«Tristea da, baina kontzertuen inguruan ezagutu ditudan emakumezkoak, gehienak izan dira kontzertua hasi aurreko afaria prestatu digutenak». Detaile bakar bat, eta gordin bezain garden azaleratu du Olatz Salvador musikariak Euskal Herriko musika eszenaren genero bereizketaren erretratua Durangoko Azokan. Mahai ingurua antolatu du Musika Bulegoa elkarteak Emakumearen presentzia musikaren industrian, COVID-19aren garaian titulupean, eta Salvadorrekin batera, bertan izan dira gaiari buruz hizketan Saioa Torre kultur teknikaria eta Iratxe Reparaz DeepSoda proiektuko arte zuzendaria, hirurak Leire Palacios kultur kazetariaren gidaritzapean. Guztiek ezagutu dute bertatik bertara Salvadorrek deskribatutako giro hori, eta guztiak etorri dira bat horri aurre egiteko emakumezkoen lanari presentzia sustatzeko beharrarekin. Ez dute horrek sortzen dien barne borroka ezkutatu, ordea.
«Orduan, kupoen alde edo aurka?». Mahai ingurua hasi eta gutxira atera da programazioan emakumezko sortzaileei leku bat ezartzeko betebeharrari buruzko gaia, eta espero baino lehenago mahai gaineratu ahal izan du galdera, horregatik, Palaciosek. Baietz hirurek, beharrezko direla, baina deserosoak ere izan daitezkeela. Salvador: «Programatzaileen aldetik jaso izan dudana izan da berdin duela musikari ni izan edo Izaro izan edo beste edozein». Esplizituki ere adierazi izan diote inoiz emakume izateagatik gonbidatu dutela emanaldira, eta mingarri egin zaio hori. «Zeure burua are gehiago kuestionatzera zaramatza horrek; ez dakizulako deitu zaituzten zure musikaren kalitateagatik, edo emakumea zarelako».
Trantsizio une bat
Egungo emakumezko sortzaileei trantsizio egoera bat bizitzea suertatu zaiela uste du Torrek. «Eta ez da momenturik ederrena». Baina eszena eraldatzeko beharrezko jo ditu kuotak eta kupoak. Erreferenteak sortzen laguntzen dutelako, batez ere.
Donostia 2016 proiektuan aritu zen lanean Torre, Oreka TX proiektuaren parte izandakoa ere bada, eta egun Getxoko Udalean dabil kultur teknikari, eta bertan harrapatu du pandemiak. Azaldu duenez, berdintasunari ere kalte egin dio koronabirusak, erabaki asko «ziztu batean» hartzera behartuta egon baitira programatzaileak, eta horrek neurri zuzentzaileak ahaztera eraman baititu maiz. Berari gertatutako bat jarri du adibidetzat. «Di-da batean programatu genuen ziklo batean, bat-batean, ohartu nintzen ez zegoela emakumerik. Niri ez zait hori gertatzen, baina eskapatu zitzaidan, pixka bat, baina eskapatu zitzaidan». Presioagatik. Egoeraren bortitzagatik. «Hori nik, gaia barneratuta dudala; beraz, gaia presente ez dutenek suposatzen dut emakumeak erabat ahaztu dituztela».
Erakundeei kultura laguntzeko eskari orokorrarekin batera, berdintasunaren alde egiteko neurriak ere eskatu dizkiete.
Zulo ekonomikoak
Tristura eta kexak. Bi elementu horiek nabarmendu ditu Torrek pandemia sasoiko kulturgintzaz galdetuta. «Psikologo lana ere egiten ibili behar izan dugu. Asko jaitsi da morala, haserrea ere pilatu da; bertan behera geratu direlako gauza asko eta asko tristatu da horrekin jendea, eta kexa asko ere heldu zaizkigu».
Zailtasun ekonomikoak ere aipatu ditu Salvadorrek. Skakeitan taldearekin diskoa kaleratu zuen musikariak iazko urte amaieran. «Salto handia izan zen». Pandemiak kolpean utzi ditu lur hartzeko lurrik gabe, ordea. «Inbertsio handia izan zen». Kontzertuz beteta zuten uda, Mongoliara joatekoak ziren, Koreara, Japoniara... «Dena‚ erortzen ikusi genuen. Zorrak ditugu taldean oraindik, eta zulo bat izan da». Bere bakarkako proiektuari esker eutsi ahal izan dio berak, eta lanez lepo dabilela ere esan du. Badakiela, ordea, egoera indibidual goxo hori iluntasun orokorrago baten printza besterik ez dela.
Kamerinoetako tentsioa
Ezagun du Salvadorrek egindako gizonezkoz betetako eszenaren erretratua Iratxe Reparazek ere. DeepSoda proiektuan dabil bera, eta arte zuzendari lanak egiten ditu bertan, nagusiki. Urteak daramatza musika munduan murgilduta, ordea, eta maiz suertatu zaio 20 mutileko taldean emakumezko bakarra izatea. «Kamerinora sartzen naizenean igartzen dut urduri jartzen direla nire presentziarekin, eta ni ere urduritu egiten nau horrek. Deseroso jartzen dira. Ohituta daude mutilen artean egotera, eta emakume bat agertzearekin pentsatzen dute beren jarrera aldatu behar dutela edo halako zerbait, nahiz eta ez den hori kontua». Reparazen hitzetan, ordea, lasaitu egiten da berriz giroa bat-batean. «Neskak gustatzen zaizkidala jakiten dutenean, orduan aldatzen da dena».
Saretzearen beharraz aritu dira hizketaldian hiru hizlariak, eta baita esperientziak partekatzeko beharraz ere. Baikor begiratu diote etorkizunari, eta aurtengo urtea laburbiltzeko irudi grafiko bat utzi du Reparazek. «Nik ikusten dut urte bat laua, eta ni korrika hor, motel-motel, eta uneren batean hasiko dela hobetzen».