Literatura

Emakume bat jotzen denean

Senarraren tratu txarrak jasaten dituen emakumezko idazle bat da narratzailea Meena Kandasamyren 'When I Hit You: Or, A Portrait of the Writer as a Young Wife' nobelan.

estibalitz ezkerra vegas
2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Politikak eta poesiak limurtuta, unibertsitate irakasle batekin maitemindu, eta haren ezkontza proposamenari baietz esaten dio izengabeko narratzaileak. Gaueko ordu txikiak arte iraultzaren gainean aritzea gustatzen zaion India hegoaldeko marxista bat da gizona. Mundu akademikoan ez ezik, fikzioaren arloan ere nabarmendu da narratzailea. Azken horri erakargarria eta samurra egiten zaio iraultzaile filosofoaren idealismoa. Iraultzaile filosofoak iseka egiten dio narratzailearen bizimoduari, burgesegia delakoan. Eta, hala ere, ezkondu egiten dira, batak bestearen bizitza hobetuko duen promespean. Narratzailearentzat maitasunean oinarrituriko hitzarmena dena, ordea, jabetza hitzarmena da gizonarentzat. Bere menpeko emakume bihurtzeko asmoz, zeregin akademikotik eta idazketatik urrundu egiten du narratzailea. Senarrari kontra egiten saiatzen da emakumea, baina indarkeriarekin eta bortxaketarekin erantzuten dio hark.

Artistaren gaztetako portreta ezagunean (1916, A Portrait of the Artist as a Young Man jatorrizkoan), gizarteak, nazioak eta erlijioak aurreikusitakoaren morrontzatik kanpo saiatzen da Stephen Dedalus bere nortasuna eta artea garatzen, horrek erbestea badakarkio ere. James Joyceren nobelak bezala, Meena Kandasamykere (Chennai, India, 1984) gizarte arauei aurre eginez bere buruaren baieztapenera daraman protagonistaren bidaia azaltzen digu. Baina errealitate garratz eta zailago batean kokatzen du hura idazle indiarrak When I Hit You: Or, A Portrait of the Writer as a Young Wife lanean (2017, Jotzen zaitudanean, edo idazlearen emazte gazte portreta). Giza eskubideen aldeko agentziek zabaldutako datuen arabera, 34.651 bortxaketa kasu salatu zituzten iaz Indian —6 eta 70 urte arteko emakumeak ziren—, baina kopurua askozaz handiagoa dela uste dute adituek. Gizarte presioagatik, baita hainbat bortxaketa familiaren eta ezkontza beraren barruan gertatzen direlako ere, biktimek ez dute indarkeria horren berri ematen. Testuinguru horretan, hots, emakumeen kontrako indarkeria onartu eta normaldu duen gizarte batean kokatzen du Kandasamyk bere izengabeko narratzailearen burujabetasunaren aldeko borroka.

«Senarrak aske utzi nau... Postontzian neuzkan 25.600 mezu inguru ezabatu ditu. Kolpe bakarrean... nire idazle bizitzari buruzko dena desagertu egin da». Ezkondu eta jarraian, ezezaguna zaion hiri batera bizitzera eramaten du senarrak. Orduan hasten dira haren ahots, adimen eta gorputzaren kontrako erasoak; haren nortasunaren deuseztapena. Tokiko hizkuntzan mintzatzeko ezgai, barazkiak eta garbikariak erostera joaten denean ahoska ditzakeen hitz apurrak kenduta, inkomunikatuta bizi da narratzailea. Posta helbide elektronikoa bere esku uztera behartzen du senarrak. Facebook-en duen profila, batik bat publizitate kontuetarako erabiltzen duena, itxi egiten dio. Sakelako telefonora egiten dizkioten eta egin ditzakeen deiak kontrolatu egiten dizkio.

Bere burua hondorik gabeko zuloan erortzen ikusten du narratzaileak. «Itxaropenak neure buruaz beste egitea eragozten dit. Itxaropena ihes egitea eragozten didan buruko ahots adeitsua da. Itxaropena da ezkontza honetara kateaturik naukan traidorea».

Protesta egiten duenean, ideia komunistekin erantzuten dio senarrak, bere ekintzak, funtsean bere sadismoa, justifikatzeko. Bien bizitza bat bera da orain, eta bietatik senarra da haren esanahia ulertzen duen bakarra. «Bere postontzia zabaltzen du, eta bere mezuak bion izenean erantzuten aritu dela erakusten dit. Nire izena ikasle, lagun ekintzaile, lankideei egindako liburu-gomendio, ikasketa poskolonialen inguruko konferentzia baten gaineko mezuetan, edozein kaka zaharrerako erabili duela konturatzen naiz. Goragalea jartzen dit. Nortasuna lapurtu didatela sentitzen dut. Jadanik ez naiz ni beste norbaitek nire burua eta bizitza hain erraz bere egin baditu, ni dela uste badu, sabai beraren azpian bizi garenean».

Ezezagunekin adeitsu jokatzen du senarrak, baina ez du adeitasun hori emaztearekin azaltzen. Bekokia iluntzen zaio «burges txiki poeta-prostituta-emakumezko-idazlearen» maneratzat jotzen dituen horiek emaztearengan sumatzen dituenean. Akatsak aurkitzen ditu egiten duen edozertan, eta, koldarrek bezala, emaztea jotzeko aitzakia gisa erabiltzen ditu.

Maskulinitate toxikoa

Pasarte batean, Indiako maskulinitate toxikoa disekzionatzen du nobelak, sexu errepresioaren genealogia laburra eskainita, Gandhirekin hasi eta egungo lehen ministroarekin bukatu. Kastitate publikoa ezinbesteko ezaugarria da santutasunerako, edo nobelan esaten zaigun bezala: «Eiakulatzea zikiratua izatea zen». Edozein delarik bere ideologia, Indiako agintariak ezkongabe itxura eman behar du, eta emakumeak bere menpe mantendu.

Jipoi batek besteari jarraitzen dio; klase ertaineko egunerokoaren parte diren tresnak erabiltzen ditu senarrak arma gisa: garbigailuko tutu malgua, narratzailearen ordenagailu eramangarriaren kablea. Senarrak bortxatzen duenean, zoruari begira bere burua ahazten ikasten du narratzaileak. «Batzuetan, nire bagina diru xehea bezala erortzen imajinatzen dut. Ez du txin-txin hotsik egiten; modu heze, mamitsu, isileko batean erortzen ikusten dut».

Gurasoekin eta poliziarekin hitz egin, eta gauza bera esaten diote narratzaileari: egokitu zaiona onartzea eta isiltzea espero dute harengandik. Orduan ohartzen da bakarrik dagoela, hitzaren zentzu hertsian. Bere burua salbatu nahi badu, bere kabuz egin beharko du. Orduan hasten da askatasunerako bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.