Elkarlanerako «ekosistema»

Euskadiko Filmategiak, Etxepare Euskal Institutuak, Kutxa Fundazioak eta Donostiako Zinemaldiak Tabakaleratik egingo dute lan aurrerantzean.Donostia 2016 ere harreman estuan izango da

Tabakalerako «ekosistema kulturala» osatzen duten erakundeetako ordezkariak, Tabakalerako ordezkariekin, atzo, eraikineko atarian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneko «ekosistema kulturala» aurkeztu zuten atzo eraikina erdigune fisikotzat harturik han elkarlanean ariko diren erakundeetako ordezkariek. Tabakalerak sinergiak batuko dituen kultura arloko «erreferentzia gunea» izango dela adierazi du Ane Rodriguez Tabakalerako Kultura zuzendariak. Eraikinak bere neurriari dagozkion edukiz betetako «kultur fabrika» izan behar duela adierazi zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Tabakalerako Administrazio Kontseiluko presidenteak; horretarako, erakundeek «agenda partekatu» batera jo beharko dute, Olanoren iritziz, «taifa erresumak saihestuz».

Irailaren 11n ospatuko da Tabakaleraren ate irekiera, 18:00etan, jai batekin. Aurretik, irailaren 9an, Tabakalerako lehen erakusketa aurkeztuko da, Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingerada marrazten duten puntuak, Anna Manubensek eta Soledad Gutierrezek apailatua, eta Ibon Aranberri, Aimar Arriola, Itziar Barrio, Itziar Okariz, Alex Reynolds eta Iñaki Imaz artisten lanekin osatua, besteak beste. 2016an, Donostia Europako bi kultur hiriburuetako bat delarik, Tabakalera «funtzionamendu betean» izatea espero du Rodriguezek. Orotara, 32.000 metro karratu ditu eraikinak.

Tabakalerako «ekosistema kulturala» osatzen duten erakundeetako ordezkariek Tabakalerarekin izango dituzten harremanen berri eman zuten, banan-banan, atzoko agerraldian:

KUTXA FUNDAZIOA

Kutxa Fundazioaren kultur jarduera ia osoa Tabakalerako eraikinera pasatuko dela iragarri zuen Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko zuzendariak: bulegoak eta biltegiak, Boulevard 1 aretoko erakusketak, Kutxa Ikasgelak, Fototeka... Irailaren erdialdean hara aldatuko dituzte bulegoak, eta urrian Kutxa Fundazioaren arte bildumako 80 lanekin osatutako erakusketa zabalduko dute. XIX. eta batez ere XX. mendeko eskulturak eta pinturak izango dira ikusgai, gehienak Euskal Herriko —eta batez ere Gipuzkoako— artisten obrak. Kutxa Fundazioak Tabakalerari 13 milioi euroko ekarpena egin diola gogorarazi du Ruizek, eta eraikinaren barruan Kutxa Kultur Plaza izeneko gune neuralgikoa izango dela ere nabarmendu zuen. Orotara, eraikinaren barruan 900 metro koadro izango ditu Kutxa Fundazioak.

EUSKADIKO FILMATEGIA

Tabakalerako eraikinera lekualdatzea «bigarren jaiotza» bat izango da Euskadiko Filmategiarentzat, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren ustez. «Aldaketak agerikotasun handiagoa emango dio erakundeari, eta orain artean izandako arazo batzuen konponbidea ekarriko du. Aurrerantzean, ikertzaileei eta ikus-entzunezko industriari bere zerbitzuak hobeto eskaintzeko aukera izango dugu». Abantaila handiena, nolanahi ere, emanalditarako areto bat izatea izango da. Horri esker, azarotik aurrera programazio bat eskainiko du Euskadiko Filmategiak. Programazio horretan, astero emanaldi bat edo bi izango dira, hiru ardatz nagusitan banatuak: Euskal Herriko zinema ondarea; zinemaren historiako lanak; eta areto komertzialetara iristen ez diren filmak. Irailaren 12an estreinatuko dute zinema aretoa, Ivan Zulueta zinemagile donostiarraren (1943-2009) Un, dos, tres, al escondite inglés (1969) filmaren emanaldiarekin. Han izango dira Euskadiko Filmategiko, Donostiako Zinemaldiko eta Donostia Kulturako ordezkariak.

ETXEPARE INSTITUTUA

Etxepare Euskal Institutuak irailaren 7an aldatuko ditu Prim kaleko bulegoak Tabakalerakoekin. Institutuaren lana euskara eta euskal kultura nazioartera zabaltzea dela gogorarazi zuen Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, eta horretarako Euskal Herriko sortzaileak «prestigiozko gune eta foroetara» eramaten ahalegintzen dela. «Joan-etorri horietarako» Tabakalerarekin etengabeko elkarlanean ariko direla azaldu du Goenagak.

DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Donostiako Zinemaldiko lantaldeak Tabakaleran izango duen gune berritik antolatu eta kudeatuko du 2016ko ekitaldia, azaroaz geroztik hara aldatuko baititu bulegoak. «Instalazio handi eta hobeetan lan egiteaz gain, horri esker Tabakalerako ekosistemako beste erakundeekin harremanetan lan egiteak aberastu eta hobeak egingo gaituela uste dut», esan zuen Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak. Aurten, Zabaltegi saileko filmek Tabakaleran izango dute aurreneko emanaldia, eta Tabakaleran egingo da Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa. Horrez gain, Zinemaldiko antolatzaileek asmoa dute jaialdiko film batzuk —batez ere Zabaltegikoak eta atzera begirakoetakoak— Tabakaleran eskaintzeko, jaialdiaren ondoren, urrian eta azaroan, zuzendariak eta aktoreak emanaldiak aurkezten direla, kasu batzuetan behintzat. Urte osorako programaziorik eskaintzeko asmorik ez dute, hori beste erakunde batzuen zeregina dela irizten baitiote. Tabakalerak Zinemaldiari mesede egingo diola eta hiriarentzat eraikin «enblematikoa» izango dela uste du Rebordinosek. Donostiako Zinemaldiak ez ezik, Zineuskadik eta Media programak ere Tabakaleratik egingo dute lan etorkizunean.

DONOSTIA 2016

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak bi proiekturen bidez du lotura zuzena gaur egun Tabakalerarekin: Hirikilabs eta sortzaile egoiliarren egonaldiak; Donostiako Zinemaldiarekin Ikusmira Berriak programa antolatu du, adibidez, Donostia 2016k, eta programa horren barruan hainbat zinemagile Tabakaleran hasiko dira beren proiektuak prestatzen, irailaren amaieran. Horrez gain, Pablo Berasategi Donostia 2016ko zuzendariak azaldu zuenez, Donostia 2016k Tabakalerarekin eta han bildutako erakundeekin etengabeko elkarrizketan garatuko ditu bere programak eta ekitaldiak, eta hiriburutza kulturalaren urtea pasatu ostean hiriburutzak utzitako ondarea Tabakaleran geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.