«Rock jaialdi bat baino gehiago da Hatortxu Rock jaialdia». Musika eta festari aldarrikapena eta elkartasuna batzen zaie. «Euskal presoei elkartasuna erakustea, presoen senideentzat sakabanaketaren ondorioei aurre egiteko dirua biltzea eta presoen eskubideen bozgoragailu izatea da Hatortxuren helburua», dio Iker Isiegas jaialdiko antolatzaileak.
Aurten, gainera, aldaketa bat baino gehiago dakartza. Batetik, egun bakarrean beharrean, bi egunetan egingo da jaialdia: gaur eta bihar. «2011n inoiz baino euskal preso gehiago dago, 800 inguru, eta, Hatortxuk ateratzen duen dirua senideen gastuak arintzeko erabiltzen denez, ezinbestekoa ikusten genuen geuk ere ahalegin berezia egitea. Horregatik, bi eguneko festa», azaldu du Isiegasek. Bestetik, kontzertuen kokalekua ere aldatu egingo da: Zizur Nagusia. Iaz, Atarrabian egin zuten jaialdia, baina, «arrazoi politikoak direla medio», hango udalak aurten ez die baimenik eman, antolatzaileek azaldu dutenez.
Hurbileko formatua
Sorkun eta Zea Mays taularatuko dira gaur 21:30ean hasita Zizur Nagusian. «Gaur gaueko bi kontzertuekin formatu txikiago bat ere txertatu nahi izan dugu jaialdian. Hurbilagoko formatua, lasaiagoa, beste publiko mota bat ere erakar dezakeena. Musika mantsoagoa egiten dute bi taldeek, eta giro berezia sortuko delakoan gaude».
Ordubete lehenago, 20:30ean, sakabanaketa politikoa eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoeraren inguruko saio berezia emitituko du Apurtu Telebistak, Internet bidez, Hatortxu Rock jaialditik zuzenean. «Ordubetez, sakabanaketak eta espetxe politikak eragiten duten sufrimendua ezagutzeko aukera izango dugu testigantzen bidez. Nafarroako preso ohiak eta presoen senideak izango dira saioko gonbidatuak. Haiekin batera, jaialdiaren antolatzaileak eta parte hartuko duten musikariak ere saioan izango dira». Saioa www.hatortxurock.org edo www.apurtu.org web orrietan jarraitu ahal izango da.
Biharkoa rock gau luzea izango da Zizur Nagusian. 18:30ean hasita, zortzi talde arituko dira etengabe oholtza gainean: Berri Txarrak, Kaotiko, Gatibu, Vomito, Gobernors, Vendetta, Amaiur eta Ztk Rap.
Kontzertuak bi agertokitan egingo dituzte. Gaurkoa karpa handian egingo dute. Bihar karpa txikian arituko dira Ztk Rap taldea, DJ Jo ta Txo, DJ Nari eta DJ Elepunto eta karpa handian, aldiz, gainontzeko taldeak. Bi egunetarako berogailu sistema jarri dute antolatzaileek karpa barruan, inork hotzik pasatu ez dezan.
Sarrerak, dagoeneko, txarteldegian baino ezin dira eskuratu. Gaurko saiorako txartelak 15 euro balio du, eta biharkoak, 24. Hala ere, badago bi egunetarako 25 euroko bonua erostea ere.
Elkartasun doinuak entzungo dira Hatortxu Rock jaialdian gaur eta bihar
Apurtu Telebistak saio berezia emango du Internet bidez espetxe politikak eragiten duen sufrimenduari buruz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu