'Emak Bakia Baita' filma Zabaltegi Bereziak sailean emango dute

Bidarteko izen bereko etxearen bilaketari buruzko dokumentala da Oskar Alegria zinemagilearena

Emak Bakia Baita filmaren eszena bat. ZINEMALDIA.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Man Ray artista estatubatuarra Bidarten (Lapurdi) bizi izan zen, eta Emak Bakia izena zeukan haren etxeak. Han grabatu zuen bere bigarren filma 1926an, eta etxearen izena jarri zion hari. Rayren urratsen atzetik ibili da Oskar Alegria (Iruñea, 1973) bere bigarren lana osatzeko orduan. Urteekin jatorrizko izena galdu zuen etxe horrek, eta hiru urte eman ditu zinemagileak haren atzetik. Bilaketa eta berreskuratze lan horren kronika egin du Emak Bakia Baita dokumentalean. Donostiako 60. Zinemaldiko Zabaltegi Bereziak sailean emango dute. Guztira 16 film izango dira sail horretan. Antolakuntzak joan den uztailaren 27an jakinarazi zituen 11 filmen izenak, eta atzo, berriz, beste bostenak.

Tartean daude Euskal Herrian egindako lau lan: Zuloak, Bypass, Baztan eta Emak Bakia Baita. Gainontzeko filmen artean denetarik dago. Fikzioa, animazioa, ez-fikzioa, telebistarako ekoitzitako telesailak... Barry Levinson zinemagile estatubatuarrak, adibidez, The Bay ekarriko du Donostiara. Herri txiki bat toki lazgarrinola bihurtzen den kontatzen du. Kiyoshi Kurosawa japoniarraren Shozuka, berriz, telebistarako telesail bat da. Oso-osorik emango dute, eskolaren aurrean bahitua izan ondoren erailko duten neska koskorraren istorioa. Beste japoniar batek, Keiichi Satok, berriz, animazioaren aldeko apustua egin du Asura-an. Kyotoko alferrikako lurretan abandonatu duten umezurtz bortitz eta amorrudun bat da protagonista.

Birsortzea eta omenaldia

Kurosawak bezalaxe, Valeria Sarmiento portugaldarrak ere telesaila hautatu du As linhas de torres ontzeko Napoleonek Portugal inbaditzeko egindako ahaleginak birsortu ditu. Rosa Von Praunheim zinemagile alemaniarrak Ralf König komikigilea—Desiratutako gizona edo Kondoi hiltzailea-ren egilea— omendu nahi izan du König des Comics lanarekin. Hezur-haragizko pertsonaia batean zentratu dira, era berean, Veronika Franz eta Severin Fialaaustriarrak. Hala, Peter Kern zinemagile eta aktore austriarrari buruzko dokumentala da Kern.

Maja Milos serbiarrak bere aurreneko lana aurkeztuko du: Klip. Sari bat irabazi du Rotterdemgo zinema jaialdian. Handik urrun joanda, Nikaraguako Iraultzariburuzko istorioa kontatu du Mercesdes Moncadak Palabras mágicas lanean. Tropicalia brasildarra 1960eko hamarkadako hango indio talde bati buruzko dokumentala da, eta gai berari heldu diote herrialde bereko Xingu filma egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.