Euskal Kultur Erakundeak joan den ostiralean iragarri zuen EKE-Elkar fundazioaren bekaren irabazlea nor zen. Bi urtetarik behin antolatzen duten deialdiaren irabazlea Eneko Bidegain da aurten. Ipar Euskal Herriko literatura sorkuntza sustatzeko helburua du bekak, eta 6.000 euroko diru laguntza ukanen du eleberria idazteko; 2026ko larrazkenean argitaratuko du.
Eneko Bidegainek aurkezturikoa Hegal egiten eleberri proposamena da, eta egiazko gertakarietan oinarritua da. Izan ere, Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia (Elkar, 2020) argitaratu ondotik, Iparretarrak (IK) erakundeko bi kideren ihesaldia kontatuko du. 1986ko abenduaren 13an, Paueko presondegitik eskapatu ziren, dozena bateko lagunez osatu taldeak lagundurik.
Ikusi gehiago
Eleberriko protagonista nagusia Maddi Hegi izanen da. Pauetik ihes egin eta sei hilabetera hil zen Poliziak harrapatu ondoan. Horrenbestez, IK-ko militante baten ibilbidea eta ihesaldia kontatuko du Bidegainek, fikzioa eta errealitatea josiz.
EKEren arabera, aurten kalitate handiko hainbat obra errezibitu dituzte. Maddi Ane Txoperenak, Elise Diletek eta Castillo Suarez Garciak osatu dute epaimahaia, eta, narrazioaren kalitateari, euskara mailari, gaiaren erakargarritasunari eta aurkezpen orokorrari behatu diote deialdira aurkeztu obren analizatzeko. 2023an, Idoia Rodriguez Mondragonek lortu zuen beka Euri (Elkar, 2023) argitaratzeko. 2021ean, berriz, Adur Larreak ukan zuen dirulaguntza Lurbinttoko ohoinak (Elkar, 2022) eleberri grafikoa karrikaratzeko.