DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA

«Elkartasun egitasmo zehatzen» alde dago Coixet

Aral barne-itsasoaren lehortzea islatu du 'Aral. El mar perdido' filmean, We Are Water erakundearen enkarguz

Erredakzioa
Donostia
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Gobernuz kanpoko erakunde serioak munduaren hondakinak ateratzen ari dira», adierazi zuen atzo Isabel Coixet zinemagileak, Aral. El mar perdido film dokumentalaren aurkezpena egitean. Elkartasuna «egitasmo zehatzak» daudenean iruditzen zaio sinesgarri Coixeti, eta horixe izan da, haren ustez, Aral. El mar perdido-ren filmaketaren eta ekoizpenaren kasua. Filma .doc-Ez Fikzioaren Bide Berriak sailean ematen ari dira.

Ingurumenaren arloan azken urteetan izandako hondamen handienetako baten berri ematen du filmak, 25 minutuan: Aral barne-itsasoaren lehortzea. Uzbekistan eta Kazakhstango lurraldeen artean, munduko lakurik handienetakoa zen Aralgoa, Asiako ibai nagusi askoren urak hartzen baitzituen. Egun ikaragarri murriztu zaio ur kopurua, uraren erabilera desegokiengatik.

Uzbekistango Muynak hiriak arrantzaleentzako kaia zuen garai batean; baita bainuetxeak ere, eta arrainen kontserbara bideratutako industria oparoa. Duela hogei urte Ryszard Kapuscinski kazetaria hiri haren hondamenaren lekuko izan zen: itsasoa hiritik 60 edo 80 kilometrora zegoen ordurako. Coixetek, 2008an, 300 kilometro egin behar izan zituen Muynaketik abiatuta itsasertzera iristeko. Hondartzetako argazki zaharrak eta basamortuan hondartutako itsasontzien irudiak tartekatzen dira filmean, hondamenaren berri emateko.

«60ko hamarraldiko irudiek gaurkoak baino askoz itxura modernoagoa dute», Coixeten iritziz. «Loretan zegoen hiria. Orain, aldiz, sentimendu fatalista bat da nagusi. Badirudi itsasoaren oroitzapena deuseztatzeko borondatea nagusitu dela».

Irudi zaharrak lortzea asko kostatu zaio zuzendariari, Uzbekistango telebistak artxiboetarako sarrera ukatu diolako, baina Super-8 formatuan grabatutako irudi zahar batzuk ere lortu ditu.

We Are Water fundazioarentzat filmatu du Coixetek dokumentala, eta Aral itsasoaren inguruan lanean ari diren GKEentzat izango dira irabaziak. Ben Kingsley eta Tim Robbinsen lankidetza izan du Coixetek. Kingsley da filmeko testuen kontalaria, eta Robbinsek filmaren musikako kantu nagusia sortu du. Coixeten Elegy-n lan egin zuen Kingsleyk, eta La vida secreta de las palabras-en, Robbinsek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.