Elkarbizitzaren inguruko alegoria

Haurrak giza harremanen inguruan hausnartzera bultzatu nahi ditu Vaivenen 'Miauless' obra berriak

Donostia
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gizakion arteko harremana, errespetua, askatasuna, komunikazio eta inkomunikazioa, elkar laguntzea... Gai garrantzitsuak denak inondik ere, baina askotan ahaztu egiten direnak. Horien inguruan hausnarketa egitera bultzatu nahi ditu Miauless antzezlanak 7 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoak. Bihar estreinatuko du Vaiven konpainiak, Donostiako Lugaritz kultur etxean, 18:00etan.

Miauless katua (Iñigo Gastesi), neska nerabea (Oihana Maritorena), katemea (Ainara Ortega) eta albaitaria (Kepa Errasti) dira bertako protagonistak. Kalean bizi den katu bat da Miauless. Neska, berriz, guztiaren kontra dagoen 16 urteko nerabe bat da. Katua kalean ikusi eta etxera eramango du, bere amak kontrakoa badio ere. Animalia oso bizia, kalekoa eta azkarra da, eta hasieran oso gustura izango da etxe berrian, baina denborarekin, kartzela bilakatuko dela ohartuko da. Askatasunik gabe ezin dela bizi ohartuta, bertatik alde egitea erabakiko du.

Dorleta Urretabizkaia antzezlanaren zuzendariak azaldu duenez, «katuak agertzen badira ere, gizakien arteko harremanen inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu». Animaliaren eta gizakien arteko harremana ere aztertzen du, ikaskuntzaz eta elkarbizitzaz hitz egiten duen Gabonetako alegoria baita. «Modu xumean eta umorea erabiliz gauza askotaz hitz egiten da».

Itziar Pascualen gidoia

Iazko udan hasi ziren Vaiven taldekoak haurrentzako antzerkia egiteko istorio baten bila, eta Itziar Pascualek idatzitako istorioarekin egin zuten topo. Gloria Sanchezek euskaratu ostean, uztailean eta irailean entseatzen ibili dira.

Komedia musikatua da -Iñaki Salvador pianistak zuzenean joko du-, baina Urretabizkaiak jakinarazi du ez dela musikala. Prestaketak egiten ari zirenean, pertsonaia bakoitzari kanta bat jartzea bururatu zitzaien. Pascualek idatzi zituen, baina azkenean, lau beharrean sei kanta abestuko dituzte antzezlan osoan. «Ikuskizuna gaztetxoei erakargarriagoa egiteko pentsatu genuen kantak ipintzea».

Lau kutxa baino ez dira izango antzezleen oholtzan, eta, gainontzean, ikus-entzunezko osagaiekin beteko dute. Baliabide horien arduradun Javi Alonsoren lana azpimarratu du Urretabizkaiak, tresna horiek erabiltzeak erakargarri egiten duela baitio. Urretabizkaiaren ustez, «egungo umeak ordenagailuekin ibiltzera ohituta daudenez, errazago harrapatuko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.