Ekin edo ez ekin, horra auzia

Bere bigarren nobela kaleratu du Jon Ariza de Miguelek, 'Haizeari begira', Elkar argitaletxearekin

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nola lortzen da zoriontasun edo atsegin gehiago, desira bat egia bihurtuz, hori gerta dadin pausoak emanez, edo, ezer egin gabe, nork bere barne munduan irudikatuz? Galdera horixe planteatu du Jon Ariza de Miguel idazleak (Portugalete, Bizkaia, 1979) Haizeari begira nobelan; bigarrena du, iaz atera baitzuen lehenengoa, Ohe hotzak izenekoa —Elkarrekin argitaratu ditu biak—.

Izen zehatzik jarri ez dion gizon bat du protagonista. Europako uharte txiki bateko hotel zahar eta txiki batera iritsi da, eta bigarren egunean hasiko da bost egunez korapilatuko duen auzia. Anaiaren zain dagoela, emakume baten itzala ikusi uste izan du leiho batean: jakin-mina sortuko dio, handitzen-handitzen, obsesio bihurtuko zaiona, eta denbora luzez geldituko da leiho ondoan, hura berriz noiz agertuko, hura gehiago ezagutzeko gogoz.

«Ekitearen eta ez ekitearen arteko barne borroka da gai nagusia: ea zer den hobea, ekiteko gogoari bide ematea, eta txarto irtengo delako arriskuarekin jolastu, edo ez ekin eta gerta zitekeena zuk zeuk asmatu eta nahi duzun bezala atera dadila», azaldu du idazleak. Alde horretatik, azkenean, andre misteriotsu hori ezagutzeak ez du hainbeste eragiten istorioaren garapenean, Ariza de Miguelen esanetan.

«Zaletasun bitxiak ditu protagonistak, sibarita samarra da...», nabarmendu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, gorbataren korapiloari protagonistak ematen dion garrantziari erreparatuta. «Irakurtzea gustatzen zaio», erantzun dio, barrez, Ariza de Miguelek. Beste alderdi bat ere aipatu du Mendigurenek: «Ez ditu Ramon Saizarbitoriaren nobelak irakurtzen, baizik eta XIX. mendeko teologiari buruzko tratatuak». Zein zaletasun izan, edo plazera zeren bidez jaso ez da arazo, idazleak nabarmendu duenez: «Gaur egun, zilegi da edozein zaletasun izatea inork epaitu barik, eta, zentzu berean, protagonistak bere zaletasunak ditu, plazera ematen diotelako, baina arazoak ez datozkio horiek garatzetik, partekatzetik baizik: zenbat eta arraroagoak izan zaletasunak, zailagoa izaten da norekin partekatu topatzea».

Protagonistaren anaia da nabarmentzen den beste pertsonaietako bat. Desberdinak dira izaeraz, baina ez kontrajarriak, Ariza de Miguelen ustez: «Elkarren osagarri direla esango nuke. Badirudi ezberdinak direla, joera oso desberdinak dituztela, baina elkar definitzen dutela esango nuke, ez ezberdinak direlako, baizik eta elkarrekin daudenean desberdintasun horiek agertzen direlako».

Bigarren liburua idatzita, idazteko bi modu daudela ondorioztatu du, «orokorrean». Lehenengo liburuan, pasarteak jasotzen aritu zen urte eta erdiz, eta horiek guztiak lotuko zituen haria asmatu zuen gero. Bigarrengoan, haria zeukan, eta ondoren joan da «perlak edo abalorioak» gehituz kontakizun nagusiari. Bi liburuak idunekoak balira bezala ikusten ditu, hari batez eta apaingarriz osatutakoak.

Gogoeta askoko nobela

Nobela «bitxia, singularra eta desberdina» da Ohe hotzak, Mendigurenen ustez, eta Haizeari begira ere halakoxea dela uste du: «Ez da gutxi; esan nahi dut, idazle bati beti eskatzen diogula desberdina izatea, edo nortasuna edukitzea, eta honek badu». Ez dago ekintza askorik, editorearen esanetan, baina badu beste zerbait: «Nortasuna izateaz aparte, era guztietako gogoeta interesgarriak ditu: pertsonaiak aurkeztu eta haien bitartez haien gogoeten berri ematen du, edo idazlearen gogoeten berri, nork daki». Barre txikia atera zaio Ariza de Migueli hori entzutearekin batera, eta bat egin du harekin: «Aparteko gertaerarik edo ekintzarik ez du topatuko irakurleak, baina bai ekintzen eta ekitearen inguruko gogoetak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.