Emakume langile baten historia

Bi hilketatan parte hartu izana egotzita, kartzelan izan zen Grace Marks; Margaret Atwood idazle kanadarrak haren kasua berreskuratu du 'Alias Grace' eleberrian.

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Maitaleak sotoan aurkitu zituzten. Ugazabak, Thomas Kinnearrek, tiro bat zuen ezkerreko bularrean. Nancy Montgomery, zeina etxearen zaintzaz arduratu eta Kinnearren maitalea baitzen, aizkora batekin buruan jo zuten, eta eskuekin ito. Autopsiak azaldu zuenez, Montgomery pare bat hilabeteko haurdun zegoen. 1843ko uztaila zen Goi Kanadan, gaur egun Ontario probintzia den horretan kokaturiko kolonia britainiarrean. Kinnearrek, eskoziar jatorrikoa bera, landetxe bat zeukan, Torontotik ia hogeita sei kilometrora. Hilketen berria zabaldu zenerako, etxeko bi zerbitzariak, 20 urteko James McDermott eta 16 urteko Grace Marks, desagertuta zeuden. Irlandar etorkinak ziren biak, eta aste batzuk lehenagotik zebiltzan Kinnearrentzat lanean. McDermott Kanadako erregimentuan soldadu ibilia zen aurretik, eta Marks zerbitzari aritua zen hainbat etxetan.

Poliziak hasieratik argi zuen McDermottek eta Marksek zerikusia zutela hilketekin. Biek parte hartze bera izan zutela frogatzea, ordea, kontu konplikatua zen —epaiketan, Marksek berak eta lekukoek bertsio kontrajarriak eskaini zituzten—, eta gaur egun ere misterio bat da oraindik ere. Hilketak jazo eta handik gutxira atxilotu zituzten bi zerbitzariak, mugaz bestaldean. McDermotti lehen graduko hilketa leporatu zioten, eta Marksi, berriz, konplize lanak egin izana. Biek ala biek heriotza zigorra jaso zuten, eta McDermott berehala urkatu zuten. Marksen kasuan, ordea, epailearen bihozberatasuna eskatu zuen epaimahaiak, akusatuaren adinagatik agian, eta bizi osorako kartzelarekin ordezkatu zioten heriotza zigorra.

Guztira, hogeita bederatzi urte igaro zituen Marksek kartzelan. Ez dago argi 1852an zergatik bidali zuten Probintziako Eroentzako Babes Etxera. Aukeretako bat da kartzelan ohikoak ziren tratu txar eta zigor gogorrek Marksen buru osasunean eragina izan zutela. Babes etxeko zuzendariak zalantza zuen ez ote zen dena amarru bat. Hamabost hilabete geroago, Kingston kartzelara itzularazi zuten Marks. Margaret Atwood idazleak (Ottawa, Kanada, 1939) azaldu duenez, kartzelaldian Marksek erakutsitako jarrera onberarekin hunkituta, hura askatzearen aldeko gutunak idatzi zituzten garai hartako hainbat pertsona ezagunek. 1872an barkamena eman zioten. Erregistroen arabera, New Yorkera alde egin zuen hurrena, eta hortik aurrera zer gertatu zen inork ez daki.

Marksen aztarna desagertu eta mende bat geroago, haur zenetik pobrezia gorria eta gizonezkoen tratu txarrak jasan zituen emakumearen historia berreskuratzeari ekin zion Atwoodek. Horren emaitza da Alias Grace nobela (1996). Atwood ez zen izan Graceren gainean idazteko interesa agertzen lehena. Goi Kanadako hilketak gertatu eta urte batzuetara, Ontario lakuaren inguruko bizimoduaren gaineko Life in the Clearings Versus the Bush liburuan (1853, Bizitza lautadan versus bizitza mendian), garai hartako kanadar gizartearen arreta erakarri zuen emakumearen soslaia eskaini zuen Ingalaterratik emigraturiko Susanna Moodiek. Krimen odoltsuak egitea emakumeen naturaren kontrakoa zela uste zuten orduan, eta, gertatzekotan, arrazoi posible bakarrak eromena (histeria) edo gizonezkoren baten eragina (engainua) ziren. Moodiek azken horren alde jo zuen. Bazen beste aukera bat ere, Graceren kontrako epaian batek baino gehiagok babestu zutena: emakume langileak, bere langile egoeragatik, emakumezkoenak ez ziren joerak eta aldarteak erakusten omen zituen. Hots, animaliago zen emakume baino.

Garai hartako diskurtsoei heltzen die Alias Grace-k, klasearen eta generoaren intersekziotik sortu zirenei batik bat, haiek egiaztatzeko baino gehiago zein botere egituren adierazgarri diren azaltzeko. Prozesu horretan, eta bigarren zein hirugarren korronte feministek genero ikuspegiari egindako ekarpena aintzat hartuta, ondokoa azaltzen du: nola ukatu zitzaien emakumeei beren historia kontatzeko aukera, nola zentsuratu eta zapaldu diren haien emozioak histeria eta kontrola-galtzea bezalako diagnosien bidez, eta nola klandestinoki eta kode propioak erabilita komunikatu behar izan diren haien artean.

Medikuarekin solasean

Graceren eta hura aztertzeko interesa duen Simon Jordan mediku gaztearen arteko solasaldi moduan egituratuta dago Alias Grace. Eromena eragiten duten faktoreak ikertzen dihardu Jordanek; bere garaikideen metodoekin eszeptiko, bere helburua da buru-gaixotasunei tratamendu egokia eskainiko dien erakundea sortzea.

Graceren kasuak bere ikerketan aurrera egiteko aukera eskaini diezaiokeen uste irmoa du; emakume gazteak ez du hilketen eguneko xehetasun bat bera ere gogoratzen, eta bere inpresioa da, erreprimituriko oroitzapenak berreskuratzen lagunduz gero, gertaerak argitu ez ezik, Graceren buru-egoeraren diagnosi zehatzagoa egiteko gai izango dela. Hots, errugabea den ala ez argitu ahal izango duela.

Solasaldian zehar, ordea, ikerlari eta ikertu rolen arteko muga ez da hain argia izango. Jordanek enpatia handiz zuzentzen du saioa, batetik pertsona delako eta, bestetik, bere buruari onartu ez badio ere, Gracerekiko sexualki erakarrita sentitzen delako. Azken horretaz jakitun da Grace; batez besteko gizona baino sentiberatasun handiagoa erakusten badu ere, Jordanek, gainerako gizonen antzera, ez du Grace benetan nor den jakiteko interesik. Bere buruan Graceri buruz sortu duen irudia —desio duen Grace—Gracek berak baieztatzea besterik ez du nahi. Azken horrek, ordea, kontakizunaren kontrola bere gain hartu, eta Jordanen desioa asegabe utziko du.

Grace errudun ala errugabe zen, nobelak ez du argitzen. Aitzitik, pobre zein emakumezko izateagatik gizarteak lehenik eta epai-sistemak zein kartzelak gero nola biktimizatu zuten azaltzen du Alias Grace-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.