Elkar fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia zabaldu du, berrituta

Nobela edo narrazio bilduma baterako proiektua babestuko du, egileari 10.000 euro emanez.Aurrerago beste arlo batzuetara hedatuko dute

Joanmari Larrarte, Elkar Taldeko komunikazio arduraduna, eta Joxemari Sors, Elkar Fundazioko lehendakaria, atzo, Donostian, bekarako deialdia aurkezten, ondoan bekaren logotipo berria dutela. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamar urteko etenaldiaren ondoren, Elkar fundazioak berriro jarri du abian Joseba Jaka beka, prestigio handienetako bat euskal literatur sormena sustatzeko xedez antolatutakoen artean. Horri esker, nobela edo narrazio bilduma proiektu baten egileak 10.000 euroko laguntza jasoko du, 2016an, proiektu hori gauzatu eta burutzeko. Proiektuak aurkezteko epea 2016ko urtarrilaren 29ra arte dago zabalik, eta bekaren irabazlea zein proiektu den 2016ko apirilean jakinaraziko dute. Izendapena jaso ondoren, urtebeteko epea izango du egileak obra amaitzeko, eta obra amaitua Elkar argitaletxeak kaleratuko du gero, obra jaso eta zortzi hilabeteko epean, 2017an.

Bekaren irabazleak 10.000 euro jasoko ditu laguntza gisa. Irabazlea nor den erabakitzeko ardura Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok, Iratxe Retolazak eta Elkar argitaletxeko editore batekosatutako epaimahaiak izango du; Elkarreko editoreak ez du, alabaina, botorik izango.

Bi urtetik behin egingo du Elkar undazioak Joseba Jaka bekarako deialdia, eta aurreragoko deialdietan, 2018koan hasita, laguntza hau beste arlo eta diziplina batzuetara zabalduko dela iragarri du Joxemari Sors Elkar fundazioko lehendakariak. «2016an, 20 urte beteko dira Joseba [Jaka] galdu genuela», adierazi du Sorsek. «Hori gogoratuz, berriz jarri dugu martxan beka. Lehen bezala, kultur sormena laguntzeko izango da. Lehenengo deialdi hau narratiba euskaraz laguntzeko izango da, eta bi urtetik behin egingo den deialdi bakoitzean zehaztuko da beka zein eratako sormen lanak laguntzeko izango den, literatura, musika edo beste kultur eremu bat».

Aurreko aldian ere, 1996tik 2006ra bitartean, bi urtetik behin egiten zen Joseba Jaka beken deialdia. 2006an etena egiteko bi arrazoi nagusi izan zituzten, Sorsek azaldu duenez: batetik, krisi ekonomikoaren ondorioz kultur kontsumoan gertatutako «paradigma aldaketa»; bestetik, fundazioaren arduradunen «belaunaldi aldaketa».

Itzal handiko lanen babesle

1996tik 2006ra arteko deialdietara, orotara, 239 proiektu aurkeztu ziren, eta 41 dira Joseba Jaka beka jaso ostean argitaratutako liburuak. Horien artean azken urteotako euskal literaturan arrasto sakona utzitakoak daude, hala nola Jon Alonsoren Camembert helburu, Joxean Agirreren La lutte finale, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Kartografia, Harkaitz Canoren Norbait dabil sute-eskaileran, Unai Elorriagaren Londres kartoizkoa da, Aingeru Epaltzaren Rock'n'roll, Angel Erroren Eta Harkadian ni, Igor Estankonaren Tundra, Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Edorta Jimenezen Azeria eta Lehoia, Karlos Linazasororen Glosolaliak eta beste, Juanjo Olasagarreren Puskak biziz, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua, Pablo Sastreren Leuropa, Piarres Xarritonen De re publica edo politikaz eta Patxi Zubizarretaren Atlas sentimentala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.