Elkarrekin baina bakarka

Eskulturak, koadroak eta argazkiak batu ditu Elena Mendizabal artistak Bilbon, bere «autorretratua» egiteko

Inigo Astiz
Bilbo
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Film musikal guztiek dute halako une bat. Pertsonaiak ezagutzen ditu jadanik ikusleak, badoa aurrera kontakizuna, eta klabea da momentua. Oraindik ez dago argi nola bukatuko den guztia, eta, bat-batean, batu egiten dira pertsonaia guztiak elkarrekin taula gainean, eta elkarrekin hasten dira kantuan. Elkarrekin, baina bakarka. Koroan dabiltzan arren, bere egoerari buruz mintzo baita bakoitza; inguratuta, baina ondoan beste inor ez balu bezala. Une hori azaltzen du Elena Mendizabal artistak (Donostia, 1960) bere azken erakusketa azaltzeko. Antzeko zerbait egin duela dio. Elkarrekin baina bakarka mintzo baitira bere lanak, Bilboko Lumbreras galerian. Eskulturak, argazkiak, collageak... Bere ibilbide osoaren autorretratu bat da, dioenez.

Izen bikoitza jarri dio bildumari: El coro: Metaestable (Koroa: Metaegonkorra), eta maiatzaren 10era arte izango da zabalik. «Jolas bat da bilduma», dio artistak. «Hainbat adierazpideren arteko jolas bat». Izan ere, eskultorea da Mendizabal nagusiki, edo eskultore gisa pentsatzen du artea, behintzat. Baina bestelako medioak ere erabili ditu. Igarri egiten zaio jatorria, halere: muntatu egiten ditu lanak. Onartzen du: «Jarri eta kendu. Nire egiteko modua oso konstruktiboa da. Eskultorikoa».

Egon, badaude argazki eta koadroak ere galerian bildu dituen lanen artean, baina nabarmena da eskultorearen begia eta eskua pieza horietan ere. Batzuetan,badirudi eskulturak argazki bilakatu nahi duela, eta eskulturak, berriz, argazki. Eta hori da Mendizabalek aipatzen duen jolasa. Izan ere, ispiluz betetako gela bilakatu du Bilboko galeria. Elkarri oihartzun egiten diote ia pieza guztiek, eta osotasun gisa landu du erakusketa.

Adibide bat: aretoaren erdian badago armairu gisako eskultura bat, baina hormatik zintzilik dagoen argazki baten barruan ere ikusi daiteke pieza bera. Baina bihurrituz doa jolasa. Mendizabal bera ere ageri da argazki horren barruan, ileorde urdin bat soinean, eta besoak era nabarmenean altxatuta, eta hain juxtu, postura bera du argazkiaren aurrean dagoen emakumea irudikatzen duen eskulturak. Nahasi egiten du etengabe bisitaria Mendizabalek. Ezin ziur jakin noiz dagoen barruan, eta noiz dagoen kanpoan. «Instalazio handi baten modukoa zerbait da, bai», aitortzen du.

Ideiak lore bilakatzen

Lumbreras galeriaren ezaugarriez ere baliatu da horretarako. Zurezkoa du zorua aretoak, eta material hori bera erabili du artistak bere collageetariko batzuetan. Espazioarekin harremanean dira, horregatik, Mendizabalen lanetariko batzuk, eta ez da kasualitatea. «Jantzi xamarra dago areto hau. Ez da espazio txuri bat sortu nahi duten beste gune batzuk bezalakoa. Agerian ditu materialak, eta kontuan hartu dut hori piezak antolatzerakoan».

Lekualdatze bat da argazkien oinarrian dagoena, dioenez. «Denbora gutxian maiz aldatu behar izan dut bizitokia, eta estudioa aldatzeko unea da argazkiak erakusten duena. Estudio zaharrean gauzak biltzen hasi bezain pronto ohartu nintzen ez nintzela soilik piezak mugitzen ari; muntaketa bat egiten ari nintzen». Hala, estudio zaharra da argazkietariko batek ageri duena, eta estudio berria da bestean ikusdaitekeena. Pieza berdinak daude bietan, eta postura berdina du bietan ile urdineko pertsonak ere bietan. Mendizabal bera. Emakumearen eskulturak ageri duen postura berean.

Taroteko kartetako baten figura baten postura bera da hori. Magoaren kartan ageri den pertsonaiarena, zehazki, artistak azaltzen duenez. «Sortzailea irudikatzen du karta horrek. Ideiak materializatzen dituen pertsona. Esku batekin ideiak hartzen ditu, eta beste eskuarekin materializatu egiten ditu. Zerura luzatzen du beso bat horregatik, eta lurrerantz bestea. Zerua dago kartaren ertz batean, eta loreak beste ertzean. Hala irudikatzen da ideien materializazioa». Eta postura ber horretan daude eskultura eta argazkiko emakumea. Ideiak lore bihurtu nahian-edo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.