Benetako pertsonaia batean dago oinarrituta Les saveurs du Palais filma. Daniele Delpeuch du izena eta François Miterrand Frantziako presidente ohiaren sukaldari ofiziala izan zen urte luzez. Filmean izena aldatu diote, eta Hortense Laborie jarri, baina, zuzendariak berak onartu duenez, Delpeuchen inguruko artikulu bat irakurri ondoren hasi zen pelikularen gidoian lanean.
Sukaldari ezaguna da Delpeuch, nahiko bizimodu harrigarria duena. Nekazaria izaten hasi, Eliseoko jauregiko menuak prestatzen zituen bihurtu zen, Perigord jatetxe ospetsutik pasatu ostean. Miterrandekin lan egin ondoren, Antartikara joan zen urtebeterako; gaur egun, trufak ereiten saiatzen ari da Zeelanda Berrian.
Horiek guztiek Ettienne Comar gidoilari eta ekoizlearen interesa piztu zuten, eta Delpeuchen bizitzaren atal bat zinemara eramatea erabaki zuen. Protagonistak gogo onez hartu zuen proposamena. Eta, Les sauveurs du Palais pelikulak beste inork lortu ez duena lortu zuen: Eliseoko benetako sukaldeetan filmatzeko baimena.
Pelikulan Hortense Laborie izendatuko du presidenteak Eliseoko sukaldari ofiziala. Sukaldariak ezin du sinetsi eman dioten ardura, eta pozarren hartu du izendapena. Baina jauregiko beste langile askok mesfidantzaz eta errezeloz hartuko dute ailegatu berria. Hala ere, Laborieren trebezia eta tenple ona lagun ezin hobeak izanen dira gauzak bere onera ekartzeko.
Christian Vincent zuzendari beteranoa da. Iragan mendeko 90eko hamarkadatik hasita, Isabelle Carre, Isabelle Huppert, Daniel Auteuil eta beste aktore ezagun askorekin egin izan du lan bere ibilbide luzean.
'LES SAVEURS DU PALAIS'
Zuzendaria: Christian Vincent
Aktoreak: Catherine Frot, Jean d'Ormesson, Hippolyte Girardot, Arthur Dupont, Jean-Marc Roulot, Arly Jover, Brice Fournier.
Herrialdea: Frantzia.
Urtea: 2012.
Iraupena: 95 min.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Eliseoko jauregiko sukalde kontuak
Daniele Delpeuch sukaldaria Miterranden zerbitzura egon zenekoa kontatzen du 'Les saveurs du Palais'-ek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu