Buruz buru (V). Maider Zilbeti

Ekintzaren teoria

Lausoa da teoria eta praktikaren arteko muga Maider Zilbetirentzat, eta feminismoak, arteak eta aktibismoak bat egiten duten bidegurutzean jartzen du begia horregatik.

Inigo Astiz
Donostia
2012ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Fina da pentsamenduaren eta ekintzaren arteko muga Maider Zilbetirentzat (Donostia, 1977). Oso fina. Behin eta berriz gurutzatzen du berak, gurutzatu duenik ere gehiegi axola gabe. Areago: gurutzaketa bera da bere jardunaren ardatza. Hiru puntako zirkulua osatzen dute bere kezkek. Mugimenduan baino ulertu ezin den hiru puntako zirkulua: ikerketa feministatik aktibismora, aktibismotik arte sorkuntzara, eta arte sorkuntzatik ikerketa feministara. Bidegurutzean du beti begia. Hori da bere jarrera politiko eta intelektuala. «Militantzia feministari esker ikasi dut nik taldean pentsatzen. Hor ohartu naiz ekitearen eta pentsatzearen arteko mugaren lausotasunaz». Pentsalari gisa egindako elkarrizketan, etengabe igartzen zaio pentsalari hitzarekiko deserosotasuna. «Ni ez naiz pentsalari bakarka. Ni naiz pentsalari interakzioan».

Filosofia eta antropologia ikasketak egin zituen, eta pornografia hautatu zuen masterreko ikerketa gaitzat. Ikuspegi feministatik landutako pornografia: post-pornografia. Politika, artea, teoria eta praktika; mugaldekoa zen gaia,eta mugalde hori da Zilbetiri interesatzen zaiona. Izan ere, 60ko hamarkadaz geroztik masan ekoitzi zen pornografiaren generoaren irudikapena zalantzan jarri eta plazer zein sexualitate eredu irekiagoak proposatzea da pornografia mota horren asmoa. Plazera ere politizatzea. Erabat heldu gabea zen oraindik eztabaida Euskal Herriko feminismora Zilbetik ikerketa hasi zuenerako, baina jadanik nahiko barneratuta dagoela dio. «Pornografiaren alde ala kontra; hori zen dilema AEBetan eta Kanadan. Zerbait aipatu zuten hemen garai hartan gaiari buruz, baina ez zen eztabaida sakonegia izan. Raquel Osborne ikerlariaren eskutik heldu zen gaia Espainiara, eta hala heldu zen Euskal Herrira ere».

«Jarrera politiko bat da hau», dio. Ez da hedonismo inozoa, hedonismo militantea baizik. Boteretze ariketa bat, funtsean. «Gorputza ezagutzera eramaten zaitu plazeraren dimentsio ezberdinak ezagutzeak; gorputz mugak ezagutzera. Subjektu ekintzaile berria eraikitzera. Eta ez bakarrik sexu ekintzetan. Beste ekintzetarako eta beste antolamendu batzuetarako ere boteretzen zaitu horrek. Pornografia edo barneratzen duzu zure diskurtsoan edo ez, baina argi geratu dena da feminismoak proiektu politiko bezala aurrera egiteko gorpuztasunaren inguruan hausnarketa sakona egin behar duela. Eta baita plazeraren inguruan eta nortasunaren inguruan ere. Hori guztia barneratu behar da pertsonalki eta politikoki. Eta lan hori egin dasubjektibazio prozesu berriak eraikitzeko».

Balio dezake adibide gisa post-pornografiaren kasuak. Artean zentratu du bere jarduna azken urteetan. Feminismoarekin eta aktibismoarekin muga egiten duen artean. Generoa eraiki egiten zela ohartu zen feminismoa lehenik, eta jokatu egiten dela gero; performatu egiten dela. Gorputzaren inguruko irudi berrien beharra sortu zuen horrek. Eta hor sartzen da artearen garrantzia. «Feminismoaren plastikotasun baten beharra» aipatzen du Zilbetik. «Beharrezkoak dira material bisualak eta plastikoak begirada berriz hezitzeko».

Artearen makulua

Horregatik pornografiarena?

Ikuspegi feministetatik landutako pornografiak aldatu egin du gorputzaren kontzeptua. Gorpuztasunaren kontzeptua ekartzen du, sexualitatearen kontzeptua irekitzen du, eta publiko eta pribatuaren arteko mugak lausotu egiten ditu. Emakumeen sexualitateari buruzko hausnarketa puntu asko abiatzen ditu.

Eta zer paper du arteak hor?

Arte feminista ezagutza prozesu bat da. Teoriari plastikotasun bat ematen dio. Praktikara eramaten du jarrera hori. Akademiak gutxitan aitortzen du, baina ezagutza prozesu bat da. Baina egia da papereko teoriek gero eta gehiago begiratzen diote artista feministen lanei. Bisualitate hori gabe teoria feminista herren gelditzen da. Beharrezkoa du.

Hain zuzen ere hori da azken urteetan egiten zabiltzan ikerketaren ardatza. Arte zentro garaikideen eta pentsamendu feministaren arteko bidegurutzea aztertzen ari zara.

Gogoeta feminista arte espazio garaikideetara heltzen denean, praktikara eraman nahi izaten da. Ez da soilik gelditzen ezagutza formalean. Plus bat ematen diote arte zentroek teoriari, eta horregatik izan dira garrantzitsuak azken hamabost urteetako feminismoan. Teoria feminista badago, mugimendu feminista politikoa ere bai, eta arte espazio garaikideak esperimentaziorako gune izan dira. Teoriak eta mugimenduak bat egiten dute arte sormenaren bitartez. Teorian pentsatutakoa bizitzeko aukera eskaintzen dute.

Euskal Herrian zortekoak izan garela diozu. Zergatik?

Artelekun queer politikei buruzko eta begiradari buruzko gogoetak hasi zituen Erreakzioa-Reacción izeneko taldeak. 1997an izan zen hori. Sólo para tus ojos, el factor feminista en las artes visuales (Zure begientzat bakarrik, feminismo faktorea arte bisualak direla eta) izeneko jardunaldiak egin zituzten. Hausnarketa feministari eta orduan hasita zegoen queer mugimenduari espazioa eman zioten artistak bildu zituen orduko hark. Hiru astez eskaini zion espazio bat Artelekuk esperimentazio eta gogoeta bide horri. Aurrekari bat izan zen. Esperimentazio eskola bat.

Zilbetik dioenez, gune baliagarria izan da arte espazio garaikideena feminismoarentzako. Eta ezkontza hori aztertzen pasa ditu azken urteak. Norabide aldaketa bat ere sumatzen du, ordea, eta ezin kezka ezkutatu. «Sortzaileak oso kritikoak izan dira Euskal Herrian. Pentsalarien pare aritu dira. Begira nondik gatozen: hor dago Jorge Oteizaren presentzia, adibidez. Eta gero Angel Badosek, Txomin Badiolak, Ibon Aranberrik, Itziar Okarizek, Azucena Vieitesek eta beste artista askok hartu dute lekuko hori. Baina hemendik aurrera nora goaz? Hori da nire galdera. Hamarkadetako lana pilatu dugu, eta egun oso baliagarria da bildu dugun diskurtso kritiko hori guztia. Baina bizirik mantendu behar da. Lekua egin behar zaie esperientzia horiei egungo kultur ekipamendu eta ekoizpen berrietan. Hori da hemendik aurrera zaindu behar duguna».

Badu oinarririk kezkak. Zilbetiren ustez, denbora gutxian leku handia galdu du diskurtso kritikoak Euskal Herriko arte garaikideko zentroetan. Diskurtso feministak bereziki. Artelekun, adibidez, hori gertatu omen da, eta antzera Gasteizko Montehermoso zentroan ere. «2008. urtean Xabier Arakistainen zuzendaritzarekin, eta arte eta kultura ekoizpen feministari lekua egiteko beharra ikusi zuten Montehermoson. Eta behar hori ikusi bazuten izan zen hutsunea ere ikusi zutelako. Xabier Arakistain zuzendaria halako proiektu batekin heldu zen Montehermosora orain urte batzuk. Eta proiektu haren arabera etxean berrikuntza lanak egin behar zirela erabaki zuten. Egiturazkoak. Baina Arakistain jadanik ez da zuzendari, eta ez da halako lanketarik egiten».

Hurbiletik ezagutu du Zilbetik Artelekuren kasua. Interesez jarraitu ditu bertan eman diren eztabaidak eta Zehar aldizkariko zuzendari ere izan da urteetan. Dioenez, askatasunak egiten du berezi artea. Izan ere, beste jakintza esparruetan baino lausoagoak dira sorkuntzaren mugak, eta horrek bilakatzen du interesgarri. Erabat etxekotu gabe egote horrek. Adibide bat aipatzen du Zilbetik. Pertsona bat: Maria Ptqk arte kudeatzailea. Zuzenbidea ikasi zuen Ptqk-k, baina urteak daramatza arte proiektu feministak gauzatzen, politika publikoen inguruan eztabaidatzen, eta feminismoari buruz eta biopolitikari buruz hitzaldiak ematen. Mugaldean bera ere. «Abokatua da ikasketaz, baina arte esparruan baino ez dute hartzen kontuan bere lana. Arte instituzioetara eta sortzaile sareetara jo behar izaten du horregatik bere ekimenak garatu ahal izateko diru bila. Ezin du bere lana zuzenbideari eskainitako guneetan aurkeztu. Ez dute halako proiektu irekientzako lekurik. Eta orokorra da joera hori. Gaur egun hainbeste saltzen den diziplinartekotasuna ez da benetakoa. Diziplinartekotasunak behar ditu guneak, eta baita esperimentaziorako espazioak ere». Eta artea da gune hori Zilbetirentzat.

Etiketen arazoa ere existitzen da, ordea. Izenak traba egiten dio batzuetan izanari, baita artean ere, eta arte feministaren kasuan bereziki. «AEBetan, Erresuma Batuan eta Europako gune batzuetan egin den arte mota bati deitu zaio arte feminista, baina gaur egun etiketa horrek ez du balio handiegirik. Gutxi dira bere artea arte feministatzat jotzen duten artistak. Eta agerikoa da horren zergatia: kategoria horren pean dauden lanak ikusezin bilakatzen dira. Arrisku hori dakar arte feministaren etiketak. Horregatik, gaur egun artista gehienek feministak direla aitortzen duten arren, ez dute beren artea feministatzat izendatzen».

Irudien indar eta arriskua

Borroka politikoak ere irudiak behar dituelako, horregatik da baliagarria artea politikan: metaforak eskaintzen ditu. Eta, Zilbetik dioenez, metaforak beharrezkoak dira errealitate berriak amesteko. Bi aho ditu, ordea, ezpata horrek. Ekintza politikorako aukera berriak eskaini arren, errealitatearen zati batzuk ezkutatu egiten ditu. Demagun egungo emakumeak XXI. mendeko amazonak direla esaten dugula. Konparaketarekin irudi bat eskaintzen diogu egungo emakumeen borrokari, baina era berean, konparaketak bazterrean uzten ditu egungo emakumearen aspektu asko. Metafora murriztailea dela esaten du horregatik Zilbetik, eta beste figura bat proposatzen du: figurazioa.

Dioenez, irekiagoa da. «Metaforak ez bezala, figurazioak onartu egiten ditu konparaketako elementuen ezaugarri guztiak, eta esperientzia berriak ahalbidetzen ditu. Amets berriak. Donna Haraway pentsalaria jar daiteke adibidetzat. Ziborgen irudia erabili zuen berak. Bere hitzetan gorputzaren luzapen gisa tresna asko erabiltzen ditu gizakiak gaur egun, eta horregatik gorputza eta generoa pentsatzeko beste modu bat proposatu zuen; ziborgarena. Robot horiei feminismoaren esperientzia gehitu zien, eta, beraz, feminismoaren aldeko figurazio bat sortu zuen. Ez zuen irudi hori esklusioan oinarritu. Esperientzia berriak gehitu zizkion lehenago ezagutzen genuen errealitate bati. Puskatu egiten du horrek metaforaren itxitasuna. Boteretze ariketa bat da».

Garrantzitsua da aldea. Azken finean, nor bere espektatibekin lotuta dago nork bere buruaz duen irudia. Baita politikaren arloan ere. Chela Sandoval autorearen kasua aipatzen du hori azaltzeko Zilbetik. «Chicana kontzeptua erabiltzen du berak bere lanetan. AEBetako pentsalari lesbiana feminista bat da Sandoval, baina mexikarra da jatorriz. Bere kasuan metafora aurpegian dagoela dio. Aurpegian du idatzita bere chicana-tasuna.Baina irudi horri esperientziak gehituz gero, metafora murriztaile hori puskatu egin daiteke. Izan ere, norbaitek bere burua chicana-tzat badu, eta besteek chicana-tzat badute espektatiba zehatz batzuk izango ditu pertsona horrek. Ekintzarako aukera zehatz batzuk. Sandovalek aldarrikatu bezala, ordea, metafora horri esperientziak gehituz gero, kontzeptua aberastuz joango da, eta pertsona horrek eta inguruak espektatiba gehiago aitortuko dizkio chicana izateari. Plastizitateak lagun dezake metaforaren mugak hausten».

Teoriaren apropiazioa

Baina artisten lana ez da ilustrazio lana ere. Beti dago teoriarekiko erresistentzia puntu bat, ez?

Itziar Okariz artistari entzun diot nik kexa hori. Teoriak apropiatu egiten ditu arte lanak batzuetan. Badu Mear en espacios publicos y privados izeneko lan bat (Gune publiko eta pribatuetan pixa egiten). Piezaren izenburuak azaltzen duena da artistak egiten duena; gune publiko eta pribatuetan egiten du pixa. Tren geltoki batean, auto baten gainean, arte galeria batean... Maskulinitatearen performancea egiten duela esan dute teorialariek, baina kexuka entzun dut Okariz horregatik. Berea ez da irudi bat, berea ere ezagutza prozesu bat da. Ez du ezagutza hori teorizatzen; artea da berak gogoeta horiek sortzeko duen modua. Bere sorkuntza ez da ezagutza teoriko bat ilustratzeko bide bat, beste ezagutza mota bat baizik. Konpartituz gero, bi alorrak aberastuko dira, baina artea ez da teoriaren argazki bat. Plastizitateak laguntzen du teoria, baina beti du teoriari ihes egiten dion zerbait.

Eta zerbait iheskor hori da Zilbetiri interesatzen zaiona. Dena mugimenduan mantentzen duen zerbait hori. Ikerketa feministatik aktibismora, aktibismotik arte sorkuntzara, eta arte sorkuntzatik ikerketa feministara doan hori.

Bihar: Daniel Innerarity.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.