«Bizi izan zen moduan joan da: errealitatea besarkatuz». Hitz horiekin agurtu du Wynton Marsalis musikariak bere aita, Ellis Marsalis Jr. New Orleanseko jazz eszenako izen handia izan zen Marsalis, eta baita jazzari erabat lotutako familia bateko kide ere: Wynton, Brandford, Delfeayo eta Jason semeek segitu egin diote, gerora, aitaren bideari, eta haietako bi —Wynton eta Brandford— azken hamarkadetako jazz musikari ospetsuenetakoak bihurtu dira.
Ellis Marsalis Jr 1934an jaio zen, New Orleansen, Gert Down distrituan, eta hiri horri lotuta egon zen harenjarduna bizitza osoan. 11 urterekin hasi zen musika ikasten, eta, institututik igaro ostean, bere hiriko Dillard unibertsitatean klarinete ikasketak egin zituen. Han egin zuen, ordea, pianorako jauzia. 1955ean graduatu zen, eta orduan hasi zen hainbat jazz musikarirekin lanean: Ed Blackwell, Cannonball Adderley, Nat Adderley, Al Hirt... Nat Adderleyrekin, adibidez, In the Bag (1962) diskoa grabatu zuen urte haietan.
Nolanahi ere, 1970eko hamarkadan, irakaskuntzari eman zion lehentasuna Marsalisek. Aurretik hainbat unibertsitatetan lan egin ostean, 1974tik aurrera, New Orleans Center for Creative Arts zentroko irakasle aritu zen. Han bere semeak izan zituen ikasle, eta baita beste hainbat musikari ere, Nicholas Payton eta Harry Connick Jr, besteak beste.
Hain zuzen ere, irakasle gisa egin duen lanak estali egin du, zenbaitetan, Marsalisek sortzaile gisa egindakoa. Gainera, 50 urte beteak zituela argitaratu zuen bere bakarkako lehenengo lana: Syndrome (1985). Orduz geroztik, hogei disko baino gehiago kaleratu zituen, bakarka nahiz bere semeek lagundua.
[youtube]https://youtu.be/CdXp2fFC3wU[/youtube]
Orain dela lau urte, Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen Marsalisek, eta Trinitate plazan jo zuen bere seme Brandfordekin.