Aurreneko aldiz egin dute; diskoa kaleratu aurretik biran aritu dira, AEBetan eta Frantzian batez ere, bi hilabetez. «Esperientzia zoragarria izan da. Kantuek zuzenean funtzionatzen dutela sentitu dugu, eta, publikoak ezagutzen ez zituen arren, energia handia nabaritu dugu», dio Martin Guevara gitarra jotzaile eta kantariak. Izan ere, rock-and-roll sustraietatik abiatzen diren talde gehientsuenek bezala, zuzenekoetan izan du boteregune nagusia Capsula hirukoak ere. Eta zuzeneko indar hori grabaketara eraman du Santa Rosa disko argitaratu berrian, haien ibilbideko 11. lanean. «Zuzenean grabatu genituen kantuok, energia hori harrapatzeko». Atzerrian ibili ondoren, etxean aritzeko txanda. Atzo, Gasteizko Helldoradon aritu ziren Guevara, Coni Duchess —baxua eta ahotsa— eta Guantxe —bateria—; gaur, Donostiako Intxaurrondon joko dute (22:00). Aurrez, Irungo Sacco taldea ariko da.
Argentinan eta inguruetan urteko sasoi jakin batean indar biziz jotzen duen ekaitzari deitzen diote Santa Rosa. Argentinarrak dira Guevara eta Duchess —hemezortzi urte daramatzate Bilbon egonkorturik—, eta keinu bat egin diote hala euren jatorriari: «Ondo islatzen du zer garen eta zer azaldu nahi dugun. Gure musika, eta disko hau bereziki, ekaitz elektrifikatu bat da». Baina Santa Rosa izenarekin lurralde «imajinario» bat ere asmatu nahi izan dute: «Desertuan dagoen herrixka bat irudikatu dugu, errituak egiten dituzten izaki bereziekin, magia egiten duten emakumeekin eta abar». Emakumearen ahotsak presentzia nabarmena du lan berrian; kantatzeko orduan nabari liteke gizonezko eta emakumezko ahotsaren arteko «konbinazio orekatu» hori, Pixies eta El Columpio Asesinoren estiloan. «Bai, saiatu gara kontraste hori bilatzen eta ahotsaren bidez indar handia islatzen».
Hamazazpi urte igaro dira Súblime estreinako diskoa kaleratu zutenetik (La Nena Records eta Hotsak, 1999), eta orduz geroztik «ikasitakoa» eta «jorratutako estilo guztiak» landu dituzte hamalau kantutan. «Bidaia hau guztia irakaspen bat da, eta uste dut asmatu dugula horiek guztiak azaleratzen. Badago gure betiko heroien aztarnarik, Iggy Pop, Lou Reed, David Bowie eta besterenak. Baina oinarri horiek guztiak gure lengoaiara ekarri eta etorkizuneko proiekzioa eman diegu soinu aldetik».
Eta hala, 1970eko rock, garage eta psikodeliatik abiatuta (Dirty Rat lehen kantua), 1980etako post-punkera, edota 1990etako power-popera (Everything You Want) jauzi egiten du lan berriak,Jimi Hendrix, Beasts of Boubon, The Cramps eta beste hainbaten eraginpean. Kantu gehienak hiru minuturen bueltan edo haren azpitik dabiltza, rock-punkaren egitura estandarrei jarraikiz, baina badira zati ilunagoak, landuagoak, misteriotsuagoak are, esperimentaziora ere konplexu gabe begiratzen dutenak (You Are Part of the Sun).
Euskaraz, lehenengoz
Behin eta berriz aipatzen ditu Guevarak esperientzia substantiboa eta ikasi aditza. Aurreko diskoetan Tony Visconti eta John Agnello produktore entzutetsuekin lan eginizan dute. Oraingoan, Guevarak berak egin du ekoizle lana: «Oso aberasgarria izan da halako jendearekin lan egitea. Adiskidetasuna ere landu dugu haiekin, baina pentsatu dugu bazela garaia ikasitakoa geure kabuz lantzeko». Eta zer da ikasitako hori? «Batetik, alde teknikoa dago. Hor asko ikasi dugu, baina garrantzitsuena da nola harrapatu kantu batek transmititzen duen energia hori ahalik eta modurik soilenean. Baliabide gutxirekin ahalik eta gehien adieraztea».
Euskal Herrian ia bi hamarkada igarota, «bertako» sentitzen dira. «Euskal Herriko kultura geure egin dugu, baita musikarena ere». Eta keinu bat egin diote euskarazko musikari. Estreinakoz abestu dute euskaraz, Delirium Tremensen Ikusi eta ikasi-ren bertsioa sartu baitute bonus track modura. «Euskal Herrira iritsi orduko entzun genuen kantu hori, eta asko gustatu zitzaigun. Badu guri asko gustatzen zaigun post-punk giro bat. Gero letra irakurri eta ulertu genuen, eta ederra da. Mezu handia darama, letra soilez». Andoni Basterretxea Delirium Tremenseko kantariari erakutsi zioten kantua behin grabatuta. «Hark izan behar zuen aurrena entzuten. Asko gustatu zaio, eta gu, pozik. Tipo handia da Andoni!».
Aurrerantzean ere ez dute baztertzen euskaraz kantu gehiago grabatzea. Santa Rosa-n ingelesezkoak, gaztelaniazkoak (No contestás, Tierra girando) eta japonierazko bat ere badute: Hikikomori glam rock kutsukoa. «Motibatzen gaitu hizkuntza desberdinetan kantatu ahal izateak, eta aurrerantzean ere hala egingo dugu. Are gehiago, kantu batzuetan hizkuntza desberdinak ere tartekatzen ditugu». Soinu eta letra leherketa da Capsulak lan berrian dakarrena.
Elektrizitate ekaitz baten gisan
'Santa Rosa' lan berriko rock kantu energiazkoak aurkeztuko ditu Capsulak, gaur, Donostian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu