KRITIKA. Antzerkia

Ekuadortik, maisulana

(ID_13562604) (/EZEZAGUNA) imagen
Carlos Gallegos, 'Barrio Caleidoscopio' antzezlanean.
2024ko otsailaren 4a
05:05
Entzun

BARRIO CALEIDOSCOPIO

Izenburua: Quartier kaléidoscope (Barrio Caleidoscopio). Egile, zuzendari, aktore: Carlos Gallegos. Aktore zuzendaritza: Gonzalo Gonzalo. Musika: Miguel Sevilla. Tokia: Baiona, La Luna Negra antzokia. Eguna: Otsailaren 1a.

Alfonsitoren desio handiena kalera irten eta izkina egiten duen dendatxoan opiltxo bat erostea da. Opiltxo bat… edo bi, aurrezkien eta ekonomia mundialaren arabera. Badago, ordea, Alfonsito bere irrika gozo eta xumetik aldentzen duen etsai nagusi bat: beldurra. Beldur dio Alfonsitok kaleari, eta berau irudika dezakeen ia edozeri. Eguzki izpiei ere zuhurtziaz begiratzen die, haren etxe ilunean sar daitezen utzi baino lehen… hautsez beteriko etxe ilun, zahar, bakarti hori.

Euskal —edo europar— testuinguruan, inor gutxik uler lezake kaleak protagonistari eragiten dion izua, etxeko atea zeharkatu ondorengo abentura, ogi koskor baten bueltan mugitzen diren desirak… Carlos Gallegos ekuadortarrak idatzi, antzeztu eta zuzendutako obra honek haren herriko kale eta auzoetako ispilu mingotsa erakusten digu, desberdintasun soziala, injustizia eta biolentzia islatuz; baina, Barrio Caleidoscopio (titulu originala, gazteleraz) hori baino askoz gehiago da. Artista handien pareko, Gallegosek giza arima ekartzen du eszenatokira, emozio guztiak bete-betean eta biluztasunez besarkatuko dituen pertsonaia gorpuztuz; haren zaurgarritasuna errespetu, erruki eta maitasun handiz erakutsiz.

Etxetik dendara, dendatik etxera, Alfonsitoren barne-unibertsoa ezagutuko du ikusleak, eta maitemindu egingo da. Egunerokotasunetik abiatuz, detaile txikiak eta gai unibertsalak elkarbizitzan arituko dira. Kritika honek orain arte kutsu samurra nagusitu duen arren, egile ekuadortarrak umorearena du lurralde ezagunena, eta clown zein teatro gestual edo fisikotik edaten du, ordubetean aulki sinple batetik altxatu ere egin gabe keinuak eman diezaiokeen baliabide guztiak esplotatu eta ikusleak poltsikoan sartzeko. Barrea eta drama lotzen ditu, maisutasunez landutako testu poetiko batez lagundurik.

Lan honen aberastasunak ikuspuntu askotatik ikertzeko aukera ematen digun arren, denaren gainetik haren edertasuna azpimarratuko nuke: sakonki hunkigarria egiten den edertasun argitsu bat. Ondorioz, ez da harritzekoa Barrio Caleidoscopio hiru hizkuntzatan, mundu osoan zehar hamarkada batez baino gehiagoz oholtzaratu izana. Hala jarraitu dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.