Urtea amaitu baino lehen zabaldu nahi dute Elias Kerejeta Zine Eskola. Donostiako Tabakaleran izango du egoitza eskola berriak, Donostiako Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bezala. Hain zuzen, hiru erakundeekin elkarlanean jardungo du eskolak, arduradunek azaldu dutenez.
Carlos Mugiro izango da zuzendaria, eta eskolaren proiektu pedagogikoak hiru ardatz izango dituela azaldu du. Batetik, ikasleek film berrien sorkuntzaren inguruko prestakuntza jasoko dute. Bestetik, filmak artxibatu, katalogatu eta zaharberritzearen arloan trebatuko dira. Eta, azkenik, zinema ekitaldi eta jaialdien kudeaketa eta planifikazioari buruzko eskolak jasoko dituzte. Arlo bakoitzean, hurrenez hurren, Tabakalera, Euskadiko Filmategia eta Zinemaldia izango dituzte bidaide. Hain zuzen, eskolak jasotzeaz gain, hiru erakunde horietan praktikak egingo dituzte ikasleek aldi berean.
Erakundeen arteko elkarlana nabarmendu dute Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Denis Itxaso Kultura diputatuak, Mugirorekin batera egindako agerraldian. Eskola berriak ikus-entzunezkoen arloan Tabakaleraren erreferentzialtasuna indartuko duela iritzi dio ahaldun nagusiak. Halaber, Itxasok azaldu du eskolari Kerejetaren izena jarrita "XX. mendeko Europako zinemagile garrantzitsuenetako bati omenaldia" egin nahi izan diotela.
Ikasgaiak, irakasleak, ikaslearen profila, matrikula... zehazteko dituzte oraindik, baina, asmoa izanik urtea amaitu baino lehen zabaltzea, litekeena da matrikulazio epea ekainean zabaltzea. Eskola hartuko duen Tabakalerako eremuan hamabost egun barru hasiko dituzte lanak.