Eleberri batek hartuko du Jokin Muñozen Bizia lo ipuin liburuaren lekukoa, eleberriak baitira epaimahaiak euskarazko literaturaren arloko Euskadi sariko finalista izateko hautatu dituen lau liburuak: Harkaitz Canoren Belarraren ahoa, Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da, Xabier Montoiaren Blackout eta Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak.
Haur eta gazte literaturaren, itzulpenaren eta gaztelaniazko literaturaren arloetako Euskadi sarietako finalistak ere izendatu dituzte. Atal guztietako epaimahaiek urrian hartuko dute azken erabakia, eta sari banaketako ekitaldi ofiziala azaroaren 22an egingo da.Euskarazko literaturaren arloan ez ezik, itzulpenaren arloan ere finalista da Julen Gabiria, James Mathew Barrieren Peter Pan euskaratzen egindako lanarengatik kasu horretan.1997az geroztik dute Euskadi Literatura sariek egun duten formatua. Aurreko aroan, lehiaketa formatua zuten: egileek nork bere lana aurkeztu behar izaten zuten, modu anonimoan. 1997az geroztik, aurreko urteko lanik onenak saritzera bideratuta daude Euskadi sariak. Urte osoko lanen artean aukeratzen dituzte finalistak epaimahaikideek. Egileek ez dute, horrenbestez, beren lanak aurkeztu beharrik.Euskal literaturako Euskadi sarirako lau hautagaietako inork ez du aurretik Euskadi saria jaso, baina Montoiari Euskadi sarietako Zabalkunde saria eman zioten 1998an, Gasteizko hondartzak ipuin bildumagatik. 1999an eman zen azkeneko aldiz Euskadi Zabalkunde saria. Hiru urtez baino ez zen eman beraz.1997an Aingeru Epaltzak irabazi zuen euskal literaturako Euskadi saria, Tigre ehizan nobelarengatik. Zabalkunde saria Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi. Gerra kronikak-entzat izan zen urte hartan; haur eta gazte literaturakoa Bernardo Atxagaren Xola eta basurdeak-entzat; itzulpenekoa Jose Morales Beldarentzat, M.J. Lermontoven Gure garaiko heroia-ren itzulpenagatik; eta gaztelaniazkoa Pedro Ugarterentzat Los cuerpos de las nadadoras-engatik. Ugarte finalisten artean da aurten ere, Casi inocentes-ekin.Ondorengo urteetan, euskal literaturako Euskadi sariaren irabazleak honako liburu hauek izan ziren: Felipe Juaristiren Galderen geografia; Anjel Lertxundiren Argizariaren egunak (1999); Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion (2000); Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean (2001); Itxaro Bordaren %100 Basque (2002); Pello Lizarralderen Larrepetit (2003); eta Jokin Muñozen Bizia lo (2004).Iazko ekitaldian, Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren Osaba Bin Floren izan zen irabazlea haur eta gazte literaturaren arloan; itzulpenean, Antton Garikano, Leo Perutzen Bederatzietatik bederatzietara-ren itzulpenagatik; eta gaztelaniazko literaturan Eduardo Gil Bera, Historia de las malas ideas lanarengatik.
Arauen onarpena sinatu beharrik ez finalista izateko
Aurreko urteetan ez bezala, finalista izateko aukeratutako liburuen egileek ez dute aurten arau-oinarrien onarpena sinatu beharrik izan finalista izateko. Finalista izateko aukeratutako lanen egileei beren lanak aukeratuak izan direla jakinarazi zaie, eta bost eguneko epean ezezkorik ez adierazi izanak finalista bihurtu ditu automatikoki, bestelako zeregin gehigarririk gabe.
Iazko ekitaldian, epaimahaiak finalista izateko aukeratutako bost liburuetako bi finalista izan gabe geratu ziren, egileek arauen onarpena sinatu ez zutelako: Jon Alonsoren Hodei berdeak eta Xabier Montoiaren Denboraren izerdia. Hala ere, irabazlea hautatzean bi lan horiek ere aintzat hartzea erabaki zuten epaimahaikideek. 2003an ere izan zen gorabeherarik finalista izateko arauen onarpena sinatzea ezinbestekotzat jotzen zuen arauaren ondorioz: itzulpeneko Euskadi sariko finalista izateko hautatua izan arren Victor Hugoren Idi orgaren karranka (Euskal Herrian gaindi, 1843) liburuaren itzulpenagatik, finalista izan gabe geratu zen Koldo Izagirre, arauen onarpena sinatu ez zuelako.
LITERATURA
Eleberri batek irabaziko du
Harkaitz Cano, Julen Gabiria, Juanjo Olasagarre eta Xabier Montoiaren nobela bana dira Euskadi sariko finalistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu