditu da jazzaldira etorri gabe diru gehiegi eskatzen zuen artistaren bat?

Ez. Artistaren bat gure ahalmenaren gainetik dagoela sumatuz gero, ez diogu eskaintzarik egiten. Ekartzen saiatu garen artista guztiak hemen daude, data arazoengatik etorriko ez direnak gorabehera. Baina esperientziak esaten digu norengana jo dezakegun eta zein egon daitekeen, ekonomikoki, gure eremutik kanpo.

Iaz, Iggy Popen kontzertuak 80 euro balio zituen, eta, aurten, Norah Jonesenak, 95. Joera goranzkoa da.

Bai, prezio altuak dira, baina alderatuz gero inguruan ikusten ari garen beste kontzertu batzuetakoekin, umeentzako prezioak dira. Momentu honetan, urtean zehar Jazzaldiarekin edota Donostia Kulturarekin zerikusirik izan gabe Kursaaleko auditoriumera etortzen diren artisten prezioak begiratuz gero, garbi ikusten da guk jartzen ditugun prezioak merkatutik behera daudela. Dena dela, Norah Jonesen kontzerturako sarrerak oso azkar saldu dira, eta horrek erakusten du, batzuei garestia iruditu arren, hori ez dela oztopoa izan haren jarraitzaileentzat.

Noiz hasten zarete jazzaldi baten aldia konfiguratzen?

Orain dela hiru hilabete hasi ginen 2024koa prestatzen, eta programazioaren % 70-80 inguru lotuta daukagu dagoeneko. Azken urteetan, gero eta lehenago lotzen dugu programazioa, eta uste dut ondo datorkigula, hainbat jaialdik —eta ez naiz ari jazz jaialdiez— dimentsio oso handia dutelako eta oso goiz lotzen dituztelako artistak hurrengo urterako. Gu ezin gara atzean gelditu. Adibide bat emango dizut: aurtengo jaialdirako sarrerak abenduan jarri genituen eskuragai, eta lehenengo hiru egunetan %40 saldu genituen. Horrek esan nahi du badugula zain dagoen publiko bat.

Nola joan da, azkenean, sarreren salmenta?

Iazkoaren antzera ibiliko gara, eta 2022a urte oso ona izan zen.

Zenbateko aurrekontua duzue aurten?

Zenbaki biribiletan, 2.100.000 euro. Iaz baino 80.000-100.000 euro inguru gehiago. Jakina, 2020an eta 2021ean askoz aurrekontu txikiagoa izan genuen; 600.000 euro ingurukoa. Baina esango nuke aurrekontu horrek balio digula jaialdiaren maila mantentzeko.

Eta nola banatzen da aurrekontu hori ekarpenei dagokienean?

Donostiako Udalaren ekarpena milioi bat eurokoa da, eta hor sartzen dira lantaldearen soldatak ere. Gainerako milioia ekarpen pribatuaren, sarrera salmenten, merchandising-aren eta bestelakoen ekarpenekin osatzen dugu.

Orain dela bi urte sartu zen Keler babesle nagusi gisa. Noiz arteko hitzarmena daukazue?

Kontratua hiru urtekoa da, eta aurten amaituko da. Baina, printzipioz, segitzeko asmoz daude, eta guk geuk ere hala izatea nahi dugu. Beraz, segituko dugu.

Iaz, Zurriolako agertokia berreskuratu zenuten, jazzaldiko agertokirik jendetsuena, baita programazio irekiena eskaintzen duena ere. Irizpide jakin batzuk dauzkazue hor programatzeko?

Batzuetan, artista jakin batzuk ekarri nahi ditugu jazzaldira, baina ez diegu ikusten lekurik beste agertoki batzuetan. Adibidez, aurten, Ezra Collective edo Blue Lab Beats. Bestealde, belaunaldien arteko artistak ekartzen saiatzen gara. Iaz, Simple Minds izan zen; orain dela urte batzuk, Joan Baez eta Ray Davies... eta, aurten, Village People. Nik esango nuke, gustatu ala ez, jende guztiak ezagutzen duela Village People, eta ziur naiz jende asko gerturatuko dela hondartzara, kuriositatez bada ere. Eta, azkenik, publiko gazteago batengana iristen ere ahalegintzen gara, indie musikaren eta tokiko eskaintza indartsuaren bitartez. Iruditzen zaigu artista batzuentzat bultzada polita izan daitekeela Zurriolan jotzea.

Aurten, Zetak dago.

Hasieran, [Pello Reparazek] ezetz esan zigun, ez zuela kontzertuak emateko asmorik, baina, azkenean, iritzia aldatu, eta bertan izango da. Uste dut agertoki hori artistentzat ere erakargarria dela.

Village People 1970eko hamarkada amaierari oso lotuta dagoen talde bat da, eta, 80ko hamarkadaz geroztik, apenas atera duen kantu solterik.

Uste dut ez dugula geure burua engainatu behar Village Peopleri dagokionean. Kantu bilduma jakin bat dauka, eta apenas joango den inor haien kantu berriak entzutera. Oso ezagun egin ziren kantu haiekin gozatzeko eta ondo pasatzeko kontzertu bat izango da.

Egun horretan bertan Fred Wesleyk jotzen du.

The New JB's taldea izango du ondoan, oso talde indartsua. Eta Village Peopleren proposamena, nolabait, itxia izango denez, iruditu zitzaigun ondoren benetako sortzaile bat jartzea egokia izan zitekeela. Wesley jazz musikaria da, baina James Brownekin jo izan du hogei urtean baino gehiagoan, haren musika zuzendaria izan da, eta funk musikaren sugarra mantentzen du gaur egun. Uste dut lehenengo egunerako bi proposamen oso ezberdin direla, baina biek dantzara bultzatuko gaituztela.

Abdullah Ibrahim, Enrico Rava eta Yosuke Yamashitak jasoko dute aurten Donostiako Jazzaldiaren saria. Hirurak beteranoak eta jatorri ezberdinekoak.

Hori da, eta hiruretako inor ez da estatubatuarra. 81-82 urteren bueltan daude, eta saria 2020an edo 2021ean ematea zen asmoa, orduan 80 urte beteko zituztelako. Baina hiruretako inork ez zuen bidaiatu urte haietan. Hain zuzen, Yamashita kontzertu honetarako besterik ez da mugituko.Aurten hiru sari tokatu dira, eta uste dut hirurek asko merezi dutela.

Hirurak gizonezkoak dira. Ez da izan emakumezkoren bat saritzeko aukerarik?

Jazza, gure bizitzako beste esparru batzuk bezala, gizonezkoen eremua izan da hamarkadetan. Zorionez, azkeneko hamarkadetan emakumeek egindako lanak ere errekonozimendua izan du. Jakina, badira saria merezi duten emakumeak, eta eman izan ditugu. Oroitzen naiz Shirley Horni saria eman genioneko une hunkigarria, Toshiko Akiyoshik jaso zuenekoa, Mary Stallingsena... Saritu izan ditugu emakumeak, baina... sortzaile gazteak sarituko bagenitu, ez izan zalantzarik emakume askoz gehiago azalduko zirela zerrendan, baina ari gara 80 urtetik gora diren musikariei buruz, eta belaunaldi horretan gizonezkoak modu ikaragarrian dira nagusi.

Iaz, jazzaldiaren balorazioa egitekoan, aipatu zenuen Louis Cole eta Ben Lamar Gayren kontzertuak agian ez zirela egokiak Trinitaterako.

Gu beti saiatzen gara arrisku pixka bat hartzen, baita Trinitate plazan ere. Iaz, Cole eta Lamar Gayrekin arriskatu ginen, baina ez zuten funtzionatu. Arriskuak hartzeak hori dauka. Batzuetan, zoragarri ateratzen da, eta beste batzuetan, ez. Aurten, adibidez, Abdullah Ibrahimen ondoren Nubya Garcia programatzeak ere badu arrisku puntu bat, jende askorentzat berria izango delako. Baina ez hori bakarrik: Enrico Rava bera ez da musikari komertzial bat, eta haren ondoren inork ezagutzen ez duen talde batek joko du, Davis Helbock's Austrian Syndicatek. Pentsa, taldearen estreinaldiak Donostian izan behar zuen, nahiz eta azkenean beste kontzertu gutxi batzuk ere eman dituzten. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Iruditzen zait ondo funtzionatuko dutela, baina, horretarako, arriskuak hartu behar dira. Azken batean, arriskuak hartzearen oinarrian nahi pedagogiko bat ere badago. Zerbait interesgarria iruditzen bazaigu, ezagutarazi dezagun.

Kursaaleko programazioa Kenny Barron eta EGOren arteko elkarlanarekin hasiko da. Nola sortu da hori?

EGOk interes handia zuen jazzaldian izango den musikariren batekin lan egiteko, eta ikusi genuenean Kenny Barron hari orkestra batekin landutako proiektua ari zela aurkezten, iruditu zitzaigun ezin hobe zetorrela.

Bestelakoan, programazio askotarikoa du Kursaalak.

Bai, Norah Jones eta Ben Harperren atzetik aspaldi genbiltzan, eta Pat Methenyren kasuan, berriz, ez zaio gustatzen beste inorekin jotzea. Beti eskatzen du beste inork ez jotzeko aurretik edo ondoren, eta izugarri maniatikoa da muntatzearekin eta halakoekin. Egon zitekeen Trinitate plazan, baina, egoera horretan, Kursaala oso ondo egokitzen zaio. Eta Rocio Marquez eta Bronquiori dagokionez, egiten duten musika bat edo bestea dela, iruditzen zait 2022ko diskorik interesgarrienetakoa dela haiena.

Egingo zenituzke jazzaldirako hiru proposamen?

Jaialdia harribitxiz beteta dago, eta esfortzu txiki bat egin beharko genuke haiek ezagutzeko. Baina, adibidez, munduko jazz saxofoi jole guztiek izugarri miresten duten musikari bat Jerry Bergonzi da. Ez du musika komertziala egiten, eta ez da oso ezaguna publiko orokorrarentzat, baina zoragarria da. Bigarren gomendio bat: The Side Effects talde norvegiarra. Lehenengo diskoa ateratzekoak dira orain, eta saxofoi jole bikain batek gidatzen ditu. Eta hirugarrena: Damir Imamovic. Ez du jazza egiten, baina iruditzen zait Europan dagoen kantaririk onenenetakoa dela. Hiru kontzertuak doakoak dira, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.