Neskak Blues Rock jaialdia

Emakume musikariei bultzada, landagunean

Neskak Blues Rock jaialdia egingo dute bihar, Urzainkin. Naizen elkarteak zabalduko du ekitaldia, eta bi kontzertu nagusi egongo dira

Ane Eslava.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Emakumeen sorkuntza bultzatzea eta landa eremura kultur proposamenak eramatea. Horiek dira bihar Urzainkin (Nafarroa) egingo duten Neskak Blues Rock jaialdiaren bi helburu nagusiak. Hirugarren urtea du, eta egitarauak bi kontzertu nagusi ditu.

Jendez husten ari den eremu batean dago Urzainki, Erronkari bailaran. Ondorioz, kulturaz gozatu nahi dutenek ez dute handik mugitzea beste aukerarik. Hori ikusirik, herriko zenbait lagunek musika haraino eramatea erabaki zuten; hala sortu zuten Neskak Blues Rock jaialdia, orain dela hiru urte. Ideia, halere, lehenagotik zetorren, Eneko Egiguren antolatzaileak adierazi duenez: «Herriko jaietan, igandean, taldeak ekartzen genituen urtero, baina erabaki genuen beste izaera bat ematea kontzertuari, eta formatu txikiko festibal bat sortu genuen. Aldi berean, NSK elkartea eratu genuen, beste elkarte batzuekin sareak sortzeko».

Naizen elkartearekin

Hasieratik argi ikusi zuten, halaber, aldarrikapen zentzu bat eman behar ziotela egitasmoari, eta erabaki zuten festibala emakume musikariei aitortza egiteko baliatzea. Hala, urtero andreek osatutako taldeak baino ez dituzte eramaten ekitaldira. Aurten, gainera, Naizen adingabe transexualen familien elkartea gonbidatu dute jaialdira, talde horrek egiten duen lanari balioa eta zabalkundea emateko. Goizean, bermut saioa izango da Marta Iron errioxarrarekin, eta, arratsaldean, Naizeneko kideek festibala aurkeztuko dute, 19:30ean. Jarraian, Vera Alonso arituko da kantuan, bere burua edertasun lehiaketa batera aurkeztu zuen EAEko lehen emakume transexuala. Haren ostean taularatuko dira talde nagusiak: Aurora & The Betrayers rock, pop eta soul talde madrildarra, eta Peaches Staten & Bluz Explosion estatubatuarra.

Urzainkin 60 lagun baino gutxiago bizi dira; abuztuko lehen igandean, ordea, 900 lagun inguru hartzen ditu herriak. Baina, Egigurenek aipatu duenez, haiek jaialdi txiki bat izaten jarraitzea nahi dute; besteak beste, herriak ez duelako nahikoa azpiegiturarik jende asko jasotzeko. «Herrian kalitatezko kultur eskaintza berezi bat izatea da gure helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.