Erabakia hartzeko modua bera da EHZren ereduaren adierazgarri. Guztien artean, modu horizontalean. EHZ posible egiten duten laguntzaileak Lekorneko Garroa gazteluan (Lapurdi) biltzera deituak zituzten atzo eguerdirako. Eta deiak, nahiz eta azken mementokoa izan, segidan lortu zuen oihartzuna, baita aitzineko belaunaldien artean ere. Belaunaldi guztietako dozenaka bildu ziren Lekorneko Garroko gazteluan. Elementu guztiak mahai gainean pausatu, eztabaidatu eta erabaki. Garden. Teknikariekin, aseguruarekin eta uxerrarekin ukan solasen berri eman zuten orduan. Aterabide handirik ez, ordea. Azken egunetan, oztopoak jarri zizkien jada eguraldi bortitzak. Kanpora begiratzea besterik ez zen. Lohi anitz. Aparkaleku bilakatzekoak zituzten zelaiak ez ziren erabilgarri. Publikoa errezibituko zuten guneak ez zuten gauza ederrik iragartzen. Soinu teknikarien mahaientzat ere babesleku gutxi.
Astebururako, are eguraldi txarragoa iragarria. Arriskua, handiegia. «Laguntzaile, artista eta festibalarien segurtasuna ezin dugu bermatu», Jon Irazabal eta Pauline Guelle EHZko arduradunek hartu zuten hitza bilkura bururatu eta antolatu prentsaren aitzinekoan, hor ere dozenaka laguntzaileez inguraturik. Atzo, 22. aldia zen hastekoa: «Baina, aurten, ez da posible izanen». Esaldi sinple bat baina zaila aldi berean. Emozioa ez zen txikia izan.
Lehen aldia du EHZk jaialdi osoa ezeztatzen duela. Izan ditu beste ekaitz batzuk. 2010ean, adibidez. Ostiral gaua bertan behera uztera behartuak izan ziren. Baina larunbatekoa eta igandekoa atxiki zuten. 2014an ere aro txarrak zapuztu zien doi bat lehen eguna. Baina, halere, atxiki ahal izan zuten eta ondoko egunak ederrak izan ziren.
Baina ekaitzen historikoa egitea baino, hobe beste hau egitea. Berri txarrak agian beti badira. Baina ez da berdin bizi eta gainditzen berri txar bat, erabakia talde txiki bakartu batean hartzen delarik, ala, hemen bezala, belaunaldi guztiak elkarturik, laguntzaile andana baten babespean delarik hartzen. Euria eta haizea kanpoan. Eta barnean guztiak bilduak, kontzentratuak. Eskua altxatzen, hitz egiten. Horrek egiten du agian ulergarriago baikortasunez josi indar bat ere sumatu zitekeela bilkuratik landa. Ez dira debaldetan iragan 22 urte. 22 urte beti laguntzaileak oinarri. Eztabaida batetik bestera, zalantza batetik bestera, arazo batetik bestera, sarea egonkortzen. Eskukaldi txikienetik urte osoko baita gehiago ere iraun duten engaiamenduetara.
Lekornetik kanpo ere, sare sozialetatik gaindi elkartasunak laster hartu zion gaina berri txarrari. Atzo gauean Lekornen kontzertua ematekoa zuten Zea Mays taldekoek, adibidez: «Sekulako gogoa genuen!! Hurrengora arte!!», idatzi zuten Twitterren. PiLTkoek ere atzo zuten beren azken kontzertua, Ipar Euskal Herrian ematekoa zuten bakarra. Rafa Ruedak sinple: «Gora EHZ!». Fermin Muguruza ere esperantzaren alde: «Bertan behera 2017koa, pena handiz, baina 2018ko inoiz baino zoragarriagoa izanen da! Eredugarriak zarete. Eutsi goiari!». Hitzetatik ekintzetara, hara nola Hazparneko bidea hartu eta Tttattola gaztetxera hurbildu zitzaien artista irundarra bere sostengua ekartzera. Han antolatzekoa baitzuten EHZren aldeko gaualdi sorpresa, Zoo, Kuartz eta Titanic musika taldeekin.
Sostengua behar du EHZk. Ezpata bat dauka buru gainean EHZk. Prentsaurrekoan, berretsi zuten EHZren diru arazoek hor segitzen dutela. Zorra jaialdia aitzin jadanik buru gainean zuen. Joan den abenduan 100.000 euroko zorra aipatu zuten. Diru biltze kanpaina bat abiatu zuten. 27.000 euro jaso zituzten, 348 pertsonaren laguntzari esker. Tokiko enpresa batzuek ere beren sostengua berretsi zien. Atzo, berriz ere eskertu zituzten guztiak, baita beren ohiko hornitzaile eta partaideak ere, urte guztian beren ondoan izan dituztenak. Nahiz eta zor guztia ez zuten estali ahal izan, jaialdia antolatzea lortu zuten azkenean. Egitarau aberatsarekin, gainera. Talde berriak ezagutarazteko gogoarekin. Afixaburu gutxi agian, baina, soinu aldetik, «kalitatea», «berezitasuna» eta «zuzenean giroa» ematen duten taldeen presentzia bermatua zuten. Azpimarratzekoa, gainera, emazteen presentzia. Talde gehienetan baitziren presente, estilo orotan. «Feminismoa EHZren balio inportanteenetako bat da guretzat. Emazteak izatea, kantuetan hitz feministak izatea», EHZko programazioko taldekoMikel Frantsesenak azaldu zuenez.
Egitaraua osaturik, jaialdia iristearekin behingoz zorrak kitatzeko esperantzarekin zeuden.
Jaialdia bertan behera utzirik, beste bide batzuetatik beharko. «Proiektuan sinesten duen orori» egin zioten deia prentsaurrekoan. Hasteko, desmuntaketa lanetarako. Gaur eta bihar. Hurbiltzen ahal ez denari: «Bakoitzak bere herrian EHZren aldeko ekitaldi bat antolatzea» ere litzateke bide bat. Aitzina gazte elkartea atzo bertan sostengu agerraldi baten antolatzera engaiatu zen. Azkenean, «hiru eguneko festibal bat baino gehiago delako EHZ», prentsaurrekoan azpimarratu zutena. «Gure balioetan oinarrituz, Euskal Herria Zuzenean elkarteak aitzina segitu behar du, aitzina segituko du: bizirik, bat eginik eta geroari so indarrez beterik».
Eta azken bidea, dirua. Dirua ez da dena, baina batzuetan beharrezkoa baita. Horretarako, kontu korronte bat aktibatua dute, etazabaldu mezua: «Urte hauetan guztietan auzolanean eraikitako proiektu honek nehoiz baino beharrezkoagoa du Euskal Herri osoaren elkartasuna. Elkartasun erauntsia behar dugu».
DIRU BILKETA. EHZ sostengatzeko hainbat modu daude, hauetako bat dirua ematea. Hona hemen kontu korronteko zenbakia. IBAN: FR76 4255 9000 4421 0292 5040 639. BIC zenbakia, berriz: CCOPFRPPXXX.
Euskal Herria Zuzenean jaialdia
«Elkartasun erauntsiari» deia
Aurtengo EHZ jaialdia bertan behera utzi dute. Aro bortitzak jarri oztopoengatik, «segurtasuna ezin bermatua» zuten antolatzaileek. Kalte ekonomikoei gaina hartzeko, laguntza eskatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu